Uxue Alberdi eta Eider Eibarren elkarlanaren emaitza da Elkar argitaletxeak plazaratu duen Poza album ilustratua. Hamar bertso eta irudiren bidez, “pozari kantatzea” helburu duen egitasmoa da honakoa. Alberdik jakinarazi zuenez, “liburua kontatzeko baino kantatzeko egokiagoa izan daiteke”. Eta horrek badu bere logika; izan ere, Iban Urizar Amorante musikariak konposatu du album ilustratuan oinarritutako kanta, liburuaren osagarri. Kantua en-tzungai dago Youtuben, Alberdi eta Urizarrek abestua.
Zortziko txikian ida-tzitako hamar bertsoz osatzen da Poza. Uxue Alberdik idatzitako hamar bertso dira, zortzi poz diferenteei jarriak. “Liburuak ez du poz bakarrari buruz hitz egiten, hain justu, zortzi poz diferenteei loturiko xomorroak daude”, azaldu du Alberdik. Pozaren inguruko istorio ezberdinak azaltzen ditu bertsolariak, intsektuen bitartez. “Bertan aurkitu daiteke marigorringo poza, lotsarekin lotzen duena; matxinsalto poza, gol bat sartu ondoren sortzen zaigun poz edo euforia hori irudikatzen duena; edo inurri poza, kreatibitateari lotuta dagoena...” . Horrelako beste bost xomorrori loturiko poz ezberdinak azaltzen ditu bertsolariak albumean: kilker poza, tximeleta poza, ipurtargi poza edo helduei keinu egiten dien erle poza. Azkenengo hau, gorputzaren plazerrarekin eta masturbazioarekin erlazionatu du bertsolariak.
Eider Eibarrek egin ditu liburuko ilustrazioak, animaliak eta inguru naturaleko elementuak baliatuz, hostoak erabiliz, zenbaitetan dimentsio desberdinetako ikuspegiak sortuz. Alberdiren bertsoetan agertzen ez den pertsonaia bat sortu du Eibarrek orrialdeei lotura bat emateko. “Haur bat sortu dut eta orrialde guztietan agertzen da, bera da xomorro guzti horiekin interakzioa daukana. Guri erakusten digu bere inguruan dagoena, baina bere istorioa ere badu”, jakinarazi du ilustrazioen egileak.
Alberdiren esanetan, kontakizunari “zen-tzua” ematen diote Eibarren marrazkiek, koloreek eta erantsitako ideia berriek. “Oso ederra da liburua objektu bezala”, gaineratu du Alberdik. Izan ere, ilustratzaile zornotzarrak apustu handia egin du proiektu honetan. Teknika ezberdinak erabili ditu eta koloreei berebiziko garrantzia eman die. “Jolasten saiatu naiz eta aspaldi erabiltzen ez nituen eskuzko teknikak erabili ditut”, kontatu du irudien egileak. Akuarelak, akrilikoak, tenperak, errotulagailuak, hostoak eta loreak erabili eta nahasi ditu marrazki koloretsu eta erakargarriak lortu dituen arte.
Haurrei edo helduei zuzenduriko lana ote den galdetuta, Alberdik zera dio: “Haur literatura, helduen literatura? nik ez dut banaketa horretan sinisten, merkatu banaketa bat da, ez artistikoa. Batik bat parteka-tzeko eta haurrekin gozatzeko lan bat da, bakoitzak aterako dio gauza desberdin bat. Baita helduek ere, jakina”, Alberdiren ustez. Eibarrek, bere aldetik, album ilustratuak haurrekin lotzen direla onartu arren, berak, pertsona heldua izanik, erosten eta irakurtzen dituela onartu du: “Poza identifikatzeko gai bazara, liburuaz gozatzeko ere bai”, uste du ilustratzaileak.
MUSIKA PROPOSAMENA Proiektuak badu bere proposamen musikala, Iban Urizar Amorante-ren eskutik datorrena. Izan ere, liburuarekin batera, album ilustratuan oinarritutako abestia eta bideoklipa egin eta zabaldu dute Youtuben. “Liburuaren testuak eta ilustrazioak elkarrekin istorio bat kontatzen dute eta gero, aparte kantu bat dago liburua aurrean duzula entzun daitekeena, edo ez. Kantu soil bat balitz bezala ere entzun daiteke”, azaldu du Alberdik. Afrikar estiloko koru, marinba eta perkusioek istorioaren beste ikuspuntu batzuk erakusten dituzten arren, zortziko txikian idatzitako bertsoak direnez, hainbat doinu desberdinetan abestu daitezke, Maritxu nora zoaz edo Orioko balearen doinu ezagunekin, adibidez.
Momentuz liburuko 4 bertsok baino ez dute animazioa, baina guztiei bideoklipa egiteko asmoa dute albumaren egileek. “Arazoa denbora izan da”, aitortu du Alberdik. Hala eta guztiz ere, edozein doinutan kantatu daitekeen albuma da. “Niretzako Poza izeneko album bat kantatzekoa izateak ere badauka bere puntua, kantua pozarekin lo-tzen baitut”, agertu du egileak.