Lazarraga Kultur Elkarteko presidenteak positibotzat jo kulturgunean egindako lanaz. Helburu garrantzitsuak eta anbizio handikoak dituztela ziurtatu du, eta horiek lortzeko gogor lan egingo dutela.
Zer balorazio egiten duzu irekita daramazuen denbora honetaz?
–Balorazio ona egiten dugu egin badaiteke, izan ere, hasieran espazioari neurria hartzen ibili gara, bi urteko etenaldi batetik gentozen, ireki eta berehala opor garaia etorri da, argiteria eta soinu ekiporik ez da egon (oraintxe ari dira montatzen), taberna ireki berria da… Laburtuz Kultuguneak ezin izan du jardun %100ean. Hau bagenekien aurretik ere horrela izango zela, helburua irekiera bera izan baitzen eta ondoren piskanaka egoera normal baterako bidea urrats sendoekin egiten joatea. Baina, hala ere pozik gaude egindakoarekin eta gehiago egiteko gogoz…
Zer motatako jarduerak/programak egin dituzue?
–Ezaugarri bat azpimarratzekotan gure programazioa askotarikoa izan dela esango nuke, eta aurrerantzean ere halakoxea izatea espero dugu: askotarikoa, aberatsa eta kalitatezkoa. Familientzako eskaintza oparoa egon da, txiki-zinema, ztiam erronkak, estanpazio tailerrak, negulekuak gabonetan... Sormena sustatzeko deialdi-egitasmoak martxan jarri dira; ikastaroaetan nabarmentzekoak dira literatura-idazketa hiruhilean zehar burutu dena nahiz perkusio tailerra; bideojoko eta robotika tailerrak egingo dira laster gazteentzat; UEUrekin hasiak gaude jada; hitzaldiak; bertso saioak; musika emanaldiak orain arte formato txikian egin dira baina baliabide teknikoak finkatzen direnean musika emanaldiek programazioan espazio gehiago hartzen joango dira, gainerako jarduerak bezalaxe, normalizatzen joango dira.
Zer helburu dituzue 2025 honetarako?
Gure helburuen artean daude, alde batetik, Elkartea bera zabaltzea eta sendotzea eta, bestetik, Udalarekiko harremanak normalizatzea hitzarmenean jasotako ildoen harira, proiektu honetan bidaide baikara Gasteizko Udala eta Lazarraga elkartea. Norabide berean nabigatu behar dugu, beraz, harreman zintzoa eta iraunkorra izatea desio dugu. Horrez gain, Izaskun Arrue Kulturgunea hiriko kultura eskaintzan erreferente izan dadin aurrerapausuak eman nahi ditugu, formakuntza, aisialdia nahiz sorkuntza bezalako kultur esparruetan.
Nola bultzatuko dituzue euskarazko kultur jarduerak?
–Edozein kultur jarduerei eskaintzen zaien ikuspegia landuz: publikoen segmentu ezberdinak kontuan hartu eta erakartzeko estrategiak landuz; eskaintza aberatsa eta kalitatezkoa programatuz; …
Harrera ona izan du herritarren aldetik?
–Bai, bai. Irekiera egunean esan genuen hasiera pausatua izango zela, martxa hartu lehenik, motorrak berotu eta errendimendu betean hasiko ginela ondoren. Eta horrelaxe izaten ari da. Harrera goxoa izan du IAK-k, kulturazaleak gogoz ikusi ditugu, erraz hurbildu dira IAKra nahiz eta oraindik ez den oihartzun handiko ekitaldirik egon eta giro atsegina nabari da jarduera guztietan, Oihanederrek lortutako erreferentzialtasuna berreskuratzen ari garela uste dugu.
Zeintzuk dira zuen helburuak?
–Gure helburu nagusia beti izan da euskararen biziberritzean eragitea kulturaren bidez; horretarako, ordea, euskal kultura bizi behar dugu, sustatu, indartu, babestu…. eta ezagutarazi, izan ere, ezagutzen ez dena ez da baloratzen.
Taberna ere ireki duzue jada.
–Izaskun Arrue Kulturgunearentzako erreferente garrantzitsua da ostalaritza zerbitzua. Taberna horrek kulturgunera doazenenei zerbitzu bat emango die, batetik; eta bestetik, bilgunea izango da emanaldiak komentatzeko, iritziak trukatzeko eta giro bat sortzeko. IAK-ren egitasmo eta emanaldientzat bozgorailu lana ere egin dezake eta, noski, hiriko euskaldun eta euskaltzaleentzat erreferente nagusietakoa izan daiteke urtean zehar.