Sormena, hezkuntza-teknologia eta euskara uztartu dituzte Bastidan garatu duten proiektu berritzailean. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek, irakasleen gidaritzapean, Araba Euskarazen inguruko Escape Room baten sorkuntzan parte hartu dute, izan ere, Arabako ikastolen aldeko jaialdiaren anfitrioiak dira aurten.
Proiektu berritzaile honek ez ditu parte-hartzaileak euskara eta Araba Euskarazen murgiltzen soilik, ikaskuntza modu aktibo, ko-sortzaile, ludiko eta motibagarria ere sustatzen du, ikasleak protagonista bihurtuz. Erronka interaktiboen bidez(adimen artifiziala, jolasak, hitz-hodeiak, pentsamendu konputazionaleko jarduerak edo ikasleek grabatutako podkastak), proiektuak pentsamendu kritikoa, arazoen konponbidea eta sormena sustatzen ditu. Sortutako baliabide guztiak ikastolan bertan sortutako Metaberso batean ikus daitezke. Ihes-gela honen bidez, Bastida Ikastolak berrikuntza pedagogikoaren aldeko apustua erakusten du, eta gainera, euskaraz ikastea eta bizitzea zein garrantzitsua den azpimarratzen du. Hurrengo asteetan ikastolekin partekatuko dute proiektua, eta erronketan parte hartzera gonbidatzen dituzte misioa lortzeko. “Ikasleak bere ikaskuntzaren protagonista izatea nahi genuen, esperimentatu, ikertu eta sor zezaten, Bastida Ikastolako hormak gainditzen dituen proiektu batean, gainerako ikastolek ere parte hartu ahal izateko” azaldu dute irakasle-taldeak. Bastida Ikastolak hezkuntza bizia, parte-hartzailea eta gure gizartearen ezaugarriekin konektatuta sustatzeko konpromisoa berretsi du.
Bastida ikastola 1979. urtean sortu zen bederatzi ikaslerekin. Gaur egun 132 ikasle ditu, eta Bastidakoak ez ezik, Euskal Herritik kanpo bizi diren hainbat ikasle ere hartzen ditu.
Eskualde erdaldunean kokatuta egonik, euskalgintzan eragile nagusietakoa da Bastida ikastola, ikastola barruan bezala, herrian ere eragiten diharduelarik euskara biziberritu dadin, Euskaraz Bizi programaren bitartez.
“Urte asko daramatzagula gure lana zonaldean, eta zonaldetik kanpo, egiten. Hau da ikasleak hezten eta aldi berean euskalduntzen eta euskal kulturan murgiltzen. Gure ikastola txikia izanik , jai honetan ateratako etekinekin hobekuntzak egiteko asmoa dugu gela batzuetan. Eta orain arte ditugun proiektuekin aurrera jarraitu eta etorkizunerako heldu behar diogun proiektu berrietan murgiltzeko laguntasun izugarria izango da”, azpimarratu du bertako zuzendaria den Ketxu Bedialaunetak. Baina zer lortu nahi dute epe motzera eta luzera diru horri esker? “Epe motzera, aurretik aipatu dudan moduan, gela batzuetan ditugun hutsuneak betetzea, telebista interaktiboak, robotikarako tresnak… Eta epe luzera, aurrera eramaten ditugun proiektu horiek eta izango ditugun berriak ziurtatzea, hau da diru baliabideak izatea martxan iraun dezaten. Nire ustez laguntzen asko laguntzen du, jendea jaiarekin identifikatzen da eta horrek euskararen erabilera areagotzen duela esango nuke. Baina ikastolen erronka beste bat dela esango nuke, ez bakarrik horrelako jaiak antolatzen ditugunean erabilera areagotzea, baizik eta eguneroko erabilera horretan jarri behar genuke gure arreta”.