Gaur egun gertakari ezezagun samarra den arren, bere garaian tragedia latza izan zen 1615eko udazkenean Islandiako Mendebaldeko Fiordoen lurraldean jazotako hura. Urtero bezala, hango ur izoztuetara baleak harrapatzera joandako 32 euskal arrantzale hil zituzten islandiarrek, Danimarkako erregearen agindu bati men eginaz. Kearen fiordoa nobelan (Elkar), Iñaki Petxarroman idazle eta kazetariak sarraskiaren nondik norakoak ikertu ditu eta, fikziozko pasarte batzuk gehituta, historiazale zein abenturazaleentzat aproposa den lana ondu du.

Martin Villafranca donostiar kapitain gaztea eta Ari Magnusson Mendebaldeko Fiordoetako magistratua dira istorioaren bi erpin nagusiak. Bien erdian, Jon Gudmunsson apaiz protestantea, islandiarra eta euskaldunen laguna. Hirurak izan ziren benetako pertsonak: Trinitatea ontziak fiordoetan hondoa jo zuenez, Villafrancak bere gizonak gidatu behar izan zituen Islandiako paraje izoztuetan barrena, Magnussonen agindupeko gizonengandik ihesi. Euskal baleazaleak ez ziren handik bizirik irten, baina Gudmunsson arduratu zen tragedia hartaz idazteaz.

“Pertsonaia eta gertakari nagusiak aurkezteko orduan, fideltasunez jokatzen saiatu naiz”, dio Iñaki Petxarromanek. “Oinarri nagusia historia da, baina lizen-tziak hartu ditut”. Hala, beste pertsonaia nagusietako bat, Villafranca kapitainaren maitale den Hura islandiarra, autoreak asmatua da. Protagonista nagusien nortasuna, jokabidea eta haien arteko hartu-emanak nolakoak ziren asmatzen ere ahalegindu da Petxarroman.

Benetako datuetan soilik oinarritutako kontakizuna albo batera utzi eta fikziozko pasarteak sartuta, liburua “interesgarriagoa” bihurtzen dela uste du Petxarromanek. “Bestela istorioa hotz geratzen da eta, gainera, pertsonaiak nire modura antolatzeko askatasuna eman dit fikzioak; nire neurrira ekarri dut narrazioa”. Pertsonaiak bere irudimenean “ikusten” dituen bezala deskribatu ditu. Kontakizuna aiseago “harilkatzen” lagundu dio nobelaren egiturak, deskribapen historikoaren zurruntasunetik urruti.

IKERKETA SAKONA Kearen fiordoa, beraz, nobela historikoaren eta abenturazkoaren arteko nahastea da. Fikzioak ematen dio kontakizunari gatza eta piperra, baina istorioaren egitura osoa benetako gertakarien gainean eraikita dago. Euskal baleazaleen aurkako jazarpenaren nondik norakoak zehaztasunez eta zorroztasunez jaso ditu Petxarromanek, orain dela lau mendeko agiri zaharretan aurkitutako datuei esker. “Bi iturri nagusi daude gai honi buruz -azaldu du autoreak-; batetik, Jon Gudmunssonek ida-tzitako kopla sorta bat eta, bestetik, Ari Magnussonek agindutako kronika”. Bi bertsioak kontrajarriak dira eta Gudmunssonena gehiago erabili du egileak.

Bi ikuspegi, euskal arrantzaleena eta islandiarrena, txandakatu ditu narrazioan. “Dena ez da zuria eta beltza, ba-tzuk biktima, besteak borrero”, nabarmendu du Petxarromanek. Euskaldunen estualdian ez ezik, islandiarrak odol hotzeko sarraski hura egitera eraman zituen arrazoietan ere sakondu du idazleak: “Izoztea eta gosetea zeuden, atzerriko 80 lagunek negua han pasako zutela jakitea mehatxutzat hartuko zuten islandiarrek”. Magnusson agintariak, halaber, bere burua arriskuan ikusi zuen, Danimarkako erregeak atzerriko inorekin traturik ez egiteko agindua emana baitzuen. Nolanahi ere, islandiar batzuek euskaldunei lagundu egin zietela gogorarazi du Petxarromanek.

Liburuko pasarteak xehetasunez deskribatu ahal izateko, Islandiako fiordoak bertatik bertara ezagutu zituen autoreak, XVII. mendean euskaldunen gorabeheren lekuko izandako paraje bakarti haiek bisitatu zituela. Era berean, euskal baleazaleen bizimoduak, ohiturak eta lan egiteko era aztertu ditu kazetari eta idazle lasartearrak: “Ternuan igarotzen zituzten udaldiez informazio dezente dago. Islandian ere, antropologoak euskaldunen azpiegiturak ikertzen ari dira eta horren berri jaso ahal izan dut”, jakinarazi du Petxarromanek. Euskal Herrian eta Europan jarduera ekonomiko oparoa izan zen behinola balearen ehiza eta baleazaleekin lotutako pasarte ilunenetako bat argitara dakar orain Kearen fiordoak.