BILBO. Akordioari esker, Hiru3 haur komunitateko kideek abantailak izango dituzte 2018an zehar Zinema Euskaraz programaren eskutik antolatzen diren estreinaldietan parte hartzeko.

Akordioaren sinadura Nick Park zinemagilearen "Harpetarra" filmaren aurrestreinaldiaren testuinguruan izango da. Aardman animazio estudioen laguntzarekin, Harri Aroaren eta Brontze Aroaren bitartean garatzen den istorio bitxia sortu dute. Besteak beste, futbolaren ezusteko sorrera du hizpide filmak.

Zineuskadik prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 2017an zehar 6.595 kidek hartu zuten parte Hiru3ren zozketetan, eta aurten ere, bide beretik jarraituta, txikienentzako estreinaldi bereziak, Zinegabonak egitasmoa eta ekitaldi berritzaile gehiago jarriko dira martxan.

2015eko irailetik 2016ko ekainera arte, Zinema Euskaraz egitasmoak 40.000 ikusle eta 18 izenburu mugitzea lortu bazuen, 2016ko irailean hasi eta 2017ko ekainean bukatutako programak 60.000 ikusle aretoetara erakartzea lortu zuen.

Hala, EiTBren eta Zineuskadiren arteko akordioa dela eta, urtebetean 20.000 ikusle irabazi ditu programak Euskadiko zinema aretoetan. Arrakastaren atzean Zineuskadi Elkarteak Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin (EZAE) sinatutako "Bidaiariak Zinera" kanpaina bideratzeko hitzarmena ere badago (50.000 euroko laguntza).

Zinema Euskaraz programak ikastetxeetan emandako fruituak ere "nabarmen" hazi dira azken urteetan.

Horrela, 2015-2016 ikasturtetik 2016-2017 ikasturtera bitartean, 172.000 ikaslek ikusi ahal izan dituzte beraientzat aukeratutako filmak, besteak beste, "Mustang", "Tom Txiki eta ispilu magikoa", "Ozzy", "Gazte Harrigarria", "Freddy Igelgeldi", "Bran Barrabas", "Agur esatea", "Yugo & Lala", "Oker", "Ballerina" eta "Koko".