Haurtzarotik komiki eta marrazki zale amorratua, horixe bihurtu du bere bizimodu Joseba Larratxe ‘Josevisky’-k (Irun, 1985). Ikasten ari zen garaitik hamaika hedabidetan kolaboratu izan du komiki tirak argitaratuz eta karrera amaitu zuenean ilustrazioaren munduan sartu zen. Hainbat idazleren gidoiak marraztu ditu Xabiroi komiki aldizkarirako. Horrez gain, Waking izeneko komiki labur bat argitaratu zuen 2015ean, Vertigo argitaletxe estatubatuarrarentzat. Han-hemen egin dituen ilustrazioen lagin bat jarri du ikusgai Irunen paratu duen erakusketan.
Zer aurkituko du ikusleak ‘Esan Irudiekin I’ erakusketan?
Nire azken boladako marrazki batzuen aukeraketa bat da. Azken urteetan prentsarako eta liburuetarako egin ditudan lanen aukeraketa bat da. Batez ere, Argia astekarirako egin ditudan azalak dira, baita ere fanzine bateko ilustrazio bat eta liburu baten portada bat.
Zer nahi diezu transmititu ikusleei, aukeratutako pieza horiekin?
Hiru erakusketako ziklo bat da. Nirearen ostean Jon Juarezek apirilaren 28tik maiatzaren 27ra bitarte eskainiko duen erakusketak Esan Irudiekin II izena izango du. Hirugarren artista bat egongo da, baina oraindik ez da konfirmatu. Hiruetan komikia eta ilustrazioa izango dira irizpide eta irudien atzetik artista bakoitzak istorioak kontatzeko duen era desberdina islatuko dugu. Hau da, irudi batek atzean duen historia da aukeraketarako lehen irizpidea. Nire kasuan ez da zaila izan. Egiten ditudan marrazki gehienak, denak ez esatearren, testu bati daude lotuta. Hedabideekin lan egiten dut gehien eta ilustrazioen oinarria beti testu bat izaten da.
Nahiago duzu horrela lan egitea edo gustatzen zaizu erabateko askatasuna izatea?
Arkitektura ikasi nuen eta eskolan beti eginarazten zizkiguten ariketek muga finko batzuk zituzten. Ez dakit akaso horregatik izango den edo ez, baina niri gustatzen zait mugekin lan egitea. Erabateko askatasuna ematen didatenean ere egiten ditut lanak gustura eta ongi moldatzen naiz, baina ez dit bereziki molestatzen inposatutako muga batzuen barruan lan egitea.
Prentsarako egiten dut lan gehien, horrek esan nahi du formatu jakin batera mugatu behar naizela, gaia ere aldez aurretik emana dela, eta denbora jakin batean egin behar dudala. Muga horien barruan, ahal dudan bezala muga horiek gainditzen saia-tzea asko gustatzen zait. Esplizituki gainditu gabe, baina saihesbideak bilatzea irudimena lantzeko modu polita dela iruditzen zait. Horregatik gustatzen zait testuekin lan egitea. Askotan nire burua bertsolari bezala ikusten dut, baliabide edo metafora bisualen bila gai jakin bat irudikatzeko.
Komiki zalea zara txikitatik, baina nondik datorkizu marrazteko zaletasuna?
Txikitatik komikiak irakurtzen nituen eta marrazten nuen. Nire kasuan arraroa da arkitektura ikasi izana, baina nire pasioa eta nire benetako adierazteko modua marrazketa da. Eta marrazketan, komikigintza da benetan nirea kontsideratzen dudan diziplina. Euskal Herrian zaila da komikigintzatik bakarrik bizitzea eta ilustrazioarekin zerikusia duen edozein lan egin dut, animazioa izan ezik: ilustrazioa, aldizkarientzako marrazkiak, komikiak, storyboard-ak?
Arkitektura ikasteak eragina izan du zure marrazteko eran?
Ez naiz oso abstraktua, eta gustatzen zait marrazkiak ongi eraikitzea. Pertsonaien figurek pisua edukitzea eta anatomia nahiko errealista bilatzen dut beti. Nik uste dut arkitektura ikasteak lan egiteko moduan eragin didala gehien. Lan asko egin behar da, eta gainera, zure kabuz, bakardadean. Lanaren diziplina garatzeko ongi etorri zitzaidan. Azken finean, komikilari batek diziplina handia behar du komiki bat hasieratik bukaeraraino egiteko.
Ez dirudi lan batere erraza...
Nik beti esaten dut komiki bat existitzen den filmik merkeena dela. Iruditzen zait komikiek zerikusi gehiago dutela zinemarekin literaturarekin baino. Kontua da komikietan pertsona bakar batek egin dezakeela lan guztia: gidoilari lana, diseinatzailea, argiztapena, aktore lanak... Pertsonaia bat marrazten duzunean haren gestualitatea marrazten duzu, hau da, aktore bati zer egin esaten ari zara. Oso polita da prozesu osoa, baina lanerako diziplina handia eskatzen du.
Komikigintza da zure benetako pasioa, baina ilustrazio lanetan aritzen zara gehien. Aukera gutxi aurkitu dituzu?
