Harro izena jarri diote euren disko berriari, izan ere, hogei urte, zor-tzi disko eta maketa bat atzean izatea, “harro egoteko modukoa” dela uste du Aiora Renteriak, taldeko abeslariak. “Hona heltzeaz, hogei urte betetzeaz, gu laurok batera jarraitzeaz, egin dugun ibilbideaz, baita abestiez, eta gure ondoan dauden lagun eta jende guztiaz ere harro. Azken batean, egindakoaz gaude harro”. Garran-tzi handia ematen diete izenburuei eta azken hau kanpaina baten lelo antzekoa da, birak iraungo duen hiru urteetarako bultzada izango dute harrotasuna, beraz.
1997. urtean sortu zen Zea Mays taldea, Bilboko Errekalde auzoan, eta ia hogei urte beranduago, badirudi Zea Mays formatuak ederto funtzionatzen duela. Eta ez hori bakarrik, hobera doala ere bai. Renteriak aipatu bezala, orain dela hemere-tzi urte hasi ziren taldekide berberek jarraitzen dute: Asier Basabek (bateria), Ruben Gonzalezek (baxua), Iñaki Imaz Piti-k (gitarra) eta Renteriak berak (ahotsa). Euren arteko rollo ona omen da sekretua: “Gustura gabiltza geure artean lanean, eta baita ekipoarekin ere. Hemeretzira heldu, heldu gara, ikusiko dugu hogeira, baina nik baietz uste dut”, dio taldeko abeslariak.
“Oso gustura” gelditu ziren Da aurreko diskoarekin, eta lan honetarako ere Dave M. Allen ekoizlearengana (The Cure eta Depeche Mode taldeen ekoizlea, besteak beste) jo du laukoteak. “Badirudi balio diguten formulak errepikatu egiten ditugula, baina aurreko diskoan gauzek funtzionatu zutenez eta gustura grabatu genuenez, dena errepikatzea pentsatu genuen. Davek diskoaren prozesu osoa gidatzen du eta, arrastotik irteten garenean, berak bideratzen gaitu berriro”, kontatu du Renteriak. Diskoaren ekoizpena eta nahasketa Londonen abiatu zen, ekoizle ezagun honen eskutik. Gero, Jose Lastrak soinu teknikari gisa jardun zuen Urdulizeko Tio Pete estudioan, eta Metropolisen (London) masterizatu dute berriro, Andy Hippy Baldwinen eskutik. Diseinua bera ere errepikatu dute, eta David Gonzalez, Berri Txarrak eta Cobra taldeko baxu-jo-tzailea arduratu da diskoaren diseinuaz. “Den-dena errepikatu dugu, abestiak ezberdinak dira, hori bai”, argitu du umorez Renteriak.
Harro sortzeko prozesua “luzea eta gogorra” izan dela aitortu dute taldekideek; dena dela, gustura geratu dira azken emaitzarekin. “Disko edo abesti bat egitera zoazenean, ezagutzen dituzun formulak erabiltzen dituzu. Baina berria egiten duzunean, badirudi berrikuntzaren bat sartzea ezinbestekoa dela, eta, nola ez, aurten ere liatu egin gara”, azaldu du Renteriak.
sortzeko modu berriak Abestiak egiteko modua aldatu egin dute Zea Maysekoek, aurreko diskoetan abesti bat egin eta gero lagunen batek sintetizadoreak eta teklatuak sartzen zituen, baina oraingoan eurak hasi dira hasieratik sintetizadore eta teklatuekin. Menperatzen ez duten lan egiteko modua kontrolpean izaten hasi behar izan dira, eta hori prozesu luzea dela kontatu dute, gutxika ikasten baita. Ez da Zea Maysek bere kantuetan sintetizadoreak sartzen dituen lehen aldia, bai ordea abestiak horien gainean sortu dituztena. “Aurreko diskoan, adibidez, guk abestiak eginda eman ostean, Split 77-ko Aritzek eta Jose Lastrak sintetizadoreak sartzen zituzten. Oraingoan alderantziz izan da, guk aurretik eginda izan ditugu, eta horien gainean hasi gara lanean”. Prozesu ezberdina izan da, beraz, Harro diskoan aurrera eraman dutena. “Emozioa ere berriro sentitzen duzu, beldur izugarria ere bai, eta horregatik, azkenean, prozesua luzatu egiten da. Azken batean kontrolatzen ez duzun zerbait berria egiten zaudelako”, azaldu du Renteriak.
