Bi paisaia uztartzen dira Anari Alberdiren lehenengo liburuan, baita bere baitan ere. Bata, goroldiozkoa, berezkotzat duena: Euskal Herri berdearena. Bestea, garizkoa: oinordetzan jaso duen paisaia horia, Erriberrikoa, Nafarroako Garaikoa. Paisaia horiek marrazten eta mamitzen dute kontakizunaren protagonistak abiatzen dituen eta liburuaren ildo nagusi diren bi bidaiak: denboraren tolesturetan, familia genealogian, oroimenean eta orainean murgiltzen diren bidaiak, hain zuzen ere.

Zer moduz musikatik literaturara emandako jauzia?

—Alde batetik, idazkerari dagokionez, esango nuke ez dela jauzi bat izan, baizik eta pausua eta bidea luzatzea. Kantuak, demagun, itxitura batzuk jartzen dizkizu: abestiaren neurrian, metrikan… Itxitura horiek gabe joatea bezala izan da.

Urrats natural bat dela erran daiteke ere, zure kantuak oso narratiboak diren heinean. Baina zerk eramaten zaitu liburua ateratzeko erabaki horretara?

—Bi testu txiki daude abiapuntuan. Bata, nire aitari buruz idazten dudan testua, bera baino hamar urte zaharragoa naizela ohartzen naizen unekoa; eta bestea, Nafarroara lotzen nauen olibondoen oinordetzarena. Testu horiek idazten ditut momentu batean uzten diodalako nire buruari libre idazten. Segituan, ulertzen dut testu horiek ez direla abestiak egiteko testuak.

“Liburu hau idaztea ez da jauzi bat izan niretzat, baizik eta pausoa eta bidea, nolabait, luzatzea”

Edukiak berak eskatu zizun formatua, beraz.

—Bai, horixe. Gero, pandemiaren ondoren hasi nintzen zenbait testu idazten, abestietan hiru esaldietan geldituko liratekeenak nolabait dilatatzen, zabaltzen. Hor egon daitezke pisu-jaurtitzailearen testua edo arrain sardeen koreografiarena, adibidez. Hori da genesia, horrek ematen dit guzti horrekin zerbait egiteko bidea.

Liburuko une batean, narratzaileak autofikzioaren baitan sartzen du kontakizuna. Hala da? Autofikzioaz ari garela erran dezakegu ‘Gari eta goroldiozkoa’-z ari garenean?

—Hitz horretaz hitz egin daiteke termino literarioetan, baina gertatzen dena da, gurean, gizonek erabili izan dutela literatura mota bat denostatzeko termino bezala. Autofikzioaz hitz egiteko, lekuen eta pertsonen izenak beharrezkoak direla esango nuke, eta horretatik ez dago liburuan. Autofikzioa, edo fikzioa, azaletik bertatik hasten da. Egiantzekoa den baina egia ez den eszena bat da, Photoshopekin sartua baitago koiote hori. Kontakizunean badaude elementu batzuk oso intimoak, baina denok komunean izan ditzakegunak. Nahiko antzekoak dira bizitza denak. Eider Rodriguezek esan zuen bezala, ez dut kontatzen nire bizitza bereziki kontagarria delako, baizik eta bizitza horretatik sortu dezakezun literatura gaitasunarengatik. Badago intimidade bat, baina badaude asmatutako gauzak ere: hor dago jokoa.

Literaturan, azken batean, dena izan daiteke autofikzioa, norberetik abiatzen den sorkuntza den heinean...

—Bai, hala da. Akusazioa aurreko mendeetatik dator, autofikzioa norbere buruari buruz idaztearekin lotzen zuena. Hori mespretxu moduan erabiltzen zen. Fikzioaren zati handi bat, aldiz, istorio errealak dira, materiala bera errealitatetik abiatzen da gehiengo batean. Literarioki oso interesgarria iruditzen zait kontzeptua. Autobiografikoa da, auto-, nik idatzi dudalako; bio-, nire bizitza agertzen delako; eta -grafos, idatzita dagoelako. Bio-arengatik edo grafosarengatik, autobiografikoa da. Nik ikusi dut pisu-jaurtitzaile bat eta nik sentitu dut sentitu dudana hori ikusterakoan.

“Badaude elementu batzuk oso intimoak liburuan, baina denok komunean izan ditzakegunak”

Gehienbat lehenengo pertsonan idatzitako errelatoa da. Emakume txiki eta beltzaran batena da ahotsa, 50 urteren bueltan dagoena kontatzen duen bigarren bidaia horretan. Nor da emakume hau eta zer ikustekorik du zurekin?

—Argi dago ni nagola hor. Ni-aren hiru kapa agertzen dira: garai bateko ni bat agertzen da, bat zeina ez naizen sekula bosgarren pisu batean bizi izan, baina demagun hala izan dela. Ni horrek bidaia bat azaldu behar zuenez, nahi nuen parentesi batean sartu: une batetik bestera doan bidaia bat. Zerbaiti lotutako ni bat da, garai zehatz batekoa. Urte batzuk igarotzen dira ondoren, eta azaltzen da bigarren ni-a. Gero, hori dena kontatzen duen hirugarren ni bat badago: parentesietatik kanpo dagoen hirugarren horretan nago gehien. Narratzailea naiz. Niretzat, ihintza bezalakoa da istorioaren gainetik doan hori, ikusezina da baina atera behar denean ateratzen dena. Eta erdian dagoen pertsona, bidaia egiten duen hori, da istorioa daramana soinean.

Joko hori agertzen da hainbat momentutan: kontakizun gehiena lehenengo pertsonan egon arren, batzuetan hortik atera eta narratzailearen ahotsa entzuten dugu.

