1988ko abuztuaren 14a, Ondarroako jaiak. Eibarko talde gazte batek jo berri du Gaztetxean. Su Ta Gar du izena. Hogeita hamar urte pasa dira kontzertu hartatik. Hiru hamarkada horietan, Euskal Herriko heavy metal talde esanguratsuena izateko merituak egin ditu Su Ta Garrek. Estilo ezberdineko dozenaka euskal talderen iturburu eta inspirazio-iturri, euskal musikaren historia bizia da talde eibartarra. Bada inor Jo ta ke ezagutzen ez duenik? Nik ez diat inoiz esango, hire egin beharra zein den. Nik aspaldi egin nian aukera, jo ta ke, irabazi arte!

Hiru hamarkada hauetan 1.000 kontzertutik gora eman ditu Su Ta Garrek, Euskal Herrian, Espainian, Europan eta baita Ozeano Atlantikoaren beste aldean ere. Eta hori ospatu beharra dago. Nola? Ba ondoen dakiten bezala, zuzenekoen bidez. Bederatzi kontzertu berezi prestatu dituzte hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko. Madrileko Caracolen ekin zioten birari, urriaren erdialdean, eta Bilboko Santana aretoan bukatuko dute, abenduaren 28an.

Denboran bidaia “Bira honetan ez dugu gure 30 urteko ibilbidearen berrikuspenik egingo. Denboran bidai bat izatea nahi dugu. Hogeita hamar urte atzera egitea, eta ez ikuspuntu nostalgiko batetik, gaur egungo ikuspuntutik baizik. Gure sorrera gogora ekarri eta ahal den heinean, garai hura bizi ez zutenengan transmisio lana egin nahi dugu”, dio Aitor Gorosabelek, taldeko ahots eta gitarra-jole mitikoak. Hain zuzen ere, Su Ta Garren lehen maketa (1987-89) eta Jaiotze Basatia (1991) lehen diskoa osorik joko dituzte kon-tzertuetan, baita Hortzak Estuturik bigarren diskoko kanta batzuk ere.

Bestetik, lehenago argitaratu gabeko taldearen hastapenetako bideo eta argazki sortak prestatu dituzte oholtza gainean erakusteko: “ezagutu ez gintuztenek ikusi ahalko dute nolakoak ginen eta zelako kontzertuak ematen genituen duela hogeita hamar urte”. Garai hartako ametsak amets izaten jarraitzen du taldearen-tzat:“30 urte eta gero errepidean jarraitzen dugu. Zoriontasun horri helduta prestatutako bira egin nahi dugu”, azaldu du Gorosabelek.

Madril, Atarrabia, Bartzelona, Durango, Donostia, Berlin, Miarritze, Gasteiz eta Bilbo dira birarako aukeratutako tokiak. Orain arte emandako kontzertuetan lepo bete dituzte zapaldu dituzten aretoak, eta aurrera begira ere, agortzear daude zuzenekoetako sarrerak.

Euskal metalaren lehen dosiak Gitarra zorroztu eta kirrinkariak, zur eta lur uzteko solo-ak, baxu bizkorra eta lehen euskal bateria izarra. 20 urterekin, euskal heavy metalaren lehen dosiak aurkeztu zituen Eibarko laukoteak Euskal Herrian. Hain zuzen ere, sugar hori pizteko ardura hartu zuten Aitor Gorosabelek, Xabi Bastidak, Borxa Arrillagak eta Asier Osorok. 80ko hamarkadaren amaieran kasetean grabatutako maketak agerian utzi zuen Su Ta Gar kalitate eta teknika handiarekin jaioa zela: Basamortuetako zalduna abestia egin zuten orduan, gaur egun ere taldearen abesti onenetakoa, askorentzat.

Maketaren arrakastak lehen diskoa argitara-tzeko bidean jarri zituen eibartarrak, baina hura ekoitzi baino lehen, taldearen beste mugarrietako bat grabatu zuten: Mikel Laboaren Haika mutil kantaren bertsioa.1990ean argitaratutako Txerokee, Mikel Laboaren kantak euskal kantautorearen omenezko albumean parte hartu zuen Su Ta Garrek, Negu Gorriak, Delirium Tremens edota Tapia eta Leturiarekin batera. Euskal abesti herrikoiaren moldaketa heavyak oihartzun handia izan zuen Euskal Herrian eta taldearen zuzenekoetan nahitaezko kanta izaten jarraitzen du egun.

Euskara lehen lerroan Euskal Rock Erradikalak utzitako haziak musika estilo ani-tzetan loratu ziren 90eko hamarkadan, eta euskara euskal musikaren lehen lerrora itzuli zen. Negu Gorriakek, adibidez, hip-hop, rock, ska eta bertso-hop proposamenak taularatu zituen eta 1990eko azaroan, metala euskaraz gorpuztu zuen lehen diskoa argitaratu zuen Su Ta Garrek. Jaiotze Basatia izena jarri zioten lanari, eta goiburuari men eginez, euskal kantagintzaren hall of fame-ra igaro diren zenbait kantu ekarri zituzten: Mari eta Jo ta ke, kasu. Hamaika abesti berri eta aurretik aipatutako Haika Mutil-en bertsioa bildu zituzten. Kantuen hitzak, garai latz haien isla eta lekukotasun zuzena dira. Gauzak nolakoak diren, 30 urteren ondoren, eta estudioko beste hamazazpi lan grabatu badituzte ere, Su Ta Garren lanik adierazgarriena bihurtu da Jaio-tze Basatia.

