Durango - Urte borobila izan zen iazkoa, 50. edizioa. Begirada atzera bota eta Azokak izan duen bilakaerari buruzko erreflexioa egin zuten Gerediagakoek. Beste berrogeita hamarrerako bidea hasi berri duten honetan, transmisioan eta parte har-tzen jarri dute arreta, bizi, edo hobeto esanda, BIZI egiten baita bost egunez euskal kulturaren plaza.

Azken eguneko datuen faltan, 100.000 bisitaritik gora jaso ditu Azokak, iazko kopurutik hurbil. Inoiz baino lehenago hasteak eraginik izan du jendearen etortzean?

-Ezin liteke ziur esan. Datak apur bat arraroak izan dira aurten, gure-tzat ere bai, baina erreflexioa egin genuen eta jende askorekin hitz egin egun hauek jarri ala ez erabakitzeko. Azkenean mahai gainean jarri nahi genuen guretzako garrantzitsuena zela Euskal Herriko eskolek haien-tzat egun bat izatea. Ez genekien zubia nola hartuko zuten eta ziur ginen ostiralean posible izango zela, beraz, horren alde egin genuen.

Apostu horrek erantzun ezinobea jaso du eskolen aldetik. Izan ere, 6.000 izen-emate baino gehiago izan dituzue aurten, errekorra hautsiz, ezta?

-Bai, hala da. Datuak ezinobeak dira eta benetan ikusten da arrakasta handiko ekintza dela. Hala ere, gertatzen zaiguna da, nahiz eta gogoa eduki, ez daukagula leku fisikorik tailer gehiago muntatzeko.

Aurtengo nobedadeen artean euskara ikasten ari diren helduei zuzendutako tailerrak izan dira. Etorkizunera begira, ekimen hori garatzen jarraituko duzue?

-Argi daukagu horrekin segituko dugula. Beti hobetu daitezke gauzak; egon dira hutsune batzuk eta baita ondo funtzionatu dutenak ere, baina lehenengo urtea izanik normala da.

Azokaren balio inmaterialari buruzko ikerketa aurkeztu zenuten urrian, Deustuko Unibertsitatearekin eta Siadecorekin batera. Bertan, etorkizunerako erronken artean publiko erdalduna bereganetzea aipatzen zen. Zein da haiengana heltzeko egingo den bidea?

-Beste leku askotan bezala, aurten egin izan ditugu bisitatu gaituzten argentinarrentzako eta flandiarren-tzako bisita gidatu bereziak, Azoka ezagutu dezaten, eta uste dut ate hori ere erdaldun publikoari zabaldu behar zaiola. Dibertsifikazioa lortu behar dugu, baina ez Azoka bera aldatuz baizik eta beste modu batera erakutsiz. Euskal hiztunak ez diren baina seme-alabak ikastoletara daramatzaten familiak badaude eta hurbilketa horrek mesede egiten dio bai Azokari eta baita familien ibilbideari ere: euskal kulturaz harro direla esatea, imajinatzen ez dituzten gauzak deskubritzea... Gure perfil arruntena euskal hiztunak dira, baina badaude hainbat jarduera erdaldunek berdin disfrutatu ditzaketenak.

Gazteak dira Landakora datozen profil nagusietako bat. Nolako Durangoko Azoka hurbildu nahi diezue belaunaldi berriei?

-Gerediagan beti buruan eduki dugun kontua da. Gazteek uko egiten badiote, etorkizunik ez dagoela argi dugu. Horregatik, eta hitz hau oso modan ez badago ere, saldu nahi dugu Azoka, hau da, Ahotsenean en-tzundako edo Plateruenan disfrutatutako taldearen diskoa bi metrora daukatela eta musikari edo idazle horiek bere lanaz bizitzea nahi dugula. Orain ez da nahikoa eskaparate soil baten moduan ikustea. Bizi egin behar da, ahalik eta gehien parte hartzeko aukera izan.

Azken urteetan sortzen joan dira erdiguneari, alegia, Landakori, sendo lotuta dauden ‘besoak’: Kabi@, Szenatokia, Irudienea... Zabaltzen jarraitzeko asmorik?

-Nobedadeek interesa pizten dute baina ditugun guneak hobetzen eta sendotzen jarraitu nahi dugu. Ezin daiteke esan etorkizunean zer gertatuko den baina egia da, adibidez, badaukagula arte plastikoen arloa bultzatzeko gogo handia.

Herrialde gonbidaturik ez, baina Flandes eta Argentinako ordezkarien presentzia izan da Azokan. Zelakoa izan da haien erantzuna?

-Oso positiboa. Flandiarrek aluzinatu egin dute eta guretzat Etxepare Institutuak egin duen lana oso aproposa da. Argentinako presentzia ere apartekoa izan da, eta Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzarekin elkarlanean euskal kulturak bertan duen presentzia handia gogoratu nahi izan dugu.

Aurrekontua %10ean gutxitu da aurten, 670.000 eurokoa izanik. Igarri da beherakada hori?

-Igarri da, baina iazkoa urtebete-tzeko paga berezi bat izan zela esan daiteke. Jaitsi da aurrekontua baina ez dugu ahaztu behar elkarte bat garela eta hainbat lan egiten direla bazkideen txanden bidez, bolondresen laguntzaz... Ahalegindu gara gastua jaisten jasangarria izan behar duelako Azokak eta kontziente gara duguna ondo erabili behar dela.

“Bizitzekoa DA!”, dio leloak. Zelan bizi du Nerea Mujikak 51. edizioa?

-Berezia izan da, urtero desberdina delako. Gaztetako lagun pare bat topatu ditut eta desiatzen nago gaurko (atzo) arratsaldea heltzeko. Etxean beti hartzen dugu azken eguna eta semeak txikiak zirenetik erostera etortzen gara, ez dugu hutsik egiten. Niretzat une bikaina da. Eta hasierako egunean umeak ateetatik hain gogotsu sartzen direnean... handia da hori ere. Azokaren sorreran, amarekin etortzen nintzen ni. Leku berdina, umetan ikastolarekin zatoz, gazteetan koadrilan, gero familiarekin... Hain esperientzia onak dira non transmisioa naturala den.