Akordeoi-jotzaile belaunaldi berria indartsu dator Euskal Herrian. Horren adibide dugu Ander Telleria (Donostia, 1988). Bakarlari moduan kontzertu ugari ematen ari da, bai espainiar Estatuan eta baita nazioarte mailan ere: Argentina, Frantzia, Portugal, Holanda edo Alemanian aritu da, eta jaialdi ezberdinetan parte hartu du, hala nola, Brucknerfest Linz (Austria), Forum neue Kammermusik (Hannover, Alemania) edo Donostiako Musika Hamabostaldian. Baina akordei-jotzailea dela esatea labur geratzea da Telleriaren kasuan. Bere instrumentu kuttuna trebeki jotzeaz gain, “akordeoia ikertu, eraldatu eta bere egitea” bilatzen baitu donostiarrak, nahi duen soinuaren atzetik une oro. Antzinako musikarekiko jakin-minak eta eremu horretan burutu duen ikerketa lanak ate berriak ireki dizkio, eta horren emaitza da berak propio sortu duen akordeoi mesotonikoa, Errenazimentu garaiko sonoritatera gerturatzen dena. Instrumentu hori oinarritzat hartuta kaleratu du Telleriak Ancient doors bere lehen diskoa.

Nondik eta noiztik datorkizu musikarekiko harra? Eta zergatik akordeoia?

Txiki-txikitatik neukan argi musikaria izan nahi nuela. Umetan, behin eta berriro errepikatzen nien gurasoei kontu berdina. Eta, egia esan, kuriosoa da, nire familian ez delako musikaririk egon, ez da etxean ikusi dudan zerbait izan. Nire ama haurdun zegoela, haurdunaldi prozesuan denbora asko igaro zuen ospitalean, eta denbora guztian musika klasikoa jartzen ziotela kontatzen du beti. Agian horrek ere izango zuen zerikusirik? Instrumentu bat aukeratzeko orduan, gurasoak izan ziren akordeoia aukeratu zutenak, niri garai hartan ez zitzaidan gehiegi inporta. 10 urte nituela hasi nintzen akordeoia jotzen.

Gerora, zer formazio izan duzu?

Musikenen egin nituen goi mailako ikasketak. Ondoren, masterra burutu nuen Alemanian, Eusko Jaurlaritzaren beka batekin. Gaur egun ere sarri joaten naiz Alemaniara. Kon-tzertuengatik, batetik, baina baita ikasketengatik ere. Doktoregoa osatzen nari naiz Hanover-eko unibertsitatean.

Formakuntza bai, baina ume ‘prodijioa’ izan zinela ere esaten da. Zure kasuan, musikaria jaio ala egin egin da?

Egia da umetatik nabarmentzen hasi nintzela, baina arrazoia sinplea da: musika gustatu egiten zitzaidan, eta horrek ordu asko sar-tzera bultzatzen ninduen, baina neuk nahi nuelako, ez zegoen inork horretara behartu beharrik. Beti esaten den moduan, berezko abilezia bat izan dezakezu, baina atzean lan asko egin eta batez ere ordu asko sartu beharra dago, eta nik halaxe egin dut. 15 urterekin egin nuen debuta bakarlari moduan eta ordutik akordeoia eta ni banaezinak izan gara.

Estilo eta garai desberdinetako doinuen uztarketa da zure musikaren ezugarri nagusienetako bat. Antzinako musikaren eta garaikidearen arteko ezkontza da zurea?

Bai, erabat. Fusioaren kontzeptuak bat egiten du defendatzen dudan ideia batekin. Niri, musikari moduan, interesatzen zaidana publikoarekin sortzen den harremana da, komunikazioa. Publikoa da egiten dudan guztiaren oinarria eta helburua. Are gehiago, garrantzitsuena publikoaren per-tzeptzioa da, ez hainbeste oholtzan dagoena. Sekulako musikaria izan zaitezke, baina ezer trasmititzen ez baduzu, akabo. Entzulearengana heltzea da xedea, eta hori modu desberdinetara egin daiteke. Estilo desberdinak jorratzea da aukeretako bat. Nire kon-tzertu batera gerturatzen den publikoaren baitan jende oso desberdina egoten da, bakoitzak bere gustu eta preferentziak ditu. Agian batzuek ez dute estilo bat ezagutuko, baina entzun eta gustatu egingo zaie akaso. Estilo desberdinak lantzen ditut, uste dudalako hori dela publiko anitzera heltzeko biderik onena.

