Krisiak kontsumitzeko ohiturak eraldatu ditu gizartean; saltoki handiek erraz irentsi dituzte betiko denda lokalak. Baina badira kultura beste modu batera partekatzeko lanean ari direnak; hainbat liburu-dendek liburuak baino askoz gehiago eskaintzen dute eta, traba guztien gainetik, aurrera egiten ari dira. Donostian eta Zarautzen familiako negozioari buelta eman dio Garoa liburu-dendak; Donostiako Amara Zaharreko auzoan erresistentziarako txokoa eraiki dute Kaxildakoek; eta Iruñean, letrak kafearekin laguntzen dituzte Katakraken.

Kultur arnasgune izateko helburuarekin jaio ziren hiru liburu-denda hauek. Liburuak saltzearekin batera, ostalaritza, eztabaida guneak, ekitaldiak eta proiektu berritzaileak eskaintzen dizkiete bertaratzen direnei. Garoak Donostian duen dendak bi urte dituen arren, Zarautzekoak 1971tik martxan darama. Belaunaldi aldaketarekin batera etorri zen familia negozioa berrasmatzeko erabakia. Bertako langile Oier Aranzabalen esanetan, Europa mailan egiten ari zirenari begira jarri ziren: “Kontsumo ohiturak aldatzean, saltokiek ere produktuak saltzeko modua aldatu zuten; saltoki handiak iristean, liburuak salerosketa soil bihurtu ziren. Baina Garoak liburu-saltoki soil bat baino gehiago izatea zuen helburu, eta horretarako ez zuten ezer berririk asmatu, lehen egiten zenari erreparatu baizik”.

Bezeroari arreta zuzen eta pertsonalizatua eskaini, eta liburu-denda garai berrietara egokitzearekin batera, Donostiako abentura hastea erabaki zuten: “Lehen klandestinoki biltzen ziren liburu-denden sotoetan, bertan kulturaren inguruan eztabaidatuz; orain berdina eskaintzen dugu, klandestinoa izan gabe”, dio Aranzabalek. Saltoki handiekin lehiatzea ezinezkoa dela argi du, baina azken urteetan gora egin dutelako pozik dago: “Inozoak ginateke pentsatuko bagenu saltoki handiekin lehia-tzeko gai garela. Liga ezberdinetan jokatzen dugu. Gure bertutea jendeari tratu pertsonalizatua eskaintzea da, garai batean egiten zen bezala; horrekin batera, gainontzeko arlo kulturalei espazioa eskaini diegu”.

Kontsumitzeko bide nagusietatik harago joatea izan da liburu-denda horien apusturik garrantzitsuena; auzo bizitza, komunitatea eta inguruko saltoki eta merkatariekin harremanak izateak lagundu die aurrera egiten. “Zarauzko dendak beti izan ditu bezeroak, eta benetako apustua Donostiako denda irekitzea izan zen; hasieratik bilatu dugu jendearekin kontaktu zuzena, eta liburu-denda bertan egoteko eta denbora gustura pasatzeko espazioa izatea bilatu dugu; pixkanaka, lortu dugu bezeroen arreta gureganatzea eta konfiantza lor-tzea”, kontatu du Garoa liburu-dendako arduradunak.

Internet ere ez da benetako mehatxu bat izan liburu-denda horientzat. Aranzabalek dioenez, paperak oraindik badu jendea erakar-tzeko ahalmena: “Benetan irakurtzen duten horiek, irakurle petoek, ez dute paperetik Ebook-era salto egin. Musika guztia poltsikoan eramateak kalte egin die musika-saltzaileei, baina liburutegi osoa poltsikoan eramatearen abantailak ez dira horren nabariak”.

