Gizakiaren obsesiorik gogorrena transzenden-tzia dela esango nuke, ez konformatzea garai zehatz batean bizitzeko eman zaizkion baldintzekin, oin azpian zapaltzen duen lurrarekin, garuna berotzen dioten sinesmenekin, eta ulermen sakonago eta osoago batera abiatzeko ausardia edukitzea. Iraupen eta disfrutatze hutsaren dikotomiatik landa, zerbait utzi nahi izan du ondorengo aroetarako, horrela bizitzari zentzua ematen ziolakoan edo, gutxienez, bere zentzu ezaren absurdoa amiñi bat murrizten zuelakoan borborka zegoen kon-tzientziaren erdian. Ume mordo bat, basoak, etxeak, asmakizunak, partiturak, eskulturak, filosofia bat, ikerketa humanitarioak, aholkuak, idealak? denetik dago transzendentziaren botikan, baina kurioski, gauza gutxi daude hitzak daukan prestigioa daukatenak geroko denboretarako ekarpen pertsonala uzteko orduan.

Hitzak daukan misterioa, ebokazio ahalmena gauza gutxik daukate. Ezaugarri horien gainean idatzi da munduko literatura guztia, eta gizakiari bere pentsamenduak, sentipenak, izuak eta abarrak finkatzen lagundu diolako iraun du denboran: idatzitako hitza bihurtu delako hilezkortasunaren bermea. Betiko iraun dezakeen ekintza, gure betiko hori belaunaldi bat edo bi izan arren: baina badira idatzi eta bi edo hiru mila urte aurkituak izan diren hi-tzak, nork eta non idatzi zituen zehatz-mehatz agertzen digutenak! Eraikinak erori egiten dira, hiriak lurrak irensten ditu, zubiak lurrikarak eraisten; liburuak, ongi jositako orri sorta horrek iraun egiten du, etorkizunaren itsasora jaurtiak izan ziren botilen gisan.

Transzendentzia baldin bada existitu izan garela paper batean idaztea, transmutazioa pertsona egiten gaituen gorputzez landa munduaren osagarrietan ere existitzen garela adieraztea da, ezer ez dagoela bereiz unibertsoan, dena bat dela, forma ezberdin guztiak espiritu berberaren hariak lotuko balitu bezala. Ekialdeko ikuspegi irekiagoak gure mendebaldar kultura judu-kristauari egin dion opari liluragarria da, hasi filosofia bere zentzurik zabalenean hartzen duten liburuetatik, eta poesiaraino, Ko Un poeta korearraren antologian aurki daiteken bezala. Ordu batzuk hildako poetekin deitzen da, oraingoz espainolez soilik badago ere. “Duela mila urte ni zu nintzen, mila urte ondoren zu ni zara”, idatziko du denboraren pertzepzio post-industriala guztiz gaindituz, beste ahapaldi honetan bezala: “Annapurnako gailurrera noa, Himalayan, ni hemen egona naiz duela mila eta bostehun urte”. Ura izango da, bat-batean, poeta: “Zu ura bazara urtzen denean, uraren hotsa izanen naiz ni. Biharamunean ur bihurtzen banaiz zu izango zara hotsa”, edo eraikinen osagarririk xumeena, “Hiri harroputz honetan ez nintzen, artean, hondakinen adreilu zati bat baino”.

Koreako idazlerik onentsuena izan arren, ez du etorkizun loriotsurik espero: “Ez naiz inoiz gizaki bezala birjaioko, pizti bihurtua jaiotzea hobe, eta ez animalia handia ere, hobe ttikia izatea, ameba ikusezin bat, adibidez”. Munduaren hauskortasunaz kontziente, “Zein tristea hilezkortasuna, mundua suntsitzeko egina baitago!”, moralik ez dela existitzen jakitun, “Udaberria badoa, bekatariago izan behar dut munduan nagoen bitartean”, eta solemnitate oro arbuiatuz, “Dantzan eror-tzen dira udazkeneko hostoak, ni ere dantzan joango naiz mundu hau uztean”, liburu eder, misteriotsu eta harrigarria oparitu digu transmutazioaren maitaleoi.