—Bai, eta izugarri ongi pasatu dut hori egiten. Distantzia egokia, oso zehatza aurkitu nuen momentu batean, eta horrek eman zidan eszena konstunbrista bat blindatzerakoan, gure hirizentrista den ikuspegitik aldentzeko aukera. Ez diogu kostunbrista deitzen hirietan aurkitzen ditugun kafetegi hipster-ei, baina bai nekazal inguruko edozein ohiturari.

Liburuak bi bidaia ditu hizpide, eta bidaia horiekin harilkatuta hainbat hausnarketa, paisaia eta argazki agertzen zaizkigu. Zergatik egitura hori?

—Bi era neuzkan egiteko. Testu disgresibo horiek zeuden, alde batetik: Google-n bilaketak, gasolindegiko eszenak eta pisu-jaurtitzailearenak, adibidez, ez daukate zerikusirik elkarrekiko. Horiek horrela idatzita zeuden. Ahalko luke izan literatura posmodernista moduko estruktura bat, hitzaren zentzurik hoberenean. Olga Tokarczuken Los errantes liburuarekin akordatzen naiz, adibidez. Harrigarria da nola aireportuko tontakeria bat kontatzen duen, haren ondotik ipuin zoragarri bat eta gero 200 orriko nobela bat, berriro kontakizun arin bat sartzeko ondoren. Baina arazo bat nuen hori egiteko, eta zen zenbait testu oso intimoak zirela niretzat. Ez zitzaidan liburua aski trinkoa edo koherentea egiten. Istorioak egi bat behar zuen, eta bidaiak ematen zidan hori, egia filosofiko bat.

“Istorioak egi bat behar zuen, eta bidaiak ematen zidan hori, egia filosofiko bat”

Bidaia eta, haren eskutik, paisaiaren kontzeptua, zentzu zabalean: memoriaren paisaia, oinordetzarena, familia genealogia baten paisaia ere. Gariaren eta goroldioaren paisaiak, azken batean.

—Aipatu dizkizudan bi testu horiek genesi bezala baldin badaude, nire-tzat hortik bi paisaia daude. Behin, Obabakoak-i buruzko paisaiari buruz hitzaldi bat eskatu zidaten eta han egin nuen nire bi paisaien inguruko hausnarketa hori. Aspaldi erabaki nuen nire bi oinordetzak paisaiari lotzea. Paisaia bat neurea, ni goroldiotan bizi naizelako; eta bestea, jasotako paisaia bat, gariarena. Ematen zaidan zerbait bezala begiratu nahi nuen bigarren hori, eta nire buruari galdetu nion nola kontatu nezakeen hori, Erriberriko nire paisaia hori. Asko begiratu eta ikusi dudan paisaia da. Bada niretzat paisaia horren ulertze bat ere. Olibondoek irudikatzen dute paisaia horren parte bat, ezinbestean etorri zaidana. Hori ulertzeko egin dut ganbararen ariketa: mundu oso bat dago ganbara horretan. Paisaia horren interpretazio poetikoa egin dut, baina baita politikoa ere.

Zein zentzutan?

—Bai olibondoen kudeaketagatik, Gerra Zibilaren garaitik hasitakoa; baita, oso kontzienteki, euskal literatuaren irakurle prototipoa EAE-zentrista, gizona, heteroa eta zuria delako, paisaia hori nik bizi nuen moduan kontatu nahi nuelako, exotizaziorik gabe. Gariaren paisaia Euskal Herriko paisaia ere badelako. Horretan asko pentsatu dut. Saiatu naiz tonu nostalgikotik aldentzen, kostunbrismo horren idealizazio eta erromantizaziotik. Nostalgia hori aizkorarekin idatzita dago.

Liburu honetan badaude baleak eta arrainak, mundu mailako gerra intimoak, paisaiak eta denbora… Anari unibertsoa eraikitzen duten elementuak. Zein puntutaraino dira garrantzitsuak zuretzat?

—Niretzat, idazketa continuum bat da. Askotan, kantuetako letrak sintesi ariketak dira niretzat. Duda egin dut, eta editoreekin ere eztabaidatu dut hori, esaldi zehatz batzuk sartzerakoan. Niretzat, adibidez, pertsona batekin lehen aldiz oheratzen zareneko momentu hori, azalberritzearen kontzeptuarekin azaltzen da hoberen. Nire buruari galdetzen diot: “Berriro zerbait idatziko banu eta egoera hori azaldu beharko banu, kontzeptu hori erabiliko nuke?”. Bai, erabiliko nuke, nik idatzi dudalako eta nire esateko era bat delako. Ez da autoerreferentzia egolatra bat, baizik eta zerbait kontatzeko aurkitu dudan modurik onena.

Irakurleak bere ahotsa identifikatzeko modu bat ere izan daiteke, edo agian ez duzu horrela ikusten?

—Eiderrek (Rodriguez) irakurri zuenean, esan zidan: “Anariren ordubeteko abesti bat entzutea bezala izan da”. Askok esan didate ere nire ahotsa entzuten dutela irakurtzen duten bitartean.

Erreferentzia musikal batzuk agertzen dira: hasieran Nick Cave jartzen du protagonistak aurikularretan, bigarren bidaian musika klasikoa darama autoan. Liburu honi soinu banda bat jartzekotan, zein izanen litzateke?

—Azkenengo hilabetea daramat Hermanos Gutiérrezen azken diskoa entzuten, ahalko luke izan bigarren bidaian protagonistak kotxean daramana. Gauza bat kontatuko dizut: nik idatzi nuena, protagonista kotxean sartu eta irratia pizten duenean nire kantu bat entzuten zuela zen, baina editoreek ez zidaten utzi hori horrela jartzen. Nire ingurukoei galdetuta ere, unanimidadea egon zen horretan, kar-kar.