Behin batean bere ikasleen aurrean nire autoitzulpen esperientziaz hitz egitera gonbidatu ninduen, adei-tsu, Itzulpengintza eta Interpretazioa karrerako irakasle batek. Pozik eta konfiantzaz beterik joan nintzen mintegira, duintasunarekin arazo handiegirik ez dugun idazleok -hots, gehienok- gure egoa laztandua gerta daitekeen edozein egoera probesteko pultsioari jarraiki. Ez nengoen prestatuta han topatu nuen kontrako jarrera oro har mesfidatirako. Saioa, dialektikaren ikuspegitik, bizia izan zen: Itzulpengintzako ikasleek ondo merezita daukate Letren Fakultateko elite intelektualaren fama. Hots, KOz ez dakit, baina gutxienez puntutara galtzaile atera nintzela esan daiteke.
Berehala ulertu nuen arinkiegi onartu nuela gonbidapena: azken finean ni, besteak beste, konpetentzia desleiala egin ziezaiekeen agente bat besterik ez nintzen itzultzailegai haientzat, enkarguen merkatu-kuota murriztu ahal zien sarkin bat. Idazle autoitzultzailearen trajea beharrean hobe nukeen egun batez armairuan utzitako historia ekonomikoko irakaslearena jantzi izan banu, hara abiatu aitzin?
Orain Garazi Arrularen Autoitzulpenaren teoria eta praktika Euskal Herrian doktorego tesiak maila akademikoan berretsi du autoitzultzaileon hobena: bide horretan tema-tzean, erdi-gezurretan ari omen gara aldarrikatzean egiten ditugunak bertsioak direla, eta ez itzulpenak, eta, okerrago dena, euskal literaturaren subalternotasuna areagotzen dugu espainiar eta frantziar sistemekiko, diskurtso mailan edo testuan bertan irmo posizionatzen ez bagara behintzat. Arrulak berak, idazlea ere badenak, ez luke sekula bere lanik autoitzuliko: “ez dut parte hartu nahi joko horretan”, dio Argia aldizkarian egin dioten elkarrizketa interesgarrian (2601. zenbakia, 2018-VI-3).
Laburbilduz, eta gauzak pixka bat muturrera eramanez: Autotraduttore, (due volte) traditore. Potenzialmente, bederen.
Ez dut autoitzulpena praktika orokorgarri eta ezinbesteko gisa defendatuko, hautu oso pertsonal bat den neurrian. Baina ezta haren aurka egingo ere: Arrularen diskurtsoak ez nau puntu horretaraino konbentzitu. Niretzat tresna bat gehiago da, aukerazkoa, egoera diglosikoan dagoen hizkuntza bateko idazleok Munduko Letren Errepublikaren konkistara abiatzeko orduan. Ez zait iruditzen, alde horretatik, hizkun-tza “handirako” itzultzailearekin estuki kolaboratzen duen idazlearen aukeratik horrenbeste urrun-tzen denik: denok garenez elebidun, idazle “hutsak” “zinezko” itzultzailearen lanaren gainean daukan interbentzionismoa nahiko handia izan ohi da -inpresio hori daukat nik, behintzat-. Eta, autoitzulpena legez, gaztelaniara egindako itzulpen “kontrolatu” hori izaten da, ia beti, gainontzeko hizkuntzetara eramana izateko zubi-lanak egiten dituen testua.
Ni, gainera, gaztelaniaz hasi nintzen idazten, eta, bizitzaren gorabeherek euskarara eraman ninduten arren, euskal idazletzat gain, hispaniko-tzat dut neure burua. Autoitzulpena, alde horretatik, nire hastapenei fidel izaten jarraitzeko modu bat da. Besteak beste.
Traditorea beti traditore -saldua beti saldu-, pentsatuko du, agian, bat edo batek. Ez nau bereziki mintzen, azal gogorrekoa naiz. Laurogeiko hamarraldian Euskadiko Ezkerran militatu nuen, beraz, atera kontuak?