Heriotzari buruzko hausnarketa da Heriotza bikoitza (Doble malta) antzezlana. Heriotzari, eta baita bizitzari buruzkoa ere, bizirik hiltzeari buruzkoa, eta, zergatik ez, heriotzaren ostean zabaltzen diren ateei buruzko hausnarketa ere bai. Ze Onda konpainiak estreinatu berri du lana eta Eneko Sagardoi eta Miren Gaztañaga antzezleak ditu protagonista. Istorioa Jon Ander Alonsorena da eta sorkuntza, berriz, kolektiboa izan da.

Jon Ander Alonsok aspalditik zuen heriotzaren gaia lantzeko asmoa. Duela urtebete jaso zuen lehengo diru-laguntzak bultzada eman zion. Lanaren oinarria Bizitza eta heriotzaren liburu tibetarra liburua izan da, eta hori eskuan zuela, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoi aktoreak batu zituen. Biak heriotzaren gaiaren bueltan ibilitakoak ziren aurretiaz. Kasu honetan, fikzioak eta errealitateak partekatzen duten lerro finean dihardute aktore biek. Lehenengo pertsonan hitz egingo dute, mintzaira poetikoa erabiliz, absurdoa tartekatuz. Gorputzak, soinu giroa eta irudiak elkarren gainean jarriko dira, oholtza bizitzaren eta heriotzaren puskez beteko delarik.

Jatorrizko ideia Alonsorena izan bazen ere, sorkuntza kolektiboa izan du antzezlanak. “Zentzu horretan, guztion paperak mimetizatu egin dira eta momentu batean zuzendaria eszenografo bilakatu da, eta horrek prozesua aberastu egin du”, uste du Alonsok. Egonaldi ezberdinak egin dituzte eta inprobisazioak eginez antzezlana eraikitzen joan dira.

Aktoreak, biluzik Aktoreen bizipenetatik ere eraiki dute obra: “Aktoreok geneuzkan esperientzia propioetatik abiatuta eta liburuak zekartzan kontzeptuetatik sormen lana egin dugu”, azaldu du Eneko Sagardoik. Izan ere, Sagardoi eta Gaztañagak oholtzan botatzen dituztenak haiek bizi izandakoak dira: “Esaten ditugun gauzak gure-gureak dira; baina era berean, ez dugu esango geu garenik, nahiz eta pertsonaiak Eneko eta Miren deitu”, kontatu du Sagardoik. Halere, jarrerak, pentsamenduak eta kezkak aktore biek oholtzatik kanpo dituzten berberak dira. Aspektu hau izan omen da aktoreei gehien kostatu zaiena, oholtzan “inoiz baino biluziago” agertzen direla nabarmendu baitu Sagardoik.

Heriotzaren gaiak tabua izaten jarraitzen du oraindik. Eta Alonsok tabu horri aurre egin eta taula gainean horren inguruan hitz egin nahi izan zuen. “Muturrean sentitzen diren gaien” inguruan hausnartzea interesatzen zaio Sagardoi berari ere: “Heriotzak hutsuneak sortzen dizkigu; heriotza topatu izan dugu bidean, eta ia beti esperientzia gogorrak izan dira. Heriotzaren aurrean lekuz kanpo sentitu gara”, dio aktore durangarrak. Hala, antzezlanean hitz egiten da heriotzari modu desberdinetan begiratzeari buruz. Hasieratik argi izan dute, halere, ez zutela inor epaitu nahi: “Ez dugu egia bat, heriotza gai demokratikoa da”.

Antzezlanaren formari dagokionez, Heriotza bikoitza ez da proposamen ohikoa, obra honek ez baitauka hari narratiborik. Alonsoren esanetan, “hausnarketa sakona proposatzen da, heriotzaren inguruan dauden faktore ezberdinez.” Heriotzaz berba egiten dute, baina baita bizitzaz ere: “Mendebaldean bizitzak nola planteatzen ditugun ere aztertzen da, horrek baldintzatzen baitu gure heriotza”.

Ikus-entzunezkoa, presente Aipatzekoa da obra honetan ikus-entzunezkoak duen pisua. “Ikus-entzunezkoa aktore bat gehiago da”, azpimarratu du Alonsok. 7 terdi taldea izan da ikus entzunezkoaren lengoaia antzerkira egokitzeaz arduratu dena. Hala, ikusleek besaulkitik ikusten ez dutena irudiaren bitartez ekarriko dute. Izan ere, Eneko Sagardoi eta Miren Gaztañaga aktoreez gain, beste aktore bat dago oholtzan, kamera eskuan. Azken hori antzezlanean gertatutakoa grabatzen arituko da eta oholtzan dauden bi monitoreetan emitituko da unean bertan. Era horretan, “ikusleak oholtzan gertatzen denaren beste ikuspuntu bat izango du”, azaldu du Alonsok. “Hitzen eta mugimenduen bidez kontatzen denaren beste ikuspegi bat, alegia”.

Sormen kolektiboa izan bada ere, Jon Ander Alonso arduratu da kanpo begirada lantzeaz eta Mikel Zumeta dramaturgiaz. Paula Olazek sortu du soinu espazioa, Arantza Floresek argi diseinua landu du eta eszenografia Alvaro Ledesmaren ardura izan da. Ez-ohiko antzezlana dela kontuan izanik, taldearen “hizkuntza propioa” aurkitu dutela uste dute taldekideek.