Ez tiro egin anbulantziei eleberrian, urratzen ari den errealitatearen inguruan hausnarketa proposatzen du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980). Bere esanetan, nobelak lotura estua du bizi dugun garaiarekin: "Amaitzen ari den garai baten eta irekiko diren bidezidor berrien inguruan hausnarketa egin nahi du liburuak. Oso agerikoa da gauzak ez doazela ondo eta gure mundu ikuskerari eusteko orain arte baliatu ditugun zutabeak pixkanaka urratzen ari direla. Ekonomia, politika, kultura... gainbehera dator dena, eta beste eredu baten beharra dugu mina arindu eta aurrera jarraitu ahal izateko", azaldu du Ayllonek.
Egiturari dagokionez, ezohiko lana dela esan daiteke honakoa, laudiotarrak irauli egin baitu denbora kronologikoa, istorioa atzekoz aurrera kontatuz. Bere iritziz, aukeraketa horrek ere zerikusia du eleberriak planteatzen duen ideiarekin: "Denbora ulertzeko modu lineal klasikoa urratzen ari den errealitatearen parte dela uste dut. Amaitzen ari den garai honetan denborak badu bere papera, eta horrekin jolas egin nahi izan dut, lerro zuzena alderantzikatu eta irakurleari beste begirada bat eskainiz".
Iraganaren zama alboratuz Istorioa atzekoz aurrera kontatzearen beste arrazoietako bat "pertsonaiak iraganaren zamatik libratzea" izan da, egilearen aburuz: "Pertsona bat ezagutu berritan, hura epaitzeko joera izaten dugu beti. Nondik datorren edo zer bide hartu dituen jakin nahi izaten dugu bere gaineko epaia emateko. Hemen badugu pertsonaia bat hasieratik kar-tzelan dagoena, Gerard, baina irakurleak ez daki zergatik dagoen hor. Istorioa aurrera joan ahala ikusiko da nola sortu den egoera hori", azaldu du Ayllonek. "Denok hasieratik eduki ohi dugun epaile-sen hori oztopatu nahi izan dut egitura honekin", gehitu du.
Gerard eta Silvye izena eman die bere protagonistei Ayllonek, eta honela arrazoitu du hautua: "Mundu baten amaieraren ideia ez nuen gure herriaren egoerarekin soilik lotzerik nahi, istorioa ez baita zehazki inon gertatzen. Gauzak horrela, distantzia hartu nahi izan dut pertsonaiekin, kontatzen den istorioa gurean edo munduko beste edozein lekutan gertatu daitekeelako", jakinarazi du.
Kartzela, askatasunaz hausnartzeko Eleberriaren lehen partean askatasuna da gai nagusia eta kartzelan girotzen da istorioa. Kartzela barrutik ezagutzen du Ayllonek, 2001ean Garzonen aginduz atxilotu baitzuten gazte erakunde bateko kide izatea egotzita. Urte eta erdi eman zuen barruan eta epaiketa iritsi zenean absolbitu egin zuten. Kartzelako egonaldiak idatzi berri duen nobelan nolabaiteko isla izan duela uste du laudiotarrak: "Istorio hau idazteko lehen ideia kartzelan otu zitzaidan, baina ordutik joan dira dagoeneko hamar urte, eta kontakizuna osatzen joan da, beste esperientzia batzuk bizi-tzen joan naizen heinean. Kartzelan bizi izandakoak ez dira erraz ahaztekoak, baina barruan bizitakoak askatasunaren inguruan hausnar-tzeko balio izan zidan. Askatasunaz hitz egiteko, askatasunik gabeko muturreko egoera bat baliatu dut", azaldu du.
Honakoa euskal gatazkaren inguruko beste nobela bat dela pentsatzen duenik egongo delakoan da egilea: "Liburua ireki eta kartzelarekin egingo du topo irakurleak. Beraz, erraza da, lehen begi-kolpean, gure herrian bizi dugun gatazkarekin lotzea -onartu du Ayllonek-. Baina aurrera egin ahala, irakurlea azkar ohartuko da itsaso zabalago batean nabigatzen ari dela", argitu du. Era berean, Ez tiro egin anbulantziei edozeinek irakurtzeko moduko eleberria izatea espero du Ayllonek. "Ezohiko elementuak erabili arren, liburuaren hiru ardatz nagusiak (askatasuna, heriotza eta maitasuna) oso gertuko ditugu denok. Horregatik, sinetsita nago irakurle bakoitzak bere bidea aurkituko duela. Behin amaierara iritsi eta liburua ixten duenean irakurleak sentitzen badu dagoeneko ez dela liburua irakurtzen hasi zeneko pertsona bera, helburua beteta egongo da", uste du.
Ayllon kazetari lanetan aritua da, Hala Bedi irratian eta Gara egunkariaren gazte gehigarrian, besteak beste. Aurrez beste lan bat du argitaratua, Gerezi gorrien garaia, Paul Asensiorekin batera idatzitako Euskal Herriko gazte mugimenduari buruzko saiakera. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten Igartza Saria irabazteagatik 6.000 euroko laguntza jasoko du Ayllonek eta bere eleberria 2015 urte hasieran kaleratuko da.