Emozioetatik ihes egitea ohikoa den gure gizarte honetan, batzuek oholtzaren gainekoa aukeratzen dute barneko korapiloak aska-tzeko. Horrela gertatzen da Ez gara Palestinaz ari? ikuskizunean. Norberaren beldurrak, nahiak, amorruak eta minak agerian uzten dituzte Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek, Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariekin batera. "Askotan, egundoko dis-kurtso politikoa eta juzguak egiteko gai gara, baina ez ordea errealitatean, gure baitan dagoena aska-tzeko. Horri aurre egiteko, jendaurrean biluztea erabaki genuen", azaldu du Lizarraldek.

Norberaren barnean dagoenari buruz berba egiteko beharra dagoela argi daukate laurok. "Hitz egin dezagun gutaz, ihesean bizi gabe. Adierazi gaitezen garen bezalakoak, gure bertute eta alde ilunekin", aldarrikatu dute. Horretarako, musika eta bertsoak uztartu dituzte, antzerki eta poesia apur bat tartekatuz. Hala ere, besteekin harremanak izaterakoan, kanala baino garrantzitsuagoa ei da mo-dua. "Guk bide horiek guztiak -musika, bertsoak, antzerkia eta poesia- erabili ditugu besteengana iristeko. Baina, edozein kasutan, modua barnetik hitz egitea da, norbere egiatik, norbere emoziotik. Hortik abiatzen bagara, zaila da besteen barnera ez iristea", baieztatu du Lizarraldek.

Hortaz, Ez gara Palestinaz ari? komunikazio ariketa da, norbere buruarekin, eta, aldi berean, besteekin ere bai. Lizarralderen ustez, baina, lehenengoa da lan zailena. "Norbere buruekin ongi komunikatuak gaudenean, nahigabean iristen da mezua bestearengana. Gure burua ulertzeko gai ez bagara, aldiz, nekez ulertuko gaitu inork", arrazoitu du.

Horrexegatik, ikuskizuna barnetik egina dagoela azpimarratu dute taldeko kideek. "Oso erreala da. Hor aurkezten garenak, garen bezalaxe azaltzen gara", agertu dute. Ariketa horrek berak askotan "bertigoa" eragiten diela ere onartu dute, naturaltasun osoz. "Gure gauza oso intimoak ager-tzen ditugu eta, horrez gain, gure historia pertsonalaz hitz egitean, gure inguruaren historia pertsonalez ere ari gara", nabarmendu du Lizarraldek. Tartean, haurtzaroaz, askatasunaz edo gizonkeriaz egingo dute berba.

Umorerako tartea Edozelan ere, inork ez dezala pentsa emanaldi astun edo serioegia aurkituko duenik. Askotan, barneko korapiloak askatzeko bide hoberena gure buruari barre egitea baita. "Badira samurtasuna, seriotasuna eta sakontasunerako tarteak, baina, aldi berean, emanaldiaren zati handi bat umoreari bideratuta dago", argitu du Lizarralde bertsolariak. Hori guztia aurrera eramateko, gitarra, akordeoia eta pianoaren hotsak izango dituzte bidelagun. Gainera, bertsoak jarriak izango dira, doinu eta neurri ezberdinetan. "Bertsozaleei zuzenduta dago, baina ez haiei bakarrik, uste baitugu ukitzen diren gaiak eta ukitzeko moduak ez diola bertsozaleari soilik eragiten", ziurtatu du.

Bere esanetan, ohikoa da emanaldia ikusi ostean ikusleak bihotz-ukituta hurbiltzea haiengana. "Jendea eskerdun eta oso hunkiturik etorri zaigu. Zoragarria da bere berotasuna eta maitasuna jasotzea", balioetsi du. Horrela gertatu ohi da iazko otsailean lehenengo emanaldia burutu zutenetik. Tartean, Lizarralde, Muñoa, Atxega eta Kamioren arteko harremana sendotu ere egin da. "Gure emaitzarik onena, emanaldien erantzun ona eta kopuruetatik gaindi, talde ederra egin dugula da", adierazi du.

Gipuzkoan 31 emanaldi eskaini ostean, Bizkaiko lehorreratzea prestatzen ari dira. Duela gutxi, Bilbon izan ziren, eta hainbat saio lotuta badaukate ere, data zehazteke dute hainbat eszenatokitan. Webgune bat prestatzen ari dira ere bai eta, bitartean, interesa duenak Facebooken eta Lanku enpresan topatu ahalko ditu.