Araba Euskara 25 Bastida Ikastola laguntzeko egingo da. Arabako Ikastolok eskuz-esku auzolanean arituko dira urte osoan zehar antolatuko diren ekintzetan. Roberto Gonzalez Araba Euskarez koordinatzaileak hain xehetasun zehaztu ditu elkarrizketa honetan. Hala, aipatzekoa da, ez dela izango jai egun bakar bat. Ikasturte osoan Araba zabalean jarduera eta ekitaldiak antolatuko dituzte. “Urte osoko lana aurreikusten dugu eta Araba Euskaraz eguna, urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da. Azken urteetan bezala, Araba Euskaraz jaia, Gasteizen antolatuko dugu, ekainaren 15ean. Zortzi ikastoletan sortu ditugu batzordeak eta lanak banatu ditugu: material salmenta, Tanta zozketa, babesle-laguntzaileak, publizitatea, segurtasuna, urte osoko ekimenak, eguneko egitaraua, muntaketa,.. Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak”. Bestalde, Ikastolekiko atxikimendua lortzea ahalbidetzen duen jaia da. Beste helburu batzuen artean ere, honako hau dago: “Bastida Ikastolatik Euskararen eta Euskal kulturaren alde egiten dugun lanari garrantzia ematea: 45 urtez etengabe auzolanean aritu gara Bastidan Euskara eta Euskal kultura zabaltzen”, besteak beste antolatzaileek azpimarratu dutenez. 

GALDETU: Oraingo edizioan zein berrikuntza edo aldaketa nagusi jarri dituzue abian?

ERANTZUNA: Azkeneko hiru urteko dinamika berdinarekin jarraitu dugu aurten ere, aurreko hiru urteetan martxan jarritako eredua hobetzen saiatu gara. Araba Euskaraz ekimena ez da egun bakarreko jaia; urte osorako programazioa planteatu dugu, eta ekainaren 15ean Gasteizen, bukaera emango diogu Arabako Ikastolen jaiarekin. Geroz eta parte-hartzaileagoak dira proposatzen ditugun jarduerak, eta Araba Euskaraz jai egunera begira ere jarduera parte-hartzaile gehiago proposatzen ditugu. Herritik sortua eta herriarentzat bideratuta dagoen ekimena da gurea.

“Azkeneko hiru urteko dinamika berdinarekin jarraitu dugu, aurreko urteetan martxan jarritako eredua hobetzen saiatu gara”

Roberto Gonzalez Muro - Araba Euskarazen koordinatzailea

GALDETU: Zein lan eta prestaketa egin dituzue ekitaldia antolatzeko?

ERANTZUNA: Araba Euskaraz ekimena, auzolan erraldoi bat da. Arabako zortzi Ikastolak dira antolatzaileak eta horrek lantaldeetan lan egitea eskatzen digu. Araba Euskaraz lantaldeak sortzen dira Ikastoletan eta bakoitzak antolaketarako ardura bat hartzen du. Urte osoko lana izaten da: edizio bat bukatu baino lehen bestearekin hasten gara. Polita izaten da Ikastola guztiak batera Ikastola baten alde lan egitea. Kasu honetan, denak batuta, Bastida Ikastolaren alde lanean gabiltza.

GALDETU: Nolakoa izan da laguntza edo babes ekonomikoaren egoera oraingo edizio honetan?

ERANTZUNA: Esan bezala, Bastida Ikastolaren alde ari gara Araba Euskaraz ospatzen. Bastida Ikastola Arabako Errioxan kokatuta dago, mugan dagoen ikastola da. Azken 45 urteetan, Arabako Errioxako beste bi Ikastolekin batera, eskualdea euskalduntzen aritu dira. Oraindik badago egitekoa eta horretan jarraitzen dute. Gizarteak, orokorrean, horrelako ekimenak babestu egiten ditu. Pozik gaude aurtengo edizioak izan duen laguntzarekin eta eskertzen dugu, baina azkeneko bultzada behar dugu, ikastolazaleak eta euskaltzaleak behar ditugu Olarizun.

Roberto Gonzalez Muro, Araba Euskarazen koordinatzailea DNA

GALDETU: Nola ikusten duzu Araba Euskarazek etorkizunean Gasteizen eta Araban izango duen garrantzia?

ERANTZUNA: Araban Euskararen erabilpena bultzatzea da Araba Euskarazen helburu nagusiena. Oraindik asko dago egiteko euskararen erabilera indartzeko. Guk, adibidez, ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi ditugu Araba Euskaraz egitasmoarekin. Baina, euskararen erabilpena bultzatzeko, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia; eta arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea. Beraz, etorkizunean ekimen honek garrantzia izaten jarraituko du.

GALDETU: Nolakoa izan da ekimenaren historiaren ibilbidea eta nola hazi da urteen poderioz?

ERANTZUNA: 1981. urtean ospatu zen lehengo Araba Euskaraz jaia, egitasmo honen lehengo pausoak Olarizun hasi ziren, horregatik azkeneko lau edizio hauetan jai eguna bertan ospatu ditugu.44 urte pasa dira lehengo edizio horretatik, Araba osotik ibili gara jai erraldoi honekin, urte hauetan zehar Araba Euskaraz egitasmoak milaka eta milaka euskaltzaleren atxikimendua jaso du. Auzolan erraldoi hau egora ezberdinetara eta garai berrietara moldatu da beti. Nahiz eta urte ugari igaro, Araba Euskaraz ekimenak fresko eta indartsu jarraitzen du.

GALDETU: Zer espero duzue lortzea aurtengo edizioarekin eta zeintzuk dira aurtengo helburu nagusiak?

ERANTZUNA: Aurtengo edizioarekin Bastida Ikastolari babesa eman nahi diogu, Bastida Ikastolatik Euskararen eta Euskal kulturaren alde egiten duten lanari garrantzia eman nahi diogu, 45 urtez etengabe auzolanean aritu dira Bastidan Euskara eta Euskal kultura zabaltzen. Herrian eragiten. Arabar Errioxan Euskararen eta Euskal kulturaren alde eragitea da helburua. Bastida Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta sendotzea ere bai, eta noski, Ikastolako proiektuari jarraipena emateko finantzazioa lortzea; hots, Ikastolan egin behar diren inbertsioei aurre egiteko dirua lortzea.