Arbasoen su Txikia (Etenik gabe) da abestia, eta Mikel Urdangarinek jarri dio musika eta Kirmen Uribek letra. Abestiaren grabazioan, bere taldeaz gain, hainbat artistaren laguntza izan du Urdangarinek: Iñigo Etxezarreta (ETS), Iñaki Ortiz de Villalva (Betagarri eta Modus Operandi), Jon Basaguren (Izaki Gardenak eta Pasadena), Libe Garcia de Cortazar (Izaki Gardenak eta Pasadena), Iratxe Aguilera (Kai Nakai), eta Adriana Fernandez. Euskararen transmisioari, euskara gaur egunera arte ekarri duten hainbat pertsona ezagun eta herritar xumeren ekarpenari egiten die erreferentzia, baita ikastolei eta Araba Euskarazi ere. Bideoklipa, berriz, Jon Santamariak egin du eta gure arbasoen sugarra piztuta mantenduta, eta jakintza horietan oinarrituta, esperientzia berriak eta abenturak bizitzera gonbidatu nahi izan du bideoklipaz gozatzen duen ikuslegoa. “Esan dezakegu kanta oso landua datorrela. Biok ibili gara elkarri letrak eta doinuak pasatzen ikusteko zein izango zen onena. Ez da izan lehen aukera egin eta listo. Lanketa handia dago. Azkenean Mikelek pasatako musika bati jarro nion letra, gaia berarekin partekatu eta gero. Eta hitzak ere doinuari egokitzen ibili ginen, berbak aldatuz. Erraz sartu behar da letra. Lana, beraz. Beti egiten dugu horrela”. “Kantak transmisioari ematen dio garrantzia, erabileragatik dagoela bizirik euskara esaten dugu. Eta beste alde batetik azpimarratu nahi izan dugu Araba beti izan dela euskaldun, eta hor datoz Landucci, Lazarraga eta Lauaxetaren aipamenak. Garai zailei egiten zaie erreferentzia baina esaten da baita ere euskarak iraun duela norbaitek eutsi diolako kateari, anonimoa den norbaitek, jende xeheak”.
GALDETU: Zerk inspiratu zaituzte abesti hau sortzera?
ERANTZUNA: Kantu hau sortu genuen Kirmen eta bioi Araba euskarazko kantua egitea proposatu zigutelako.Gasteizez ezagutu eta elkarren lagun egin ginen bi bizkaitar gara Kirmen eta biok, eta gauza ederra iruitu zitzaigun egitasmo honetan parte hartzea, gure arabarekiko loturari egindako keinu bat.
“Abesti honen letraren ideiak eta mezua Kirmeni berari dagozkio nahiz eta nik erabat konpartitu”
GALDETU: Nolakoa izan zen kantu hau konposatzeko prozesua? Nondik sortu ziren ideiak eta mezua?
ERANTZUNA: Ez zen berehalakoan atera. Bigarren saiakeran atera zen. Kirmen nik proposatutako doinu batean oinarritu zen idatzi nahi zituenak idazteko. Letraren ideiak eta mezua Kirmeni berari dagozkio nahiz eta nik erabat konpartitu. Euskaren biziaraupenaz ari da Kirmen, zailtasunak zailtasun, mendez mende nola gure hizkuntza gai izan den bizirik jarraitzeko. Mriarii hortaz ari da.
GALDETU: Une bereziren bat edo desafioren bat izan zen abestia sortu bitartean?
ERANTZUNA: Desafioa izan da kantuaren helburua zein zen ez ahaztea. Alegia, festa baterako egokia izan behar lukeen zerbait konposatu behar genuela. Estetikarekin asmatzea ez da izan kontu erreza. eta zentzu horretan Koldo Uriarte ekoizlearen lan fina ezinbestekoa izan da.
GALDETU: Zein mezu helarazi nahi duzue kantu honen bidez?
ERANTZUNA: Euskarak aurrera egin duela beti, desagertzeko zorian egon arren, beti egon delako norbait euskeraz hitzegiteari utzi izan ez diona.
GALDETU: Zergatik uste duzue garrantzitsua dela Araba Euskaraz bezalako ekitaldi bati eskainitako abesti bat izatea?
ERANTZUNA: Lehen esan bezala, Kirmenek eta biok herrialde honekin dugun harreman esker onekoa plazaratu nahi genuelako.
GALDETU: Jaso al duzue bereziki hunkitu zaituen erreakzio edo baloraziorik?
ERANTZUNA: Jende askok idatzi dit kantuak hunkitu dituela esaten, ezohikoa dela esaten...gu ahalegindu gara zerbait berezi egiten. Letra aldetik ezohiko sakontasuna eta pentsamendua du nire eritzian. Uste dut antoltzaileak ere pozik geratu direla emaitzarekin.
GALDETU: Artista zareten aldetik, zer garrantzi du zuentzat euskararen erabilera musikaren bidez sustatzeak?
ERANTZUNA: Musikak sekulako boterea du bere baitan, indar izugarria gizartean onerako eragiteko. Euskarak botere horren ondoan eta barnean egon behar du ezinbestez.
GALDETU: Zuen ustez, zer funtzio betetzen du musikak euskal hizkuntzaren sustapenean eta kontserbazioan?
ERANTZUNA: Euskararen transmisioari dagokionez, musika erramintarik eta bikainena da hura indartzeko. Modu baikorrean, gizartearen arau zorrotzetatik libre.
GALDETU: Proiektu berririk baduzue esku artean?
ERANTZUNA: Elkarrekin ez dugu ezer artistikorik hortzimugan. Ondarrun bazkari eder bat gure zai, hori bai.