Gizonezko protagonistak eleberri bat idatzi nahi du, literatura tailerreko irakasleak hartarako dohainak dituela esan diolako. Argumentu bat sortu ezinik, bera bezalako gizajoen pasadizoak bilduko ditu, eta autofikzioaren bidezidorretan abiatuko da. Honatx Joxean Agirreren Gizajoen katalogoa eleberriaren abiapuntua. “Oso modu parodikoan aurkeztuta dago eta istorio txikien aldeko apustua dago liburuan”, dio idazleak.

Liburua hainbat zatik osatzen dute. Batetik, protagonistaren istorioa bera dago. Bestetik, protagonista eraikitzen ari den gizajoen katalogoa. Eta, azkenik, bitxikerien nolabaiteko hiztegi bat. Zeren arabera erabaki zenuen egitura?

Kronologikoa izan da dena. Orain dela sei bat urte hasi nintzen hiztegi hori osatzen, irakurtzen nuen liburu bakoitzeko aipuekin eta pasarteekin nolabaiteko fitxak egiten. Orduan konturatu nintzen bazeudela hamaika istorio txiki, niretzat oso literarioak zirenak. Ez literarioak letra larriz, baizik eta literaturaren istorio txikiak. Ideia nuen hori konbinatzea kontakizun batekin. Behar nuen norbait nobela bat idazten hasiko zena eta lehenengo esaldi horri etorri bitartekoan bitxikerien hiztegia idatziko zuena.

Kontua da segituan konturatu nintzela ezin nuela hiztegi osoa sartu, kontakizuna bera zapaltzen zuelako. Horregatik amaitzen da E letran. Esaterako, L letran, Literatura hi-tzarekin, orrialdeak eta orrialdeak nituen idatzita. Nik uste dut hiztegia tabernan kontatzeko istorioak direla, idazleei buruzko bitxikeriak, ez kontu akademikoak. Inoiz burutik pasa zitzaidan hiztegia bakarrik argitaratzea, materiala badaukadalako, baina handinahia iruditzen zait, eta ez dakit interesik duen. Baten batek esan dit liburuko onena hiztegia dela, baina dagoen bezala uste dut nahikoa dela.

Aipatu duzun bezala, liburu honetan istorio txikiak daude. Istorio txikien literatura defendatzen duzu?

Istorio txikien aldeko apustua egiten dut. Ez da literatura handia, baina istorio txikien atzean beti dago kontakizun handi bat. Historia txikien istorioak, alegia. Nik esperien-tzia handia dut bertsolariekin, Bertsolari aldizkaria sortu nuen, besteak beste. Askotan, bertsolariekin nenbilela konturatzen nintzen baliabide hori etengabe erabiltzen zutela. Aipuak eta pasadizoak biltzen dituzte eta tonu umoristikoan erabiltzen dituzte, elkarrizketako ideia bat indartzeko. Nik neuk askotan egiten dut hori literaturarekin. Istorio txiki horiek erabiltzen ditut esaten ari naizena sendotzeko. Patxi Zubizarreta, adibidez, oso abila da horretan. Nik uste dut badela apaltasun modu bat: beste baten heldulekua behar duzu zure zerbait esateko.

Bide beretik, gizajoen katalogoa bildu duzu, literaturaren heroi galtzaileen zerrenda.

Asko maite dut Samuel Beckett, eta bere literaturan badaude galtzaile eta antiheroiak diren pertsonaia batzuk. Iruditzen zait oso pertsonaia modernoak direla. Ez dira gizajoak erabateko zentzuan, baizik eta lekurik ez duten pertsonaiak, koitaduak... Jende arraroa baina maitagarria, azken finean. Horien bilduma egin dut.

Hor sartu duzu Juan Jose Millasen pasarte bat: ‘Igeltseroa’. Oilategia egin, teilatua ipini eta oiloentzat zuloa bai, baina bera ateratzeko atea jartzea ahaztu zitzaiona. Idazlearen metaforarekin lotu duzu: gerta daiteke eleberri batean sartu eta atera ezinik geratzea.

