Zuberoara bidaiatzen baduzue, maskaradak edo pastoralak aitzaki hartuta, adibidez, herriguneen irudiak ez du hego Euskal Herriko herriekin zerikusirik. Kasu gehienetan elizatik gertu frontoi pareta bat aurkituko dugu, inguruan ikusleku eta jolasleku irekia antolatzen duelarik. Hego Euskal Herriko herritargoak kanpo espazioak estaltzeko desioa agertu du, erabilgarritasun emankorragoa emateko eta haurrek txoko babestu bat izateko. Udalek bere egin dute eskaera, eta horregatik herri askoren frontoi edo plazek aterki arkitektoniko bat eraiki dute. Zer gertatzen da gurean Iparraldean gertatzen ez denik? Gure etxeak txikiagoak ote dira eta kanpoaldean denbora luzeagoan dihardugu? Gure haurrek lehen baino hiperaktibitate arazo larriagoak dituzte eta espazio irekien beharra handitu da? Hauskorragoak gara euriteen aurrean?

Kanpoaldeko espazio irekietan jolasean ari garenean edo ikusle paperean gaudenean, herria ezagutzen ari gara. Bertatik posible dugu inguruan diren eraikinak, hormak, fondoko paisaiak behatu, gauden lekutik beste lekuetara distantziak iragarri eta harremanak bilatzea. Bertatik zerua ere ikus daiteke, ekaitza datorren jakin edo zeru argiaren indarra jaso. Zeruak urtaroak joan eta etortzen direla komunikatzen digu, eta urtaro bakoitzak herriaren bizipenean eragiten du.

Plaza edo frontoian euria denean, beste espazio batzuk bilatu behar direlako euritik babesteko. Kanpo espazioen izaera aniztasuna beharko da horretarako. Euria denean beste jolas batzuk asmatu beharko dira, kirolarekin harremanean ez diren beste hainbeste jolas daudelako. Beraz, jolasa eta kanpo espazioetako aktibitateak herriaren ezagu-tzarako aktibitate bilakatzen dira.

Egiari zor, estali beharreko kanpo espazio hauek egoera interesgarriak dira arkitektura pieza bereziak proposatzeko. Kanpo espazioa betiko aldatuko duen eragiketa bat daestalpea, baina berritasun horretan badago aberastasun bat gaineratzeko aukera. Zerupeko egoera landu duen adibide bat ekarri nahi dut orriotara, Portugaleteko Antonio Trueba ikastetxearen jolastokian aurkitutakoa.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura Sailak sustatutako lanak dira, eskolek gaurkotzeko beharrizanak dituztela ulertzen duelako. Portugaleteko eskolaren beharra, jolaslekuaren estaldura egiteaz gain, eraikinari irisgarritasuna ematea izan da, komunak egokituz eta igogailua instalatuz. Jolaslekuak eraikinari aurrez aurre begiratzen diolako, estalki berriaren altuera eta materialitateak garrantzi handia hartzen du, ikasgelen argitasuna zeharo kaltetu dezakeelako. Material zehar-argia aukeratzea proposamenaren abilezia da, estalpetik zeruaren gorabeherak asmatzeko aukera dagoelako.

Teknikoki, egitura metalikoko eta 26 metrotako luzera eta 4,55 metrotako altuera duten 4 portikok osatzen dute estaldura. Zutabeak ertzetan kokatu dira, jolas eremua oztopo gabe uzteko eta egiturak jolas eremuaren muga funtzioa izan dezan. Ura egiturarekin bat egiten duten zorrotenetan jaso-tzen da, disimuluan baina mantenimendurako eskuragarri direnak. Material zehar-argia polikarbonatoa da, argia pasatzen uzteaz gain, euriaren tantek sortu dezakeen soinu-iskanbila baratzen duena. Polikarbonatoak egitura goitik eta azpitik estaltzen du, tartean airea utziz.

BI BEGIRADA TXERTATUZ

Estaldura, beraz, aldi berean fatxada bat dela azpimarratu behar da, azpitik eta goitik begiratzekoa delako, eta arkitektoek bi begiraden sentsazioak kontuan izan dituzte; goitik ikustean jolaslekuan gertatzen dena iradoki-tzen da eta behetik zeruaren gorabeherak igarri daitezke. Baina ez hori bakarrik. Ipar-ekialdeko bistatik babesteko, estalduraren material berdina erabili da horma bat osa-tzeko, estalduraren lurreratze sentsazioa gaineratuz.

Arkitektura eskolan irakasten digute forma material batek bi helburu desberdin asetzea gauza bikaina dela, esfortzu materialaren errentagarritasun poetikoa lortzen baitugu horrela. Lan honen egileen trebezian ikasketa horren aplikazioa nabari da, erabaki arkitektoniko bakoitzak hainbat helburu betetzen dituelako aldi berean, pragmatikotasunari entitate duina eskainiz.