DONOSTIA. Botoa emateko epea martxoaren 8ko 13:00ak arte irekita egongo da, eta kategoria ezberdinetan aurkeztu diren 1.620 kartelen artean gustukoenen aldeko botoa emango dute herritarrek. Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Horizontes Latinos, Perlak eta Culinary Zinema dira kategoriak.

Kartel gogokoenen aldeko botoa emateko ezinbestekoa da aldez aurretik lehiaketaren orri berezian izena ematea: www.sansebastianfestival.com/kartellehiaketa. Bertan, erabiltzaileek botoak sare sozialetan zabaldu eta partekatzeko aukera ere izango dute. Erabiltzaile bakoitzak saileko eta eguneko boto bakarra eman ahal izango du.

Epaimahai berezi batek kartel irabazleak hautatuko ditu boto gehien jaso eta Zinemaldiak aukeratu dituztenen artean, eta botoa eman duten erabiltaile guztien artean bost sari zozkatuko dira (bakoitzak hamar saioko abonu eta 65. edizioko argitalpenen sorta izango ditu).

Kartel ofiziala parte hartzera berariaz gonbidaturiko hamar diseinu estudiok aurkezturiko proposamenen artean aukeratuko da. Estudio horien artean joan den urteko estudio irabazlea egongo da.

Kartel irabazleak hautatzeko, atal bakoitzean herritarrek gehien bozkatutako hamar kartelak aukeratuko dira aldez aurretik. Donostia Zinemaldiak atal bakoitzeko beste hamar kartel aukeratzeko eskubidea izango du, harik eta sail bakoitzeko gehienez 20 finalista izan arte. Horretarako epemuga martxoaren 10a izango da.

Finalista horien artean epaimahai batek hautatuko ditu sail bakoitzeko irabazleak eta euren izenak Donostia Zinemaldiak maiatzaren 5ean antolatuko duen prentsaurreko batean ezagutaraziko dira. Lehiaketaren irabazleak edo irabazleek 1.000 euro garbi jasoko dituzte sail bakoitzeko karteleko.