IMAJINAZIOA. Hori izan dute bidelagun Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo sortzaile gazteek Puntu Koma telesail digitala sortzerako orduan. Next Station egitasmora aurkeztu zuten buruan zebilkien ideia, eta finalisten artean egon ostean, haien ideia aukeratu zuten pantailara eramateko. Gainera, 4K teknologia erabiliz ekoitzi den euskarazko lehen websaila da; hain zuzen ere, kalitate eta definizio aldetik maila altuagoa du. Guztira, sei atalez osatuta dago eta horietako bakoitzak hamar minutu irauten ditu. Lehenengo biak ikusgai daude EITBren webgunean.
Ospitale bat. Ospitale bat eta telefono dei bat. Emakume bat ageri da lehen eszenan, ziztu bizian ospitalera sartzen. Arrate du izena. Haren semea gaixorik dago, ospitalean ingresatu berri koma egoeran. Ez hitz egin, ez mugitu. Ezer ez. Haren inguruan gertatuko da trama guztia eta ondoan izango ditu zenbait pertsonaia. Hala ekin zion telesail digitalak bere lehen kapituluari.
Sorzabalbere eta Rojo gazteek, berriz, liburutegi batean hasi zuten bidaia. “Ikasten geundela erabaki genuen parte hartzea, aurkezteagatik ez baikenuen ezer galtzen”, kontatu du Sorzabalberek. Esan eta egin. Gainontzeko parte-hartzaileen aurkezpen bideoak ikustean ez zuten uste finalisten artean egongo zirenik. Errealitatea, ordea, bestelakoa izan zen. Mezu baten bitartez jakinarazi zieten finalera iritsi zirela. “Momentu horretan esan genuen: Ai ama, non sartu gara!”.
EGONALDIA Haien ideiari buelta batzuk eman asmoz, gainontzeko finalistekin batera egonaldi bat egin zuten, Bilboko laborategi batean. Bide horretan, Joanes Urkixo gidoigilea izan zuten lagun gidoiaren lehen oinarriak ezarri ahal izateko. Besteak beste, gidoigintzaren gaineko azalpenak eman zizkien Urkixok. Sorzabalberek nabarmendu du hura esperientzia “ederra” izan zela: “Lanerako giro atsegina zegoen; izan ere, gainontzeko bi talde finalistekin harreman oso ona egin genuen”.
Behin gidoi batek eduki beharreko puntuetako batzuk barneratu ostean, hura osatzeari ekin zioten bi gazteek. Izaskun Arandia gidoigile eta ekoizlearen tutoretzapean egon ziren eta haren aholkuak baliagarriak suerta zitzaizkien pentsatua zutenari aldaketa batzuk egiteko. “Hasierako ideia nahiko surrealista eta ia ezinezkoa zen, beraz, momentuko errealitatera egokitu behar izan genuen”, azaldu du Sorzabalberek.
Gidoigileak ez ezik, proiektuaren parte izan ziren beste hainbat kide ere. Sortzaileek finalistekin harreman ona egin zutela-eta, erabaki zuten “polita” litzatekeela haiek ere telesailean parte hartzea. “Finalista guztiei komentatu genien, baina uda zenez, askok ezin izan zuten”, nabarmendu du Sorzabalberek. Hala, Kepa Errasti izan da websailean parte hartu duen finalista bakarra. Horrez gain, zuzendari lanetan ere izan dute laguntza, Maru Solores zinemagilea izan baita proiektua zuzendu duena. Sortzaileek azaldu dutenez, haren esperientzia lagungarria egin zaie gehiago ikasi ahal izateko: “Ez geneukan inolako esperientziarik; Solores bezalako emakume batekin lanean jardutean pila bat ikasi dugu”. Horrez gain, azpimarratu dute lan-taldeko kideen % 60 emakumeak izan direla.
Intriga eta drama Sortu beharreko websaila umoretsua izatea zuten helburu, baina gidoiaren sorkuntzan aurrera egin ahala, aldaketak egin zituzten. Gidoien edizioan profesionalak diren zenbait kide izan zituzten laguntzaile, eta haiei esker konturatu ziren umoreak baino pisu handiagoa eduki zezaketela dramak eta intrigak. “Hasierako asmoa eraldatu zen, eta erronkatzat hartu genuen gure eskemetatik kanpo zegoen gidoi mota bat sor-tzea”, eman du jakitera Sorzabalberek. Izan ere, hark gaineratu du bi sortzaileei errazagoa egiten zaiela umorea sortzea.
Hasierako asmoetan ere bazuten beste helburu bat: aniztasuna isla-tzea. Hala azaldu du Sorzabalberek: “Argi genuen errealitate ezberdinak batu behar genituela toki itxi batean, haien arteko interakzioak, erlazioak eta erreakzioak ikusteko”. Haren esanetan, errealitate ezberdin horiek azaltzeko pertsonaiak inguruan identifikatutako egoeretan oinarrituta sortu zituzten, baina bada salbuespenik: Arrate pertsonaia. “Hainbatek galdetu digute ea ama tradizional baten irudian oinarritu ginen, baina guretzako ez dago halako figurarik”, nabarmendu du Sorzabalberek, eta gaineratu du haiek asmatutako pertsonaia dela, inorengan oinarritu gabea.
Egindako lanak eman du bere fruitua. Jaialdi ezberdinetara aurkeztu du ekoizle-etxeak egindako lana eta horietako batzuetan sariak irabazi ditu. Iñake Irastorzak ere eskuratu du sari bat; hain zuzen, Miami Web Feb jaialdiko Aktore Onenaren saria.
Bien bitartean, ikusleek badute tramaren intrigaz gozatzen jarraitzeko aukera. Egingo dute topo ezustekoren bat edo besterekin. Finean, sor-tzaileek dioten eran: “Hau hasi besterik ez da egin”.