Estilo aldetik, beraz, berrikuntzekin dator Harro, izan ere, sartu dituzten sintetizadoreek, egitura erritmikoek eta testura berriek “ukitu ezberdin” bat ematen die diskoko abestiei. Era guztietako kantak bildu nahi izan dituzte lan honetan, dantza egiteko batzuk, rockeroak, pop hutsa, gitarra eta ahotsarekin bakarrik sortutako Zu? Hori bai, Zea Mays dela, hasiera hasieratik igartzen dela argi utzi du Renteriak. “Besoetako ileak tente jartzea da guri axola zaigun gauza bakarra”.
Taldeak orain arte ekoitzitako lan laburrena da Harro. Ohi baino laburragoak atera zaizkie zortzigarren disko honetako abestiak, hamabost guztira. “Horiek horrela eskatu dutelako” izan dela dio Renteriak, “bi minutu eta erdiko abesti bat dugu, orain arte ez dugu sekula hain kanta laburrik egin, baina ez du behar minutu ez segundo bat gehiago ere”. Ez da bilatu duten gauza bat, beraz, horrela atera zaie, modu naturalean.
Kolaborazioekin pozik Disko honetan ere hainbat kolaborazio izan dituzte bilbotarrek, hiru, hain zuzen ere. Txufo Wilsonek programazioekin lagundu die, eta Raul Lomas, Doctor Deseo taldeko teklatu-jotzailea eurekin aritu da, esaterako. “Udan, Markinan egon ginen eurekin afaltzen eta Raulek komentatu zigun ez geniola deitu disko honetan zerbait egiteko”. Hala, Enbata abestia bidali zioten eta orduan berak teklatu batzuk sartu zituen. “Azkenean, bi egunez eduki genuen esplotatuta gizajoa, nik uste berriro ez duela esango kolaboratu nahi duela. Baina, beti bezala, oso gustura egon ginen berarekin”.
Ahotsean ere izan dute kolaboraziorik, Love of Lesbian taldeko Santi Balmesek Renteriarekin batera abesten du Orain kantua. Oso ahots samur eta sakona du, eta oso ondo nahasten da berearekin. Pozik kontatu du abeslariak hau, izan ere, azken urteotan euren musikak harrapatuta daukala dio. “Zoratuta nabil talde horrekin eta pentsatu nuen oso ondo egongo litzatekeela Santik gurekin kantatuko balu disko honetan. Kasualitatez kon-tzertu bat jo genuen Madrilen eta eurekin lan egiten duen lagun batekin topo egin genuen. Berak hitz egin zuen Santirekin, eta aurrera. Gainera, euskaraz egitea erabaki zuen”. Zea Maysekoek maketa bidali eta Balmesek Bartzelonan grabatu zuen ahotsa. Pista piloa bidali zizkien koroekin, baina oharra ere bidali zien: “Lehenengo eta behin, entzun grabatutakoa, ze ez dakit kroazieraz kantatu dudan. Ez dakidanez euskaraz, lehenengo aldia izan da atera naizena estudio batetik jakin gabe esan beharrekoa ondo esan dudan ala ez”. Azkenean, dena atera zen ondo eta bilbotarrek oraindik liluratuta jarraitzen dute Balmesen kolaborazioarekin. “Guretzako poz itzela izan zen, pribilegio bat, eta ni, pertsonalki, hunkituta nago oraindik”, kontatu du Renteriak.
zigilu propioa Diskoa argitara-tzeko orduan, urteetan diskoetxez diskoetxe ibili da taldea eta azken bi lanetan autoekoizpenaren aldeko apustua egin du Zea Maysek. Aurten, gainera, Garden Records zigilua sortu dute. Lehen hitza ingelesez edo euskaraz irakur daiteke eta esanahi bat edo beste hartzen du. Gainera, taldearen Morphina diskoko abesti baten titulua ere bada. “Erabaki dugu zigilu bat egitea gure lanak argitaratzeko. Izan ere, disko bat entregatu eta esaten baduzu autoekoitzia dela, leku askotan, oraindik ere, txarto begiratzen dizute”, agertu du Renteriak. Prozesu guztia eurek egin ahal izatea “luxua” dela dio taldeko abeslariak; hala ere, horrek denbora asko eskatzen duela eta ingurukoen laguntza ezinbestekoa izaten dela gaineratu du.
Diskoen banaketa ez da lan samurra izaten eta urteetan hainbat froga egin ostean, aurten dendetara banatzea erabaki dute. Jada estatu mailako denda askotan aurkitu daiteke Harro, baita Spotify, iTunes, zein plataforma digitaletan. Gainera, Zea Maysen Bandcamp-ean, CD fisikoa eta digitala daude salgai. Durangoko Azokan erakusmahaia jarriko dute, eta kontzertuetan ere salduko dute diskoa. “Momentu honetan, Harro eskuratzea oso erraza izan beharko litzateke”, dio Renteriak.