Hain polita iruditzen zait pasarte hori... James Joyceren alaba eskizofrenikoa zen eta idazlea sinetsita zegoen idazten eta artearen bidez sendatuko zela, salbatuko zela. Carl Gustav Jung-engana joan zen eta eraman zizkion haren idatziak. Joycek esaten zion: Ni bezala idazten du, gauza onirikoak. Eta Jungek: Bai, baina zuk igeri egiten dakizu itsaso honetan eta zure alaba itotzen ari da. Nik ez dut uste beldur hori benetakoa denik, inoiz ez dut hori pentsatu, nobela baten sartuta geldituko naizenik, baina egia da idazle batzuk oso jarrera praktikoa dutela. Javier Mariasek dio berak bulegoko ordutegian egiten duela lan, baina nik ez diot erabat sinesten. Uste dut idazteak baduela zerbait obsesiboa eta konbentzituta nago, ideia batekin ari zarela oso zaila dela deskonektatzea, zauden lekuan zaudela.

Salbuespenak salbuespen, gizajoen katalogoan gizonezkoak dira ia gizajo denak. Emakumeek bestelako profila dute, berebiziko garrantzia duten arren.

Nire azken nobeletan bezala, nobela honetan gizonezko bat da protagonista eta maitasun erromantikoaz eta bikote bizitzaren inguruan hitz egiten du. Garai zehatz batetik hitz egiten du, nik bizi izan dudan garaitik, alegia. 70. eta 80. hamarkadan sexualitateari buruzko ikuspegia asko aldatu zen: bikoteak hausten hasten dira, dibortzioak zabaldu, maitasun abenturak hedatu.... Hortik idazten dut nik, eta gizonezkoen ahotsa baliatzen dut gai horiei buruz hitz egiteko. Egia da askotan agertzen diren emakumeek profil ahula dutela. Baina nobela honetan, irakasleak adibidez, badu nortasun bat, indar bat. Helburuak ditu, eta idazleak neurri batean erabiltzen ditu. Orain beste nobela bat idazten ari naiz eta bertan gizon eta emakume baten ahotsak baliatuko ditut maitasun istorio bat kontatzeko.

Nobela honetan metaliteratura, sugestioa, umorea eta sentsualtasuna ageri dira, zure azken lanetan bezala. Dagoeneko zure idazkeraren ezaugarri dira?

Bai, baina uste dut honetan umore gehiago dagoela, absurdoaren mugan dagoela ere esango nuke pasarte batzuetan. Oso modu parodikoan aurkeztuta dago dena eleberrian. Badago istorio bat: aita bat kezkatuta dago bere semeak gehiegi irakurtzen duelako eta liburu saltzaile batengana doa laguntza eske. Liburu saltzaileak Joyceren Finnegans Wake nobela gomendatzen dio eta ziurtatzen dio irakurtzeko gogoa kenduko zaiola semeari horrekin. Baina, semea, aldiz, Joycen aditua izan zen gero.

Literaturari buruzko literatura da zurea?

Bai. Azken lau bat nobeletan behintzat bai. Eremu honetan oso eroso sentitzen naiz eta ez zaizkit ideiak bukatzen. Badaukat asmoa hortik aldentzeko, uste dut hurrengo eleberria ia osorik hortik kanpo dagoela. Roland Barthes idazleak Preparacion de la novela lanean esaten du norbere ofizioari buruz norbaitek pasioarekin hitz egiten duenean beti dela interesgarria, inoiz ez dela entzuteaz aspertzen, izan harakina, zurgina edo idazlea. Eta uste dut arrazoia duela. Sortzaileen istorioak beti dira interesgarriak, literaturari buruzko kontaketa literarioa da berez.

Izenik gabeko eleberria idatzi duzu. Baina bat-batean, Joxean Agirre bera agertzen da eta baita Kirmen Uribe ere...

