Arte garaikideak arazo franko sor- tzen ditu pubilko orokorraren baitan, etsipena eta frustrazioak sor-tzeraino. Ikusleen eta artelanen arteko hurbilketa zailari ekitearen helburuarekin idatzi du Txemi Valdecantos (Gasteiz, 1975) arte historialariak, lehen aldiz euskaraz halako saiakera formatuan, Zer ote da arte garaikidea? (Gaiak, 2014) lan txukuna bezain beharrezkoa gurean.
Arte irakasle den heinean, eta klaseetan sumatzen dituen arte-hezkuntza gabezi orokorrez ohartuta, bertan sortuz joan diren kezkak gainditzen laguntzeko esku-liburu bat egiteko beharra eta aukera ikusi zituen, euskaraz, eta irakurlego zabal bati zuzendua. “Niri hain interesgarria iruditzen zaidan arte mota bat, garaikidea alegia, askorentzat etsigarria izatea ez dut gogoko, eta sentipen hori saihesteko ekarpentxoa egin badezaket?”, dio egileak. Izan ere, liburuaren sarrera atalean hezkuntza sisteman arteak duen gabezi nabarmena salatzen du. Eta ulergaiztasunaren frustrazioen aurrean ezagutza da bide bakarra.
Lehen zatian gako kontzeptualak eskaintzen ditu Valdecantosek, arte garaikidera hurbiltzeko ezinbesteko oharrak: Garaikidetasun kontzeptua, Arte Ederren disoluzio eta fusio kontzeptuala, artelanaren eta artistaren zerizana, sortze prozesuaren garrantzia edota artearen definizioaren anbiguetate kontzeptuala. Ezinbestean fenomeno global gisa aztertzen du artea, nazioarteko erreferentzia aktualak kontutan hartuz, sarri adibide desberdinak irudiekin ilustratuz. Argazkigintzaren agerpenak eta pinturaren baitan subjektibismoaren eta proposamen ez-naturalisten indarrak ateak ireki zizkion modernitateari. Inpresionismoak lehenik eta postinpresionismoak gero, XX. mende hasieran etorriko ziren abangoardia apurtzaileen oinarriak jarri zituzten. Betiko irauli zen mendebaldeko artea. Fauvismoak eta kubismoak joera espresibo baten hasiera markatu zuten, abstrakzioari bidea irekiz. Bi Mundu Gerren arteko artea zuzenean egon zen egoera politiko eta sozialak eraginda; abangoardiek izaera utopikoa agertu zuten, agortua zegoen sistema eta arte modu baten aurrean mundua aldatuko zuen aukera erradikalak proposatzean, bakoitzak bere moduan. Horren adibide dira futurismoa, dadaismoa, bauhaus eskola edo surrealismoa, besteak beste.
Kapitulu oso bat Marcel Duchampi eskain- tzen dio autoreak, hark zabaldu ate ugari eta zabalengatik. Artista, arte eragile eta komisario, bere ready-made-ekin objektu artistikoaren gailentasunarekin hautsi zuen eta sortze prozesuan eta artistaren nahian jarri zuen arreta osoa. Segituan XX. mendearen bigarren erdiko arte-joerak biltzen dira; Parisen kaltetan New York munduko arte hiriburu berria bilakatuta, AEBetan mugimendu indartsuak agertuko dira; espresionismo abstraktua, neodadaismoa, pop artea, minimalismoa edo arte kontzeptuala, kasu. Baita Europan espresionismo berriak, informalismoa edo CoBrA, povera artea, neoespresionismoa edota Errealismo Berria.
Azken harmakadetan sortu diziplina eta arte moduak ere ditu hizpide Valdecantosek, hala nola ekintza artea, bideo artea zein land art eta body art direlakoak, eta baita posmodernismoaren baitan biltzen diren joera berriak ere. Azken korronteak aditzera emateko bi etsenplu aukeratu ditu, street art deiturikoa eta Young British Artists taldeko partaideak, hain zuzen.
Arte garaikidea bezalako fenomeno konplexu bati buruzko izaera dibulgatiboko publikazioa -maila akademikoan nahiko baloratua ez dagoena baina lan espezializatuak bezainbesteko garrantzia duena- gauzatzea ez da erraza. Haren hitzetan, zailtasunetako bat euskararen normalizazioari dagokio; bestetik, sintesi lanari. “Oso mamitsua den gai bat era argi eta labur batean idazteak bere konplexutasuna dauka. Zenbat gauza utzi behar izan ditudan kanpoan!”.