Egunerokotasunetik sortutako obra dugu Bilboko aretoan egun hauetan ikusi dezakeguna, artista bizkaitarraren obra guztiak bezalaxe. Oraingoan, 2001ean Londresera egindako bidaian zentra- tzen da. “Eguneko bizipen, esperientzia eza edo zorioneko elkartzeei forma emateko modu bat izan da. Gureak izango balira bezala hartzen ditugun esperientzia horiek guztiak gure inguru familiar eta sozialeko gertakarietan oinarrituta daudela uste dut, aitzinako eskemak errepikatzen ditugu nolabait”, azaldu du Intxaustik.
Bost obra desberdin bereizten dira Bilboko erakusketan: The runner’s cut, edo hamabi orrialdeetako gidoi txiki bat lehena. Vidak.org webgunerako sortutako egutegia bigarrena. “Nahiz eta 2012ko egutegia izan, storyboard baten funtzioa betetzen du”, dio gernikarrak. Who do you think you are? dugu hirugarrena. Ohiko esperientziak oinarri- tzat hartzen dituen kontakizuna da hau, eta familiako iraganarekin duen loturari ere ematen dio garrantzia. Kontakizun honetarako erabilitako argazkiak etxeko albumetik atera ditu Intxaustik. “Kontakizunak, obrak berez, egin izan ditudan bidaiekin zerikusia du; nonbaitetik hasi behar nintzen, eta beste bidaia bat gaineratzea otu zitzaidan orduan, 1962an nire aitak Idahora egin zuena. Artzai lanetan ibili zen hiru urtez bertan. Denbora guzti horretan, nire gurasoek gutunak eta argazkiak bidaltzen zizkioten elkarri, argazki hori, beraz, egokia zen kontakizunean txertatzeko”.
Hirugarren obra honetako tituluari dagokionez, Edinburgon bizi zenean ikusten zuen telebista saio baten izena daramala jakinarazi du. “Programa horrek ikerketa lana egiten zuen, eta, horretarako, pertsona zehatz baten zuhaitz geneologokia hartzen zuen abiapuntutzat. Bere arbasoen bizimodua ere kontatzen zen bertan, bizitako testuinguru historikoa eta soziala, dena artxibo, gutun edo argazkietan oinarrituta”.
Circus Lane da laugarrena, Lewis Carrollen Alice’s Adventures in Wonderland liburuaren moldaketa. “Obra horren zatiak aldatu ditut, testu bat gaineratu diot, beste batzuk kendu, marrazkiak txertatu eta ezusteko amaiera bat eman diot”, azaldu du.
Obra grafiko bat dugu azkena, Who do you think you are? lanak biltzen duen imajinetako baten 50 aleen edizioa da hau.
La Tallerrek hartzen duen erakusketa hau joan den urtean Rekalde aretoan ikusi ahal izan genuen ?Meanwhile ?rapture obraren jarraipena da. Azken horrek “egun bizi dugun erokeria sozialaz hitz egiten zuen. Oraingoan, kontu beraz hitz egiten jarraitzen dut, baina era atsegin eta metaforikoago batean”.
“Gramatikalki okerra” den esaldia, Wilder is the new black, aukeratu du Intxaustik bere obren bilduma hau izendatzeko. “Berez, ‘wilder than’? edo ‘wild is the new black’ esan beharko genuke, baina gustukoagoa izan genuen jarri duguna”. ?is the new black-i dagokionez, Inglaterran “hau da eramaten dena” esateko erabiltzen dutela jakinarazi du, Bestalde, wilder hitz jokoa bat da, wild-ek basati esan nahi du, eta Wilder B. Wilder zine zuzendariagatik aukeratu duela argitu du Intxaustik.
eskarmentu handiko artista Lehen aldia da Intxaustiren lan bat La Taller aretoan ikusgai dagoela, baina artean eskarmentu handiko artista dugu. Azokak Gernikako plaza hartzen zuen egun batean jaio zen Intxausti. Txikitan marrazten ematen zituen egunak, eta gerora Arte Ederrak ikasi zituen. Leioan burutu zituen ikasketa hauek, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hainbat tailer egin zituen Donostiako Artelekun. “Oso oroitzapen ona gordetzen dut leku horretatik”, dio, non eskultura, zinema edo seminarioak antolatu zituen, besteak beste. Gero, zinemari buruzko ikasketak egin zituen Londresen, University College for the Creative Arts-en. “Urteetako lana, isiluneko momentuak, bidaitzekoarenak, jende asko eta istorio ugari ezagutzeko urteak, beste errealitate batzuk ezagutzeko garaiak...” etorriko zitzaizkion gero.
Plano artistikoan eta baita pertsonalean ere, etengabeko eboluzioa izan du gernikarrak. Idahoko argazkia, kasu, desberdin ikusten du orain, denboraren poderioz, beste esanahi bat hartu baitu berarentzat. “Harreman sozial, emozional, politiko eta ekonomikoak osotasun baten parte dira, testuinguru zehatz batekoak. Horretaz konturatzen zara eta, era berean, nola guzti hori norbanakoaren, taldearen, familiaren, gizartearen eta identitate beraren estrukturaren parte dela ikusten duzu”.
Wilder is the new black abenduaren 19ra arte ikusgai egongo da Bilboko aretoan, eta, hil horretan bertan, erakusketaren bigarren zatia ere izango da.