Hasieratik nuen asmoa horrela egiteko. Nobela batean beti nahasten naiz izen asko badaude, zaila egiten zait buruan gorde-tzea. Errazagoa egiten zait emaztea, alaba, poeta gaztea erabiltzen baditut, jakitun naizen arren, agian horrek irakurlea kontakizunetik urruntzen duela.

Liburuko Joxean Agirre zein punturaino da Joxean Agirre?

Autoerretratu bat da. Karikaturizatuta dago, baina erreala da. Tipoa etxetik Argiñanoren tabernara joaten da eta bertan ardo bat edaten du. Nik hori udan egunero egiten dut, adibidez. Dena den, uste dut nobela honek zerbait originala badu kontatzeko modua dela: dena zeharka kontatzen da, izugarri zeharka. Teknika honek sekulako aukerak ematen dizkizu. Zirrikituetatik dena entzuten du narratzaileak, eta horrela dena imajinatzen du. Emazteari eta alabari entzuten dien esaldi batzuen bidez ateratzen du haien bizimoduaren berri.

Nik badakit eleberri honetan topiko asko daudela, baina topiko horien berregitea da. Estilo hau, parodia, oso lotuta dago topikoekin. Nobela errealista batean ia soziologia lanak egin ditzake norbaitek; estilo honetan, aldiz, barre egin behar duzu eta karikaturizatu, horregatik agertzen dira muturreko egoerak eta pertsonaiak, pertsonaia estereotipatuak.

Nobelan, idazle gazteak gai bati eusten dio. Bere biografiaren alderdirik gordinenak eta krudelenak erabiltzen ditu literatura egiteko. Gai horrek hainbat arazo filosofiko eta etiko planteatzen ditu. Literaturan denak balio du?

Bizitza intimo gordin eta gogorrarekin literatura egin daiteke? Zilegi da? Pribatuaren eta publikoaren arteko muga non dagoen planteatzen dut, bizitzaren eta artearen arteko harremana... Arte garaikidean etengabe agertzen diren gaiak dira, eta literaturari buruz gogoeta egiteko oso interesanteak. Argi dago denak ez duela balio, baina poliki-poliki horretara goaz. Adibidez, telebistan gertatzen ari den bezala, espektakulu horretara goaz literaturan ere. Euskaraz autofikzioa egiten da: Alaine Agirre, Miren Agur Meabe, Andu Lertxundi... Fikzioarekin nahastuz haien bizitza kontatzen dute. Ez da oraindik egiten eskala handian eta espektakulu maila horretan, baina horretara goazela uste dut. Zergatik ez kontatu, adibidez, pertsona batek sufritutako jazarpen batzuk?

Zer funtzio du orduan literaturak?

Gazteago nintzenean pentsatzen nuen literaturak laguntzen zidala gero izango nin-tzena irudikatzen. Gero, urteekin, konturatu naiz balio duela atzera begira jarri eta oroimena berritzeko, adibidez. 14 urte nituenean aitona gaixo zegoen eta arratsaldero liburuak irakurtzen nizkion. Neguan hil zen eta badut sentsazioa uda horretan lagundu niola bere beldurrak desegiten, literaturak baduela zerbait beldurra kentzeko edo antsiolitiko bezala funtzionatzeko.

Momentu honetan esaten dut literatura gordeleku bat dela niretzat. Hor sartzen naiz, inork ez dit molestatzen eta horretan pasa-tzen dut denbora. Niretzat leku lasaia da, baketsua. Badirudi ofizio bakartia dela, ezkutuan egitekoa, egia esan, idazleen artean lotsati pila daude. Ez dakit gizartea aldatzeko balio ote duen literaturak. Nobela errealistaz hitz egin beharko genuke, baina uste dut oso eragin ahula duela oraindik, telebistarekin alderatuz, adibidez. Egia da idazten dena memoria kolektibora pasa-tzen dela, baina ez dakit zer punturaino.