Zer gertatzen da idazlea idazmahaiaren parean esertzen den unetik liburua editoreari bidaltzen dion arte? Idazle bakoitzak bere abentura propioa bizi du; norberak bere ohiturak ditu, eta batzuetan ohiturak ohitura baino ez diren arren, beste zenbaitzuetan ohitura horiek mania bitxi bihurtzen dira.

Virginia Woolfek (Londres, Ingalaterra, 1883-Rodmell, Ingalaterra, 1941) zutik idazten zuen 20-30 urte zituenean. Goizero, ordu bi eta erdiz ekiten zion idazteari, atril itxurako batean. Hala ere, zutunik idaztea nekosoegia zela iri-tzita-edo, eserita ere gustura idazteko mekanismo bat asmatu zuen gerora: kontratxapatu fineko pieza bat taulatzat erabiltzen hasi zen, eta taula horri erretilu bat erantsi zion, bertan idazlumak eta tinta gorde ahal izateko. Guztia eskura izanik, ez zuen zertan altxatu eta inspirazio momentua eten, materialik gabe geratzen zenetan.

Idazteko, batik bat, objektu bi baino ez dira behar: zerekin idatzi eta non idatzi. Hain zuzen, arkatzek sortzen zioten buruko mina John Steinbecki (Kalifornia, AEB, 1902-New York, AEB, 1968). Lapitzez idazten zuen, eta hamabi zituen beti eskura, guztiak zorrotz eginda. Baina hainbeste estutzen zuen eskua arkatzaren kontra, editorea ere arduratu egin zitzaion, eta lapitz biribilak bidaltzen hasi zi-tzaion idaztearen ondorioz sorturiko babak arintzeko.

Doris Lessing (Kermanxah, Iran, 1919-Londres, Ingalaterra, 2013) idazleak, ostera, abiadura zuen mania; beno, mania edo ohitura, eta ohitura guztiek dute arrazoi bat atzean. Kasu honetan, amatasuna. Haurra hazten zebilela, bolada laburretan idazten ikasi zuela adierazi izan du, eta asteburu librerik izanez gero, bete-betean eskaintzen zion idazteari. Arin idazteko ohitura sustraituta zeukala zioen, eta emakume gehienek berdintsu idazten dutela. Bere idazketa prozesua hasieran apur bat irregularra izaten zela zioen, baina, halako batean, jariotasunez idazten hasten zela, eta orduan idazten zuela ondoen.

Baina aurreko idazleen apetak txikikeriak direla esango duenik ere egongo da, Truman Capoteren (Louisiana, AEB, 1924 - Kalifornia, AEB, 1984) mania bilduma zein den jakin ostean. Autorearen 500 arkatzek atzean uzten dituzte Steinbecken hamabi lapitzak. Lan handia kostatzen zitzaion lanean jartzea. Hala ere, egunero idazten zituen lau orrialde. Gainera, bitxia bada ere, etzanda idazten zuen, eskuetan zigarreta eta kafea zituela, haren hitzetan, etzanda egon ezean ezin baitzuen pentsatu. Egunean lau ordu egiten zituen lan; gero, ida-tzitakoa irakurtzen zuen, eta zuzenketa mordoa egiten zizkion. Eskuz idazten zuen, eta idatzitakoaren hiru bertsio izaten zituen. Lehenbizi paper horixka batean idazten zuen, gero zurian, eta, azkenik, idazmakinaz. Orduan heltzen zen behin betiko zuzenketa.

Toni Morrisonek (Ohio, AEB, 1931) ere goizean goiz idaztea du gustuko. Beloved idazten zebilenean ohartu zen burua argiago duela eguzkiak argitu orduko. Gainera, oraindik ilun dela esnatzen da, eta eguzkia nola ateratzen den ikusten duen bitartean edaten du kafe egin berria. Argi du kontua ez dela argitan egotea, baizik eta norbera heltzea argia iritsi baino lehen.

Morrisonen erritualarekin alderatu daiteke, nolabait, Edan O’Brien (Clare, Irlanda, 1932) idazlearen apeta ere. Izan ere, goizean idazten du, te kikara bat hartu, eta idazgelan sartzen denean. Inkontzientetik eta inspirazio iturritik gertuago egoten omen da une horretan. Diziplinatua dela dioen arren, uste du dena ez dela diziplina kontua. Bulkada beste edozeren gainetik jartzen du. Eguerditik aurrera, baina, ez da bulkada horren atzetik ibiltzen. Izan ere, eguerdian gotorlekutik irten, eta eguneroko zeregin mundutarragoetan murgiltzen da.

Loturarik gabe Philip Roth-ek egunero idazten du (New Jersey, AEB, 1933). Woolfen hasierako maniari jarraituz, zutik idaztea gustatzen zaio. Estudioan atril itxurako bat du, zutunik idatzi ahal izateko eta bizkarreko mina saihesteko. Ez telefonorik, ez faxik. Iluntzen duenean, baina, ibilaldi luzeak egiten ditu, unean uneko nobelak sortutako burukomina uxatu nahian. Bere agenda erabat dela berea dio, ez duelako inorekin partekatu behar bere eguneroko une bakar bat ere: edonoiz idatz dezake. Baita goizaldeko ordu txikietan ere. “Urgentzietan lan egiten duen medikuaren antzekoa naiz. Ni naiz larrialdia”.

Haruki Murakamik (Kyoto, Japonia, 1949), ostera, garrantzia ematen dio aktibitate fisikoari. Urtean sei hilabetez idazten du, eta 04:00etan esnatzen da, 05:00etatik 06:00etara idazteko. Arratsaldeetan kirola egiten du. Gero irakurtzeari eta musika entzuteari heltzen dio. 21:00etarako, aldiz, ohean egoten da. Hori du egunerokoa, eta horri ematen dio inportantzia. Adimen maila sakonago baten bila ibiltzen dela dio. Hala ere, hain denbora luzez errutina hori mantentzeak indar fisiko eta mental handia eskatzen omen du.

Baina ohiturak ohitura eta maniak mania, ez al ditu horrek berak handiagotzen berez literatura munduan handitasuna aspaldi lortuak dituzten idazle hauek?