Aukerak badaude, baina Euskal Herritik kanpo. Frantziako merkatua da benetan indartsua Europan. Euskal Herrian eta penin-tsula osoan jende asko dago Frantziarako lan egiten duena. Luzera begira, nik buruan dudan ideia da komikiak euskaraz egin, beste hizkuntzetara itzuli eta kanpoan kokatzen saiatzea. Izan ere, istorio handiak kontatzeko, komiki mardula egiteko, modu bakarra da. Egia da komikigintza gogokoen dudan lana dela, baina ilustratzaile lana askoz esker onekoagoa iruditzen zait. Marrazki bakar batekin istorio oso bat kontatu dezakezu. Komiki batekin, berriz, istorio bat kontatzeak askoz lan handiagoa ematen du, eta irakurleak marrazki bakoitzean arreta gutxiago jar-tzen du. Ilustrazio lanak gehiago luzitzen du. Familia berekoak dira, baina aldi berean oso diferenteak, bakoitzak baditu bere mekanismoak.
Euskal Herrian komikigintzak ez du prestigiorik?
Frantzian artetzat daukate, aldiz, hemen, Espainian bezala, haurrentzako entretenimendu bezala hartu dugu komikigintza. Ez zaio garrantzirik ematen. Egia esan, duela hamarkada batzuk oso industria indartsua egon zen, baina galtzen utzi zuten. Ez dugu jakin komikiari prestigioa ematen eta jendea zaletzen. Nire aitaren belaunaldian haur guztiek komikiak irakurtzen zituzten, baina helduaroan irakurtzeari utzi eta seme alabei ez zieten transmititu zaletasun hori. Frantzian, ordea, adin guztietarako komikiak daude. Afizio bat gehiago da.
Egun, irudiz saturatutako gizartean bizi gara. Marrazkiak berreskuratzen ari dira berezko balio hori?
Bai, dudarik gabe. Hala ere, ez dakit zergatik den: irudiak garrantzia hartu duelako edo izugarri demokratizatu delako. Esan nahi dut, gaur egun denok dugu mugikorra, eta argazkia, erreminta bezala, denon eskura dago. Izan daiteke normaltasun horrek gauza bereziak bilatzera eraman duela jendea ilustraziora. Orain aldizkariek marrazkiari garrantzi handiagoa ematen diote. Ni asko pozten naiz, ea ez den moda hutsa eta horrela manten-tzen den.
Joan den urtean ‘Eneko Aritza’ komikia egin zenuen Nabarralde kultur elkartearen-tzat. Uste duzu komikia tresna baliagarria izan daitekeela gure historia jendeari ezagutzera emateko?
Bai, eta ez bakarrik historia ezagutzera emateko, baizik eta edozein arlo jendeari modu didaktikoan eta errazean esplikatzeko ere. Oraintxe bertan beste komiki didaktiko bat ari naiz lantzen, kasu honetan neurozientzia eta ikasketa metodoei buruz. Gai astuna izan daiteke, eta horregatik komikian egitea erabaki du bezeroak. Eta ez da bakarrik haurrentzat izango. Ni neu ez nintzateke gai izango horrelako gai bat irakurtzeko aldizkari zientifiko batean, adibidez, ez nukeelako tutik ere ulertuko eta aspertuko nintzakeelako. Horregatik, komikia tresna ezin hobea iruditzen zait jende guztiari modu errazago batean gai bat azaltzeko.
Arkatza ala ordenagailua?
Ordenagailua oso sofistikatua da. Noski, arka-tza eta papera niretzako munduan dauden gauzarik onenak dira, baina jende askok pentsa-tzen du ordenagailua makina hutsa dela, ordenagailuari esaten diozula marrazki bat egiteko eta egiten dizula. Gaur egun marrazkilariok pantaila ukigarri batzuk erabiltzen ditugu arkatz digitalekin eta paperean marraztea bezala da. Ikatz-ziria, akuarela... Nahi duzun materialaren trazua imitatzen dizu, baina zure eskuak jarraitzen du izaten marrazten duena.
Zure komikietan mangaren eragina nabari da. Japoniako komikien irakurzalea zara?
Ez dut uste estetika oso japoniarra dudanik. Orrialdearen konposaketa eta komikiaren erritmoa hartu dut Japoniatik. Gaur egun, nire belaunaldian sumatzen dut marrazkilariok badugula estiloen nahaste-borraste bat, eta estiloen nahasketa da nirea ere. Erosi nituen lehenengo komikiak Dragoi Bola-renak izan ziren, eta manga ezagutu nuen. Horrek, nahitaez, eragina izan du nire lanean.
Euskal Herrian badaude, adibidez, ‘Xabiroi’ eta ‘H28’ aldizkariak. Komikigintzari bultzada eman diote?
Dudarik gabe. Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi aldizkaria luxua da, eta nago ez dugula gehiegi baloratzen. Egun, Xabiroi bide bakanetariko bat da komiki luzeak modu duinean egiteko. Orain, Asisko Urmenetarekin komiki sail berri bat egiten ari gara aldizkarian eta kapituluka istorio luze bat kontatuko dugu. Merezi du aldizkaria goraipatzea eta aldarrikatzea. Gainera, aldizkari honen inguruan euskal komikilari komunitate bat bildu gara. Aldizkariaren aitzakiarekin gure artean ezagutu dugu elkar. Nik esanen nuke H28 Xabiroi-en ondorioz sortu zela.
Diru-laguntzak falta dira sektorean?
Zinemak daukan laguntza instituzionala ikaragarria da. Eta komikiak duena ez da deus, hutsa ez esatearren. Komikilariok beti esaten dugu pena handia dela, komiki bat egitea askoz merkeagoa delako. Xabiroi-ko koordinatzailea den Dani Fanok esaten du filmak egin baino lehen komikiak egin beharko liratekeela, eta funtzionatzen dutenak pantailara eraman. Hau da, test moduan erabiltzea komikiak. Pelikula bat egiteko behar den diruarekin imajinatu ezazu zenbat komiki egin ahal diren!