Tañarandy herri txikian elkartzen da Amazoniako oihanaren unibertso mistikoa, erlijiosoa, legendarioa eta baita galaktikoa ere. Hala izaten da urtean behin gutxienez. Ostiral Santuan, urtero, Yvaga Rape-k (Zeruko bidea, guaranieraz) milaka pertsona biltzen ditu Paraguayko herrixka horretan, gaueko prozesio jendetsu batean.
Zenbait kilometroan, Cristo Yacente, Virgen de los Dolores eta San Juan argi artean ibiltzen dira, alde bakoitzean 1.500 argi-zuzik inguratutako bidean zehar, fededunek zeharkatzen duten autobide argiztatua sortuz. Hori nahikoa ez balitz, hautsez betetako lurrera bertaratutakoek, bertako zein bisitariek, 15.000 kandela jarri ohi dituzte inguruan. Milaka kriseilu prestatzen dituzte apepú (laranja garratz) azalez, behi-gantzez eta hariz, eta lurraren arrasean pizten dituzte, Amazoniako gau ilunean izartegia bailitzan (buruz behera, hori bai). Izar distiratsuak dirudite oinen parean. Bitartean, inguru horretako nekazarien abesti eta leloak kantatzen dira. Krispetak, alkohola, txokolatea, azukre-hodeiak saltzen dira eta musika ere entzun daiteke. Jai ederra, benetan.
Gaur, prozesio hori da Paraguayko Aste Santuaren unerik garrantzitsuena eta herrialde osoko zein atzerriko turista, bisitari eta interesatuak bertaratzen dira, baita urrunetik datozen pertsonak ere. Horixe islatzen du, behinik behin, herriaren sarreran honela dioen kartelak: Tañarandyko komunitateak ongietorria ematen die bisitari ditugun estralurtarrei. 1998ko iraila. Paper hartan, plater hegalari bat ikus daiteke, larre baten gainetik hegaz, nabearen kabinatik estralurtarrek bertakoei agur egiten dietelarik; hiru haur, txakur bat, mutiko harritu bat, ile grisa duen emakume handi bat eta bikote gazte bat daude bertan, abagunea aprobetxatuta mutilak neskaren ipurdia disimulurik gabe ukitzen duelarik.
Dirudienez, ipurdia ukitzea uzten duen neska Petrona Chamorro da, eta zirri egiten dabilen mutikoa garai hartan haren mutil-laguna zena, gaurko senarra. Soinekoa jantzita duen emakume ilezuria Fidela Chamorro da; neskaren ama, mutilaren amaginarreba. Askok uste dute hori guztia txantxa baino ez dela, baina gertakaria benetan gertatu zen, neurri batean behinik behin. Maiteminduen bikote hura gauez elkartu zen larre ilun batean, hitzordu erromantikoa egiteko. Unerik kartsuenetariko batean, neska oihu arraroak egiten hasi zen. Oihuek eta zalapartak auzokideen arreta erakarri zuen, eta berehala hurbildu ziren zer gertatzen zen ikustera; orduan, bikote gaztea topatu zuten larretik irteten, izua aurpegian. Argi distiratsua zuen nabe arraro bat inguruan hegaz ikusi berri zutela kontatu zuten biek.
Chamorro andrea, sendabide naturaletan espezialista, inoiz ez zen nabe hegalariez mintzatu, baina esana zion prentsari “argiak zituen euritako” baten antzeko zerbait ikusi zuela. Haren alaba in fraganti topatu zuteneko erotismo-kontakizunaren maila ere leundu zuen. Edonola ere, pasarte xelebre hori San Ignacio Guazú inguruko herrixkaren kondairaren parte da dagoeneko. Eta Cecilio Thompsonentzako inspirazio-iturri ere izan zen kartel hura pintatzeko orduan. Margolari herrikoia izan zen Thompson; egunerokotasunaren alderdiak pintatzen zituen koadro kolorista eta alaietan, naif estiloan.
Kartel hau bertsio txikia baino ez da; izan ere, jatorrizkoa lau metro luzeko horma-irudi handia baita, Cecilio Thompsonen maisu-lantzat hartua. Horma-irudian Tañarandyko bizitza mugitua irudikatzen da: estralurtarrak, herriko futbol taldea, Andre Maria, musika banda, nekazari alaiak, herriko taxi-gidaria, baita kurupi bat ere (mitologia guaranian oihaneko iratxoa), bere falo izugarriaz emakume bat zemaitzen.
“Artelan handia da kartela bera, eta herri honetako jendearen espiritu abegitsua islatzen du: estralurtarrak ere ongietorriak dira eta!”, dio bertako biztanle batek. Tañarandy paraje ezkutua, oihan-landarediaz estalitako lurralde gorrixka hura izan zen Jesusen Konpainiaren indigenak ebanjelizatzeko saiakera jaso zuen azkenetarikoa, espainiar inperioa jesuitak ere ehizatzen hasi zen arte. Tañarandy izenak menperaezinen lurra esan nahi du guaranieraz; izan ere, bertan egin zioten uko, XVII eta XVIII. mendeetan, Jainkoaren eta konkistatzaileen menpe jartzeari. Orain, paradoxikoki, Misiones probintziako herrixka hau da Paraguayn tradizio guarania eta kristaua nahasten dituen erritoa mantentzen duen bakarrenetarikoa.
Koki Ruiz artistaren bultzadari esker izan zen hori posible. Ruiz herrixkan jaio zen eta, atzerrian prestakuntza jaso eta Madril, Londres edo New Yorken erakusketak egin ondoren, jaioterrira itzultzea erabaki zuen. 1992. urtean prozesio hori berreskuratzeko lanean murgildu zen, eta etxean tradizioa gordetzen zuen herriko jendea erakarri zuen egiteko horretara. Orduan ezagutu zuen Cecilio, pintatzea gustuko zuen Tarañandyko nekazaria. Hain harrigarria izan zen Cecilio zenaren artea, non Brasilgo Sao Pauloko Biurtekoan Paraguay ordezkatu zuen artista nagusia izan bai-tzen 1998an. Urte hartan agertu ziren estralurtarrak. Kointzidentzia?