- “Niretzat marraztea bizitzea da”. Horrela definitu zuen Eider Eibar marrazkilariak bere ogibidea, urtero lez Durangoko Azokara itzuli ostean. Haur eta gazte literaturan ilustratzaile moduan izandako ibilbide oparoak bere horretan darrai, Saguganbaran erakutsi zuen moduan. Hartara, hainbat aurkezpen ekitaldi burutu zituen: esaterako, berak osotasunean egindako liburua aurkeztu zuen, Ez dakit marrazten, Yolanda Arrietarekin batera ateratako Letren jolaslekuan, eta Yolanda Larreateguirekin egindako Ur eta Lur. Lan horiez gainera, txikienentzako egindako Kokoak plataformaren nondik norakoak azaleratu zituen. Lanez gainezka, baina oso pozik zegoen Eibar bertan berriz egoteagatik: “Maitasun berezia diot azokari, nire munduko jendea ikusteko eta beraiekin egoteko aukera dudalako”.

Marrazkiz bizi da denbora guztian Eibar, beti ditu irudiak buruan dantzan. Zentzu horretan, berak bere kasa egindako azken lana deigarria da gero, hiru esaldi baino ez baitira agertzen idatzita liburuan: “ez dakit marrazten”, “ez dakidala marrazten” haserre bizian espresatuta, eta azkenik, “marraztu nahi dut”. Esaldi oso markatuak, baina egunero errepikatzen direnak marrazkigintza munduan. “Haurrek, azkenaldian behintzat, paper zuri baten aurrean beldur handia dute, eta iruditzen zait beldur asko dagoela besteek esan dezaketen horren inguruan”, hausnartu zuen Eibarrek.

Gauzak horrela, argi dago beldurra sortzaileen munduan ez dela salbuespen bat, eta txikienek askotan ere beldur hori sentitzen dute. Hala ere, Eibarrek ekiteak duen garrantzia azpimarratu zuen: “Ni umeekin nabilenean tailerretan saiatzen naiz azaltzen marraztea komunikatzeko era bat dela. Eta tailerretan ikusten dugu hasieran duten beldur hori desagertzen dela lanean hasten direnean, azkenean dena ahazten dute”.

Eginez ikasten den horretan, egiteko moduak askotarikoak dira. Horren erakusle da Eider Eibar bera, proiektuak indibidualki zein beste pertsona batzuekin buru-tzen baititu. “Opari bat izaten da norbaitek proiektu bat proposa-tzen dizunean, beste pertsona agian ez da konturatzen, baina nire buruan irudiak, koloreak edota formak pizten dira. Norberak berea egiten duenean, aldiz, ez daukazu mugarik, ez daukazu bestearengan pentsatu beharrik, baina kezka guztiak zuk dituzu, zu zarelako egile eta epaile”, azaldu zuen Eibarrek lanak egiteko aukeren inguruan.

Liburuez gainera, Eider Eibarrek Kokoak proiektuaren berrikuntzak aurkeztu zituen. Ekimen hau duela pare bat urte jarri zuen martxan Iskander Sagarminagarekin batera marrazkiei bultzada bat emateko sarean jokoen eta bideoen bidez. “Ondo pasatzeko sortu zen Kokoak eta horra lotu naiz azkenaldian, nire lan profesionalen erakusleiho bat izateaz gainera, gauza berriak ikasteko eta erakusteko toki bat da”, zehaztu zuen. Gauza berriak ikasten egiteko bide horretan, prozesua naturaltasun eta askatasun osoz bizitzea da gakoetako bat Eibarren arabera: “Erakusten ditugun bideoetan akatsak erakusten ditugu ere, haurrek ikus dezaten ez dela dena lehenengo saiakeran ateratzen. Bidean askotan erratzen gara, eta erratze horrek pistak ematen dizkigu bide berriak aurkitzeko”.

Horixe da Kokoak, marrazkiak gero eta pertsona gehiagorengana iristeko plataforma eta arteak mugarik ez duela erakusteko modua. “Nik uste dut mundu digitalak estiloa eta abiadura ireki dizkidala, marrazteko prozesu ezberdinak ezagutzeko aukera emanez”, itxi zuen Eibarrek.

“Uste dut haurrek beldur asko dutela besteek esan dezaketenari buruz”

Marrazkilaria