Dena den, liburuez gain eskaintzen dutena da Garoa-ren bereizgarria. Paperezko Kon-tzertuei esker, jende andana hurbildu da haien dendara, bertako musikarien zuzenekoa en-tzun eta bere liburu gogokoenen inguruko gomendioak ezagutzeko. “Hona etortzen denari kafetxo bat eskaintzen diogu, eta lasai asko dendatik ibili dadin nahi dugu. Bigarren eskuko liburuak ditugu, eta sarrerako mahaian, azken berritasunak jarri ordez, hilero idazleren batek gomendatutako liburuak eskaintzen ditugu”, jakinarazi du Aranzabalek. Hala, Andu Lertxundik, Harkaitz Canok edota Kirmen Uribek noizbait irakurri eta gogoko izan dituzten liburu horiek eskain-tzen dizkiete Garoa-ko bezeroei: “Liburu-denda organikoa da gurea, aldakorra; geuk egina da, gure akatsekin, baina helburu nagusia bizirik dagoen espazio bat sortzea izan da”, gaineratu du Aranzabalek.

Letren mundua sendoa dela sinetsita dago Garoa-ko liburu-saltzailea, eta belaunaldi gazteak limurtzea zaila dela onartu arren, ez du katastrofista izan nahi: “Gazteei zuzendutako serieak oso ondo saltzen dira; egia da 30 urtetik beherako jendeari kosta egiten zaiola an-tzerkira, musika kontzertuetara eta liburu-dendetara joatea, baina ez dut uste gure eginkizuna denik; heziketak eta kultura politikek eragin handia dute horretan”. Aranzabalen esanetan, liburu-dendek baino, argitaletxeek dute eraberritzeko beharra: “Madrilen geroz eta gehiago dira ateak irekitzen dituzten gurearen tankerako liburu-dendak; jendeak eskertu egiten du pertsonalizatua den arreta eta beste inon topatu ezin dituen ale berezi horiekin topo egitea; aldiz, editorialek gehiago jasan dituzte krisiaren ondorioak”.

Hutsune bat betetzera

Hain zuzen, argitalpenaren munduan sartzera doaz Katakrak liburu-dendako arduradunak; Hedoi Etxarte bertako arduradunak argi dauka bezeroek eskatzen dituzten edukiak asetzeko bide bakarra horixe dela. “Katakrak Hormiga Atomika proiektutik sortu zen, eta hiru urtetan saiatu gara hemen sumatzen genuen hutsune literario eta kulturala betetzen. Orain erronka berriei ekingo diegu, eta euskaraz oraindik landu ez diren testu horiei espazioa emateko hasiko gara argitalpen lanetan”, azaldu du. Nazioarteko saiakera gutxi dago gurean, Etxarteren iritziz, eta horretan sakontzeko asmoa dute Katakraken. “Duela hiru urte hasi ginenean abagune politiko eta sozial handi bat zegoen, eta zentzua zuen jauzi hau egiteak. Liburu-denda gisa gure espektatibak bete ditugula esan dezaket, baina etengabe moldatzen jarraitu behar dugu”, uste du.

Liburuak “sentsibilitateak jorratzeko tresna gisa” ulertzen ditu Etxartek, eta horregatik beharbada, Katakraken aurkitu daitekeen materialaren zati handi bat saiakerak dira: “Gure liburuen %70 dira saiakerak eta, era berean, narratiba eta komiki mordoa saltzen dugu. Funts bat duten lanak aukeratzen saia-tzen gara beti, berritasunak alboratu gabe”. Etxarteren ustetan, saltoki handiek ez dute eragin handirik liburu-dendan: “Zorionez, gure publikoa ez da berdina. Hemen bestelako edukiak eskaintzen ditugu, ikusgarritasun gutxiago duten lanak ateratzen ditugu argitara. Liburuak biziberritzen ditugu”, gehitu du Katakrak-eko kideak.

Bertaratzen diren irakurle eta erosleek horretan laguntzen dietela nabarmendu du Etxartek: “Gomendioek ahoz aho egiten dute salto, eta hala, irakurle taldeek bizia luzatzen diete beharbada hilabete edo urteetan ezkutuan izan diren liburu horiei”.

