iruñea- Beñi Agirre irakasleak Gipuzkoako historia nafarra. Euskal Herria osotasunetik liburua argitaratu berri du Nabarralderen eskutik. Liburua osatzen duten bost kapituluetan zehar, egileak lurralde honen osaketaren, jatorriaren eta gertakari historiko nagusien errepasoa eta analisia egiten du.

Idoia Arrieta historialariak liburuaren hitzaurrean azpimarratu duen bezala, liburu honek Gipuzkoa eremu zabalago batean kokatzen du, “Nafarroan, alegia”. “Egun ezagutzen ditugun Gipuzkoaren mugak Gaztelaren interesen arabera sortutakoak dira. Historian zehar liskarrak, gerrak eta ezustekoak hark eragindakoak baitira. Ezin da ulertu Gipuzkoa euskararen lurralde historiko zabalean kokatu gabe”.

Bere hitzetan, “Gipuzkoako historiaren beste begirada bat” eskain-tzen du egile hernaniarrak, kokapen zabaletik hasita egungo barrutira nola iritsi den azalduz. “Bi estatuen debekuaren aurrean, herri baten onarpena” aitortzen dela azpimarratzen du Agirrek. Guzti honetaz arituko da gaur, Nabarraldeko zuzendari Angel Rekalderekin batera Iruñean eskainiko duen solasaldian.

Zer nolako lana da Gipuzkoako historia nafarra? Beste historia liburu bat da edo urrats bat gehiago ematen du?

-Esango nuke lan xume hau Gipuzkoako historia dela, baina, beste modu batean kontatua. An-tzinarotik Lizarrako 1931ko Euskal Estatu baten Estatutua idatzi zen arteko gertaerak aztertzen dira, gertaera horietako bakoitza ulertzeko behar den testuinguruan jarrita. Betiko bertsio akritikoetatik ihes, zerotik hasi eta narrazio berri bat sortu nahi izan dut. Gu subjektu izango garen historia, alegia.

Gipuzkoako historia nafarra jarri diozu izenburutzat. Gipuzkoaren jatorriaren inguruan beltzuneak dauzkagula esango zenuke?

-Argi dago Gipuzkoa hitzaren jatorria Ipuzkoa tenentzia nafarra dela, baina, eremu geografikoak ez datoz bat. 1200. urtean Gaztelak inbaditu zituen lurralde hauek eta harez geroztik eurek antolatu izan dute lurraldea gaur duen itxura lortu arte. Mugak erabat administratiboak eta artifizialak dira; zeren eta, ez al daude, bada, hizkuntza, kultura, ohiturak edota identitate berberak Hondarribian eta Hendaian, Hernanin eta Aranon, Idiazabalen eta Altsasun edo Eibarren eta Ermuan? Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren historia ezin da ulertu Nafarroaren, Gaztelaren eta Fran-tziaren historia kontuan hartu gabe.

Zeintzuk dira Gipuzkoako historia nafarra ulertzeko kontuan izan behar ditugun gako nagusiak?

-Besteak beste hiru azpimarratuko nituzke. Lehenengoa aipatu dugu, eta garrantzitsua da. Ezin da Gipuzkoaren gaia ikertu bere inguruan dituen euskal probintzietatik bereiziz eta, eremu zabalago batean, Europako Hego-mendebaldeko testuingurutik aparte. Bigarrena da, errelato historikoaren subjektua aukeratu behar dela; hemen, nongo historia kontatzen da, baina “non” horren lurraldean “noren” batzuk bizi dira, eta kasu honetan, euskalnafarren bilakaera historikoa da errelatoaren subjektua. Hirugarrena, berriz, itsasertz eremua hartu behar da kontuan, Baionatik Urdialitzera (Castro Urdiales). Hegoaldetik, Ebro ibaiaren erribera errioxarreko eta goinafarreko produktuak kostalde honetako itsas portuetan itsasora-tzen ziren. Bide bera egiten zuten nafar itsasontzietan urrutitik etor-tzen ziren gaiak.

Hortaz, ez da Gipuzkoako historia kontatzen dena?

-Bai, euskal herritarren historia nafarra Gipuzkoan, hori da konta-tzen dena. Gurpil zoro batean lotutako korapiloa dela dirudi, baina hitzak banan bana aztertuz, erraz askatuko dugu sorgin-kiribiloa.

Irakasten den historia ofizialak, zer nolako Gipuzkoa aurkezten digu? Zein da egin beharko litzateken irakurketa?

-Funtsean, “historia ofizial” deitzen diren horiek bestelako subjektu bat izaten dute euren narrazioan. Hortik, gertaera berbera eta datu berberak erabiliz interpretazio ezberdinak izatearena. Beraz, subjektu historikoa definitzea da gakoa. Bere oroimen historikotik abiatuta egin behar du narrazioa eta hori berak bakarrik egin dezake. Historia ida-tzia, benetakoa, dokumentatua, egiaztagarria eta metodologia zientifikoz osatua izan behar du; eta narrazioa, memoria historikoarekin koherentea izan behar du. Zer egin behar dugun? Besteena kopia-tzeari eta itzultzeari utzi eta gurea propioa eraiki.