MARIA eta bere familia metalezko pareta handi baten aurrean bizi dira. Tijuanako emakumeak zera ikusten du etxeko leihoak irekitzen dituen bakoitzean: harresi handi eta luze bat. “Baina ez da beti hala izan”, gogoratu du Mariak, “lehen mendixka ederrak genituen aurrean. Mugaren beste aldean bizi ziren bizilagunekin ederki asko aritzen ginen solasean. Beste aldera igarotzen genuen, jakin gabe herrialde berri batera zeharkatzen ari ginela”, erantsi du andreak. Mexikoren eta Amerikako Estatu Batuen arteko harresiak Tijuana eta San Diego hiriak banatzen ditu.

Metalezko eta latorrizko murruak herensuge bat balitz bezala zeharkatzen du mugalde osoa. Hormak, gainera, natura desafiatzen du eta itsasoan ere barneratzen da. “Pareta honek bi komunitateak banatu ditu zeharo. Dagoeneko ohitu gara, baina hasieran oso gogorra izan zen gure anai-arrebak ziren ondoko bizilagunengandik banatzea”, irizten dio Mariak.

Izan ere, emakumearen anaia San Diegon bizi da, eta ez du hura ikusteko aukerarik. Mariaren anaia, Pedro, amets amerikarrari jarraituz joan zen AEBetara. Gizonak supermerkatu handi batean lan egiten du eta irabazitakoarekin Mexikora diru pixka bat bidaltzeko adina ematen dio. Bizitzaren paradoxak, Pedroren hiru seme - alabak San Diegon jaio ziren, beraz, estatubatuar petoak dira. Pedrok, aldiz, dokumenturik gabekoen taldea osatzen du. “Harrapatzen badute, edozein unetan deportatu dezakete Mexikora”, azaldu du Mariak. Tijuanatik metro gutxira bizi den arren, gizonak ezin du Mexikoko familia bisitatu, baina arrebarekin egunero hitz egiten du Skype bidez.

GAINBEHERA BETEAN Mariaren familiak direnak eta ez direnak ikusi ditu azken hamarkadetan. “Harresia eraiki zutenetik gure auzoak izugarrizko gainbehera pairatu du. Bizilagun gehienek alde egin dute, ekintza ekonomiko guztiak bertan behera geratu direlako”. Mariak landareak saltzen ditu bere etxearen aurrean. Emakumeak negutegi ederra dauka: “Harresia eraiki zuten arte, Tijuanako lore-saltzaile ezaguna nintzen”, esan du harro, “baina hormak dena geratu zuen”. Kontrara, migrazioaren negozioak gora egin du, aparrak bezala. Mariaren etxearen aurreko harresian zulo handiak daude. “AEBetara zeharkatzeko tunelak egiten dituzte”, azaldu du, “beste asko salto egiten saiatzen dira, baina pareta gero eta altuagoa da”.

HARRIZ HARRI HANDITZEN Azkenaldian albiste askotako protagonista bihurtu da Maria. Izan ere, egun batean bere etxearen aurrean agertu zitzaion Donald Trump AEBetako presidentea. “Harresi berriari buruzko prentsaurrekoa ematera etorri zen. Nik ez nuen ikusi, baina gugandik metro gutxira zegoen”, kontatu du barrezka. Mugaldeko horma ez da Trumpen asmakizuna, ordea. Harresiaren lehen harria Bill Clintonek jarri zuen, eta Obamaren zortzi urteko agintaldian 2,7 milioi pertsona deportatu dituzte Mexikora. Mariak laguntza eskaintzen die hirian blokeatuta dauden Hegoamerikako migratzaileei, baita AEBtik deportatzen dituzten mexikarrei ere. Astean hirutan Sin Papeles erakundearen egoitzara joaten da eta jatekoa eramaten du. “Tijuana enbutu handi bat bihurtzen ari da. Alde batetik, amets amerikarra betetzeko iristen diren pertsona guztiak daude, ez aurrera ez atzera egin ezinik. Bestetik, berriz, mugaren beste aldean kanporaturiko paperik gabeko mexikarrak iristen dira”. Tijuanak, San Diegoren ondoan, muga itxien politikaren kontraesan guztiak biltzen ditu.

Baina mexikarrek ez dute amorerik ematen. Igandeetan, harresiaren alde bateko zein besteko familiek bat egiten dute hormaren bi aldeetan. Elkar ukitu gabe. Janaria eraman eta pic-nic inprobisatuetan elkarren berri ematen dute. Batzuk pozarren agertzen dira, beste batzuek, berriz, ezin diote negarrari eutsi. Mariaren eta Pedroren begiradek ere bat egiten dute. Hain hurbil, eta, aldi berean, hain urrun.