Katakrakek kooperatiba moduan funtziona-tzen du, eta bertaratzen direnen beharrak ase-tzen dituztela kontatu du Etxartek: “Ostalari-tzak komunitate zentzua ematen dio liburu-dendari; bakoitzak barruan duen hori partekatzeko espazioa sortzen du. Hain zuzen, garrantzitsuenak ez dira liburuak, adimena baizik; liburuak urrutiago iristeko gaitasuna eskaintzen digu. Hala, ostalaritzak hemen saltzen ditugun liburuen hildoarekin jarrai-tzeko aukera ematen digu, bertako produktu ekologikoak eskainiz eta merkatari txikiekin lan eginez”.

Gazteek liburuetan interes gutxi izateak arrazoi demografiko bati erantzuten dio, Etxarteren iritziz: “Belaunaldi kontua baino, esango nuke arrazoi demografiko eta ekonomikoek dutela eragina. Tabernetan ere ez da jende gazte asko ikusten; populazio zati bat inguruan duen merkatutik kanpo bizi da. Dena den, guk erreferentzia pribilegiatu bat dugu, hona datorren jendeak baduelako benetako interesa eskaintzen dugun horretan; berdin du zien-tzia, kultura edota ekologiaren inguruan diren hemen ematen diren solasaldiak, 150 lagun inguru gerturatzen dira, interes handiarekin”.

Interes horrek animatu zituen Kaxilda liburutegiko arduradunak Donostiako Amara Zaharrean beren liburu-denda eta jatetxea irekitzera. Esteban Zamora bertako langilea eta kooperatiba osa-tzen duten gainontzeko langileentzat ez da erraza izan liburu-denda aurrera eramatea, baina pixkanaka lortu dute auzotarren biho-tzetan sartzea: “Kultura propioa duen beste herrialde batera joan eta bertan kultur proiektu bat zerotik hastea erronka izan zen guretzat, baina hasieratik argi izan dugu euskal kultura eta bertako egile eta sortzaileekin egingo genuela lan. Finean, kultura eta ideia elkartrukerako espazio libre eta independentea sor-tzea da gure dendaren helburua”.

Feminismoa, ekologia, literatura alternatiboa eta autogestioa dira Kaxildaren arima osa-tzen duten oinarriak, eta solasaldi ugari antolatzen dituzte gai horien inguruan. Haien lan egiteko modua ere, pentsaera horietara dago bideratuta: “Jatetxea nahiko begetarianoa dela esan daiteke, nahiz eta arraina eta haragia ere eskaintzen dugun, ez baitugu inor kanpo utzi nahi. Kaxildan, jendearen gorputza eta arima elikatu nahi ditugu; horregatik egiten dugu lan bertako nekazari eta merkatariekin, eta eskaintzen duguna ekologikoa eta sasoikoa da beti”, jakinarazi du Zamorak.

Partekatzeko gunea

Aldarrikapenen gotorlekutzat du Zamorak bere liburu-denda, eta bestelako kontsumo ohiturak bideratzen saiatzen direla dio: “Irakurketa oso ekintza intimoa da, eta hemen jendea animatu nahi dugu ekintza intimo hori besteekin parteka-tzera. Lasai egoteko espazio bat sortu dugu, jendearen konfiantza irabaziz; Kaxildan, lasai bazkaldu dezakezu liburu bat irakurriz, eta ondoren erosi gabe joan, edo alderantziz; kon-tsumoaren legeak apurtu nahi ditugu, eman-tzipatutako espazio bat eskaini”. Hala, saltoki handien aurrean, beste modu batera pentsatu eta bizitzeko aldarriari esker egin du aurrera Kaxildak: “Gazteak dira gure lagunik onenak, eta haiek bereziki zaintzen ditugu, haiek baitira, azken finean, etorkizuneko irakurleak”.

Etorkizuna argi ikusten du Kaxildako arduradunak: “Liburu-denda esperimentalen kopurua igo egin da, geroz eta gehiago gara. Pentsamendu kritikoa denon artean eraikitzen badugu, ez dugu aurrera egiteko arazorik izango; hemen jendea oso eskuzabala izan da gurekin, eta proiektua babesten dutelako datoz. Proiektu txikiekin errazago identifikatzen dira. Hori da arrakastarako gakoa”.