Síguenos en redes sociales:

Euskararen aldeko bultzada indartsua

Izaskun Arrue Kulturguneak denbora asko zeraman hirian euskararen erabilera kultura anitzarekin bultzatzeko prozesuan

Euskararen aldeko bultzada indartsuaPilar Barco

Balorazio positiboa. Izaskun Arrue Kulturguneak denbora asko zeraman hirian euskararen erabilera kultura anitzarekin bultzatzeko prozesuan. Baina hasieratik polemikaz beterik egon zen kulturgune hau, ateak irekitzeko zailtasunak zeudelako. Azkenik, urte honen erdigunean gune honek bere ateak ireki zituen, euskararentzat eta euskaldunentzat programazio anitza eta aberasgarria eskainiz. Denbora hori igarota, zailtasunal zailtasun, arduradunek positibotzat baloratu dute hilabete hauek DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian azpimarratu dutenez.

Gasteiz Antzokia irabazi-asmorik gabeko Lazarraga elkarteak kudeatzen du , Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Izaskun Arrue 60ko hamarkadan iritsi zen Gasteizera eta irakasle lanetan hasi zen Zerkabarren kalean, bere etxean, Gasteiz Antzokitik ez oso urrun. Etxebizitza horretan hasi zen Gasteiz eta Arabaren euskaldunizazio-mugimendua. Arrue, beraz, Arabako lehen andereñoa izan zen.

EUSKARAREN NORMALIZAZIOA

Hala, azpimarratzekoa da kulturaren bidez euskararen normalizazioan eragin nahi duen proiektua da Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK). Bere funtzio guztietan euskara erabiltzeko topagune kulturala izan nahi du, eta, gainera, plurala, parte-hartzailea eta sortzailea. Izaskun Arrue Kulturgune (IAK) berri honen proiektua Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaio da.

Kultura-ekipamendu bat izatetik harago, kultura-proiektu integrala izateko bokazioa du, kulturaren kate osoa (sormena, ekoizpena, taularatzea/erakustea, komunikazioa…) landu, eta Gasteizko kultura-dinamika suspertzeko gogoa, euskaratik eta euskaraz. Gasteiz Antzokia sortzeko lehenengo haziak 90eko hamarkadan jartzen hasi ziren euskal kulturaren inguruan lan egiten zuen hainbat herritarrek, euskal kultura-azpiegitura gabeziari aurre egiteko.

Elkarte euskaltzaleek bultzatutako ekimena izan da, bereziki Lazarraga Kultur Elkarteak sustatuta

Harrezkero, elkarte euskaltzaleek bultzatutako ekimena izan da, bereziki Lazarraga Kultur Elkarteak sustatuta, Gasteizko Udalaren eskutik. Lan honen lehen fruitua, eta Gasteiz Antzokia proiektuaren oinarrietako bat, Oihaneder Euskararen Etxea izan zen. Montehermoso Jauregian kokatua, 2014tik 2022ra 50.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten jardueretan, eta euskaldunen erreferentziazko topaleku izan zen.

BALORAZIOAK

Luis Garcia Izaskun Arrue Kulturgunetik azpimarratzen duenez, Gasteizko euskalgintzak espazio hau irekitzea lortu du azkenean, eta “erabiltzaileen aldetik jasotzen ari garen erantzuna poztekoa da”. “Orain erronka da hurrengo urteetan proiektua bizirik irautea eta handitzea; 2024an jaio dena, 2025ean haztea, alegia”.

Lukas Etxeberria Sagastume - Lazarraga Kultur Elkarteko lehendariaren balorazioa ere oso antzekoa da, biak positiboak: “Balorazio ona egiten dugu egin badaiteke, izan ere, hasieran espazioari neurria hartzen ibili gara, bi urteko etenaldi batetik gentozen, ireki eta berehala opor garaia etorri da, argiteria eta soinu ekiporik ez da egon (oraintxe ari dira montatzen), taberna ireki berria da… Laburtuz Kultuguneak ezin izan du jardun %100ean. Hau bagenekien aurretik ere horrela izango zela, helburua irekiera bera izan baitzen eta ondoren piskanaka egoera normal baterako bidea urrats sendoekin egiten joatea. Baina, hala ere pozik gaude egindakoarekin eta gehiago egiteko gogoz…”. 

PROGRAMAZIOA

Eskaintzen duten programazioa anitza da eta adin guztietako ikusleentzat eta familiak animatzeko pentsatuta dago. 

“Momentuz formato txikiko jarduerak bideratzen ari gara; kontzertu akustikoak, antzerki jarduerak, aurkezpenak, ikastaroak eta tailerrak, zinema-saioak. Mota askotako jarduerak publiko desberdinei zuzenduta. Informazio zehatzagoa jasotzeko -agenda, sarreren salmenta...- onena iak.eus gure webgunera jotzea da”, azaltzen du Luis Garciak. Datorren urteko programazioari dagokionez, aldiz, kultura programazioaren aldetik, kontzertuak, antzerkia, zinema-saioak, bakarrizketak, bertsoak, magia ikuskizunak, familia jarduerak; formakuntza jarduerei dagokienez, Euskaldunentzako Jabetze Eskola, robotika tailerrak, ZTIAM; kultur-udalekuak, egonaldi artistikoak, espazioen lagapenak, taberna... antolatuko dituztela dio.

“Momentuz formato txikiko jarduerak bideratzen ari gara; kontzertu akustikoak, antzerki jarduerak, aurkezpenak, ikastaroak eta tailerrak, zinema-saioak"

“Izaskun Arrue Kulturgunea hiriko kultura eskaintzan erreferente izan dadin aurrerapausuak eman nahi ditugu, formakuntza, aisialdia nahiz sorkuntza bezalako kultur esparruetan”, gaineratzen du Lukas Etxebarriak.

Eraikinaren inguruan, Ruiz de Bergara jauregia, XVI. mendekoa, Errementari kalean dago, eta Zapatari kaletik ere sartzen da bertara. Beheko solairua eta hiru altuera ditu. 1.100 metro koadroko azalera du. Beheko solairuan funtzio anitzeko gela bat dago, eta bertan erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak antolatu ahal dira.

Halaber, kabina teknikoak, proiekziokoak eta itzulpenekoak daude bertan; biltegiak, komunak eta kamerinoak; lehenengo solairuan espazio eszeniko nagusia dago: 130 metro karratu altuera bikoitzean, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta bestelako ikuskizunak egiteko, bai zutik, bai eserlekuetan, ostalaritza-gunea ere bertan dago, sukaldearekin. Bigarren solairuan tailerrak, lanerako guneak eta komunak daude. Horrez gain, erabilera anitzeko espazio bat ere badu, balkoi gisa balio duena, eta bertatik lehen solairuko agertokian egiten diren ikuskizunak ikusi ahal dira. Hirugarren solairua jauregiko gunerik argitsuena da eta lanerako erabiliko da. Kristalezko bilera-gelak, lantegi-gune bat eta instalazioetarako gela daude bertan (klimatizazioa, exutorioak).

Hirugarren solairua jauregiko gunerik argitsuena da eta lanerako erabiltzen da. Kristalezko bilera-gelak, lantegi-gune bat eta instalazioetarako gela daude bertan.