JAIOTZETIK datorkidan akatsa da: fikzioa inoiz ez dut gezur gisa irudikatu, eguneroko bizitza inoiz ez dudan bezala egia gisa irudikatu. Neure burua ikusten dut, ume nintzela, pentsatuz bizitza eginbeharrez eta konpromisoz betetako denbora-tarte ilun samar bat zela, tamalez ezbeti gustukoa baina zorionez ez beti benetakoa ere. Eguneroko bizitzari mozorro-dantzaldi baten antza hartzen nion sarritan: zer zen egia rol-joko erraldoi haren barruan? Ez, inoiz ez dut guztiz sinetsi errealitatea lar kontu serioa denik. Izan ere, banuen beste errealitate bat ere, gauez, ohera sartu orduko begien parean agertzen zitzaidana, txapligu eta su-festarik gabe, askoz ere geroago jakin nuena “fikzio” deitzen zela, eta egundo ere ez dudana gezurtzat hartu.

Julio Cortazarrek elkarrizketa batean kontatutakoarekin oroitu naiz: 12 urterekin, Jules Verneren Wilhelm Storitzen sekretua eleberria utzi zion lagun bati, eta handik bi egunera, lagunak, destainaz, “fantastikoegia” zela esanez bueltatu zion liburua. “Deskubritu nuen”,dio Cortazarrek, “naturaltasunez mugitzen nintzela fantastikoa denaren lurraldean, eta lurralde hori ez nuela gehiegi bereizten lurralde errealetik. Protestarik eta eskandalurikgabe onartzen nuen liburuetan gauza fantastikoak gertatzea edo neure bizitzan ere halakoakgertatzea. Eta konturatu nintzen inguratzen ninduen sistema sozialarentzat hori bazela benetan eskandalagarria”.

Sistema sozialak, ondoren, “benetako gertakarietan oinarritua” etiketatxoa asmatu zuen, eta akabo eskandaluak: egiaren eta gezurraren arteko bereizketa esplizitua egin, eta jendea pozik, lan bat gutxiago; ikustera zihoazena, irakurtzera zihoazena, egia zen eta kito, utikan gezurra. Non geratu zen fikzioa? Gogoan dut, eskolan hori zer zen azaldu zigutenean, izugarri lurralde zabal, lauso eta emankorra iruditu zitzaidala, Istorio amaiezina liburu eta filmeko Bastianek bizi behar zuenaren antzekoa: errealitatea, fantasia... non zeuden mugak? Ez baitzegoen mugarik.

Wikipediak dio: “Fikzioa irudimenezko errealitate batean oinarritutako narrazio bat da”. Irudimenezko errealitatea: bi hitz nahikoa, inon dagoen mundurik zabalena izendatzeko. Baina harrigarriena da, orain, idazle batzuek “fikzio” hitza erabiltzeari utzi diotela, gezurraren eta egiaren arteko sokatiran zentratuz euren diskurtsoa, akaso norbaitek konbentzitu dituelako “errelatoaren borroka” egiatik irabazi behar dela, ez fikziotik. “Kontatzen dudanaegia da, ez dago gezurrik batere; nobela zintzoa idatzi dut”, irakurri diot idazle bati duela gutxi, bere azken liburuaren aurkezpenean. “Agian, fikzioaren gezurrak bizitzaren egia gainditzen lagunduko digu”, adierazi du berriki dramaturgo batek, euskal gatazkari buruzko bere obra estreinatu berritan.

Norbait saiatu da gu konbentzitzen, eta guk onartu, fikzioa gezurra dela, ez dagoela erdibideko lurraldeetan ibiltzerik: egia ez dena, gezurra da. Eta egia erabatekoa omen da, gezurra ere erabatekoa omen den bezala. Azkenean, Cortazarrek arrazoi: sistema sozialarentzateskandalagarria da onartzea fikzioa egia iristen ez den tokietara iritsi daitekeela. Eta tokihorietatik zintzotasun handiagoz azaldu daitekeela mundua.