Bi urte beranduago argitaratu zuten Hortzak Estuturik diskoa, lehen lanaren ildo beretik. Euskal Herriko eszenan aurreko lanekin leundutako irudia egonkortzeko eta Mikel Gorosabelen EH Sukarrarekin batera Europatik lehen bira egiteko baliatu zuen disko hau Eibarko laukoteak. Azken kontzertua etxean eskaini zuten, eta haren lekuko dugu Eibarren zuzenean grabatu zuten VHS bideo-zinta: More Volumen Tour - Su Ta Gar zuzenean. Kanta bat nabarmentzearren, euskal baladen bildumako parte den Itxaropena aipatu beharra dago. Akustikoa eta metala ederki uztar-tzen zekiela erakutsi zuen Su Ta Garrek.

Borxaren istripua Garai onak ziren Eibarko taldearentzat. 1993an Munstro Hilak diskoa kaleratu zuten, lau urtetan hirugarrena. 1995eko maiatzean, ordea, laugarren lana grabatzeko dena prest zutenean, taldeak kolpe latza jasan zuen. Borxa Arrillaga, taldeko bateria joleak, eszenatokietatik behin betiko alboratuko zuen istripua izan zuen. Euskal musikako lehen bateria izarra izan zen Borxa, bi bonborekin eraikitako bateria ikusgarriaren batuta gaztea. Ezbeharrak zuzenekoetatik kanpo utzi bazuen ere, Su Ta Garren oinarrietako bat izaten jarraitu du Arrillagak, eszenatoki gainean ikusten ez dugun guzti hori lantzen. Ordura arte grabatutako bideoei esker, gaur egun ikusgai dugu sarean Borxak abiatu zuen perkusioaren iraultza. Bere anaia Galderrek hartu zuen Su Ta Garren bateriaren lekukotza, eta tarte batez Iban Zugarramurdik ordezkatu bazuen ere, egun berak jarraitzen du Borxaren tronuan.

1996an iritsi zen laugarren diskoa, Sentimenak Jarraituz izenarekin eta hamarkada bukatu baino lehen, beste bi lan argitaratu zituzten: Agur jauna gizon txuriari 1997an eta Homo Sapiens? 1999an. Tartean eginak zituzten maketaren bi bertsioak bat eginez berrargitaratu zituzten, Su Ta Gar izenarekin. Estudioko zazpi lan argitaratu ondoren, zuzeneko lehen diskoaren txanda iritsi zen 2001ean: Jo Ta Ke. Ordura arte sortutako abestiak bildu zituzten zuzeneko bi CDtan, baita La Polla Recordsen No somos nada abestiaren bertsioa ere, gazteleraz grabatu duten abesti bakarra.

Itsasoz beteriko mugetan,2003an argitaratutako diskoak, Su Ta Garren garapenaren zenbait ebidentzia islatu zituen: Aitorren ahotsa hastapenetakoa baino oldarkorragoa eta grabeagoa da eta letrak poetikoagoak dira. 2006an, baina, Jainko Hilen Uhartean lanarekin 90eko estiloari berrekin zioten, metal gogorrera bueltatuz eta gizarte kontenporaneoaren fluxuak utzitako konpromisozko letrak kantatuz. Gorosabelek hasieratik erakutsitako bere bertuteak bereziki nabarmen-tzen dira disko honetan, gitarren soloak riff gogorren gainetik nabarmenduz.

Metal hotsak iruditan Ondare musikalaz gain, zuzeneko musikaren irudien artxibategi handia utzi du Su Ta Garrek. Aipatutako Eibarreko VHS-az aparte, nabarmen-tzekoak dira Homo_Sapiens? Tour’00birako kontzertuetako irudiak jasotzen duten VHS eta DVDa, 2007an argitaratutako Une Iraunkorrak DVDa eta batez ere taldearen 20. urteurrenean Durangoko Plateruenean grabatutako zueneko bi diskoak eta kontzertua oso-osorik batzen duen DVDa. Iaz Donostiako Victoria Eugenia Antzokian emandako kontzertuaren grabazioa aurkeztu zuten Su Ta Gar an-tzokietan bildumarekin.

Taldeak zenbait aldaketa izan ditu urte guzti hauetan. Borxa izan zen, istripuak behartuta, taldea utzi zuen lehena, musikaren sorkun-tzari dagokionez, behintzat. Asier Osoro baxu-joleak 2008an esan zuen agur eta haren ondoren Igor Oyarbide eta David Zarzosa pasa dira taldetik. Igor Diezek du orain baxuaren ardura. Gorosabelek eta Bastidak ez dute Su Ta Garren gitarra erantzi 30 urtetan.

Abestien sorkuntzan murgilduta jarraitu dute azken urteetan Su Ta Garrekoek, Ametsak Pilatzen (2011) eta Bizirik Gaude (2013) lanekin. Askotariko jarraitzaileak izan ditu taldeak urte guzti hauetan, eta taldeak ere askotariko bizipenak izan ditu. Biei kasu eginez, zalegoari eta bizipenei, edo besterik gabe, behar edo nahi zutelako, balada diskoa argitaratu zuen Su Ta Garrek 2016an: Maitasunari Pasioa, estudioko azken lana. Bi hamarkada luzeren ondoren, disko ezberdina egiten ausartu ziren. Heavy metala piano eta hammondarekin aberastuta, pop pilula esplosiboak leundu zituzten disko horretan. Euskal Herriko antzokietan zehar egindako bira batekin defendatu zuten lana, ondoren zuzeneko disko eta DVDarekin gorpuztu zutena.