Egitarau anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa ekarriko du 58. Durangoko Azokak. Abenduaren 6tik 10era, 950 nobedade ikusgai izango dira Landako Guneko 257 erakusmahaitan banatuta eta guztira, 265 ekitaldi batuko dira Azoka eta azokaren guneetan. “Hilabeteetako lanaren ostean eskuartean daukagu egitaraua. Ilusioz esan dezakegu Azoka ederra datorrela, nobedade interesgarriekin eta ekitaldi-sorta luze batekin. Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa delako, euskal kulturaren jai ikaragarria delako eta amets egiteko espazio bizia delako”, aurreratu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak gaur goizean egin den egitarauaren aurkezpen ekitaldian.
Azokako guneen arduradunekin batera, ate joka dagoen Azokak izango duen egitarauaren xehetasunak ezagutzera eman dituzte. “Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek eta egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea", azaldu du Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta gaztea, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.
257 ERAKUSMAHAI
Landako Gunean 257 erakusmahai izango dira, “topera egongo da eta gehiago ezin sartu”, adierazi du ilusioz Gerediagako koordinatzaileak, eta guztietan liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 58. Durangoko Azokak 170 partaide izango ditu eta horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Zentzu horretan, prentsaurrrekoan nabarmendu dute “esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez”.
FANTASIA MURGILTZEKO GUNEA
Durangoko Azokaren fantasian murgiltzeko guneetako programazioa ere aipatzekoa da. Horrela Talaia, Durangoko Museoa, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneetan hamaika ekitaldi antolatuko dira. Guztira 265 izango dira eta mahai inguruak, liburu eta disko berrien aurkezpenak, solasaldiak, erakusketa, film eta dokumental proiekzioak, eremu digitalean sorten diren jarduerak, antzerkiak, dantza, bakarrizketak, familiei begirako aurkezpen eta ikuskizunak eta abar luze bat aukeran izango dira Azokara hurbiltzen diren bisitari guztientzat.
Batzuk aipatzearren, Talaian 48 ekitaldi antolatuko dira abenduaren 8an, 9an eta 10ean. Adibidez, Irulegiko eskuaren inguruko liburu bat aurkeztuko du Aranzadik; Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko mahai-ingurua antolatuko du Jakinek; Euskadi Literatura saridun guztiak egongo dira eta Alex Txikonekin online konexioa izaten ahaleginduko gara Manaslu Neguan liburu berria aurkezteko”, zehaztu du Izaskun Ellakuriaga guneko arduradunak.
Durangoko Museoan, abenduaren 7an Suargi elkarteak "Meridiano moreak, Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak" izeneko nazioarteko topaketa antolatuko du eta bertan Estibaliz Urresola, Itziar Ituño eta Ainhoa Olaso gazte durangarra izango dira euskal ordezkariak.
LIBURU ETA DISKO BERRIEN AURKEZPENAK
Ahotsenean, urtean zehar argitaratuko liburu eta disko berrien aurkezpenak bilduko dira eta egitarau anitza izango da, moldeei eta belaunaldiei dagokienez eta Irudienean 30 emanalditik gora izango dira Zugaza zineman. Kabia gunean (abenduak 6 eta 7) adimen artifiziala, software librea, digitalizazioa eta gamer gela izango dira protagonistak; Saguganbaran haurrei eta familiei begirako aurkezpenak eta ikuskizunak antolatuko dira bost egunez eta amaitzeko, Szenatokian (San Agustin Kultur Gunean kokaturik) antzerkia, dantza, bakarrizketak eta inprobisazioa izango dira. Nabarmentzekoa da abenduaren 8an iazko Sormen Bekaren emaitza aurkeztuko duela Jon Ander Urrestik, Eucalyptus izeneko antzezlana.