- Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean eta haren bila abiatu zen. "Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Afrikatik Europarako bidea". Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da Miñan izeneko nobela hau, hark ahoz eta Amets Arzallus Antiak letraz idatzia. Nobelak urtebete darama argitaratuta eta gaur liburuaren inguruko zalantzak eta kezkak argi-tzeko solasaldia egingo da Oihaneder Euskararen Etxean.

Zer nolako harrera izaten ari da liburuaren aurkezpena?

-Oso ondo, liburua duela urtebete aurkeztu zen. Orain, aurkezpenak baino solasaldiak egiten ditugu; jendea liburua irakurrita etortzen da eta horren inguruan dituzten galderak eta zalantzak egiten dizkidate, kezkak. Migrazioaz, Ibrahimako egoera zehatzaz eta ordutik izan duen bilakaeraz hitz egin dugu.

Eta zein da Ibrahima Balderen egungo egoera?

-Egoera gogorrean jarraitzen du. Ibrahimak asiloa eskatu zuen, eta denbora batez asilo politikoa eman ala ez aztertu behar izan zuten. Baina, azkenean, bere historia oso gogorra den arren, ez zuten asilo politikorako arrazoitzat hartu. Liburua atera zenean, iazko urrian, asilo politikoa ukatu zioten eta egoera irregularrean utzi zuten. Garraio astunaren munduko tailer batean treba-tzen jarraitu du eta ahal duen moduan aurrera egiten jarraitzen du. Afrikako zeharkaldia zaila bada ere, bai fisikoki bai psikologikoki, Europakoa gogorragoa izan daiteke.

Non bizi da orain?

-Ibrahima Madrilen bizi da. Asiloa eskatzeko prozeduran zehar, Iruñean aterpea eman zioten. Gero Oñatin eta gero Madrilen. Asiloa ukatu ziotenean, Madrilen zegoen eta han geratu zen fromakuntzan jada hasita zegoenean eta jarraitzen hutsi zioten.

Hain zuzen ere, immigrazioaren gogortasuna da zure liburuan islatzen dena.

- Bai, bere historia aztertuz eta liburua irakurriz, migratzaile askok bizi duten historiaz ohartzen zara, pasadiso gogorrak eta biziraupen frogak Afrikan batez ere konstanteak direla imajinatzen dugu, baina Europan ere bai. Ibrahima Irunen bizi izan zen denbora batez, bere ingurua eraiki behar izan zuen eta lortu zuenerako, beste leku batean hutsetik hastea egokitu zitzaion. Zuhaitz baten erraia atera eta beste leku batean uztea bezala da. Gogorra da zerotik etengabe hastea, eta pertsonen indarrek ere mugak dituzte.

Nola sortu zen liburu honetan lan egiteko ideia?

-Irungo harrera-sarean ezagutu nuen. 2018an, sare horretan kolaboratu nuen Ibrahima ezagutu nuenean. Asiloa eskatzen zutenei galdeketa bat egiten zitzaien kasuak ikertzeko. Nik txostena prestatzen laguntzen nien, elkarrizketa txiki bat egiten nien asiloa eskatzeko prozesuan laguntzeko; elkarrizketa txiki bat egiten nien beren asilo ekonomikoan laguntzeko, eta Ibrahimarkekin ere horrela hasi nin-tzen, baina gero lan pixkat bat luzatu zen, harremana ere sakondu zen eta txosten horrek beste bide bat hartu zuen.

Zenbat denbora eman zenuen eleberri honetan lanean?

-Urrian ezagutu nuen Ibrahima, eta azaroan hasi ginen asiloa eskatzeko elkarrizketarekin. Maiatzean liburua idazten ari nintzen, berak esaten zidana transkribatzen, forma ematen... puzzlea eraikitzen. Hamar bat hilabete eman nituen liburuarekin lanean.

Zer izan da gehien hunkitu zaituena edo gehien gustatu zaizuna liburuan azaldu duzun Ibrahima Balderen historia pertsonalean?

-Zaila da hainbeste zoritxarreko bizitza batek zerbait gustatzen zaidala esatea, baina bere historian indar handia ikusi nuela esango nuke. Zirrara handia eragin zidan berak Europan zegoela esan izanak, baina bera ez zela bere etxetik irten hona iristeko asmoz, ez zuen amets hori. Horrek, logika berri bat sortu zuen nire begiradan, migranteei begiratzeko moduan, migratzaile guztiak berdin ikusten ditugula uste dut, baina Ibrahimarekin ulertu nuen bide, arrazoi eta motibo desberdin asko daudela. Eta bestetik bereziki interesa ikusi nion eta gustatu zitzaidan bere kontatzeko modua.

Bigarren zati batetan pentsatzen zaude jada?

-Ez, ez gara nobelarako bigarren zati batean pentsatzen ari. Nahiko lan izan da liburu hau egitea, batez ere Ibahimaren bizitza eta ibilbidea lehen pertsonan kontatzea ez da erraza izan eta, horregatik, uste dut nahikoa egin dugula. Pozik gaude egindako lanarekin. Hor dago ikusgai nahi duenarentzat, jakiteko nolakoa izan daitekeen migratzaile baten bizitza partikularra gure herrialdera iritsi aurretik, zer arrazoi ditue eta nola datozen ulertzeko.