Zaila, beraz, denen gustukoa izatea?

Ezinezkoa. Ez naiz ari esaten beti jendearen gustukoa izan behar duzunik. Oso interesgarria izaten da, kontzertu baten ostean, norbait gerturatu eta pieza hau ez zait gustatu esaten dizunean. Normalean gustatu ez izanaren atzean gauza gehiago egoten dira, eta hortik tiraka beste norabait iristen zara. Gustatu ez zaigun horrek, normalean, bestelako sentsazioak ere sortzen dizkigu, ez gaitu axolagabe uzten. Askotan esaten didate: ez zait gustatu, oso tristea iruditu zait. Hori ere interesatzen zait. Horrek diost entzulearengana iritsi naizela, zerbait transmititu diodala. Artistikoki, garrantzitsuena edertasuna transmititzea da. Baina edertasuna gauza askotan aurkitu daiteke, baita piezarik tristeenean ere.

Musikari izateaz gain, antzinako musikaren ikerketan ere aritu izan zara. Lan horren emai-tza da akordeoi mesotonikoa. Zertan datza?

Iraganeko musika deskubritzeke dagoen eremu bat da, eta niri asko interesatzen zait. Azken urte hauetan alor hori ikertzen aritu naiz eta Errenazimendu garaiko afinazioa eta sonoritatea duen akordeoia sortu dut. Errenazimendu garaian erabiltzen ziren instrumentuetara egokitutako akordeioa da. Oso sonoritate berezia du, iraganeko piezak akordeoi horrekin jotzea ikaragarria da. Egia esan, prozesu luzea izan da akordei hau sortu eta itxuratu artekoa. Batetik, ikertu egin behar izan dudalako ea errepertorio nahikorik zegoen akordeoi honekin jotzeko. Bestetik, instrumentuak Errenazimendu garaian nolakoak ziren ere jakin behar izan dut. Eta, azkenik, instrumentu horien ezaugarriak hartu eta akordeoira moldatu behar izan ditut. Lan handia izan da, baina merezi izan du, izan ere, instrumentu honek eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira. Gainera, honi esker, antzinako musikan espezializatutako interpreteekin lan egiteko aukera izan dut. Etorkizunean ere berdina egiten jarraitzeko asmoa dut: akordeoia jo bai, baina baita ikertu, aldatu eta bide berriak bilatu ere.

Urte hasieran zure lehen diskoa argitaratu zenuen. Nolakoa izan da esperientzia?

Oso ona. Apustu pertsonala izan da, lan asko egin behar izan dut, baina merezi izan du, asko ikasi dut. Akordei mesotonikoarekin egindako piezak daude, baina baita pieza garaikideak ere, orain arte grabatu ez direnak. Emaitzarekin oso pozik geratu naiz.

Memorian gordeta geratu zaizun kontzertu bereziren bat?

Asko egon dira. Musikaria zarenean, kon-tzertu garrantzitsuena beti da datorrena, berdin da aurretik zer egin duzun. Kontzertu bat bukatu eta pozik egon zaitezke, baina biharamunean hurrengoa duzu buruan. Nire kasuan beti da horrela, eta horrek exigen-tzia maila gorenean jartzen du.

Euskal Herrian, eta oro har espainiar Estatuan, akordeoia herri musikari loturiko instrumentua izan da. Horrela izaten jarraitzen du?

Akordeoia instrumentu garrantzitsua izan da herri musikaren barruan, hor eduki du pisu handiena historikoki. Baina asko aldatu da kontua. Gaur egun, musika garaikidearen barruan garrantzia bereganatu du; egunero daude akordeoirako konposaturiko piezen estreinaldiak, mundu osoko antzokietan; hori orain dela 50 urte pentsaezina zen. Hala ere, niri asko gustatzen zait akordeoiaren alde herrikoiena, folkloreari loturikoa, horretaz harro egon behar gara.

Asko bidaiatzen duzu, eta horrek leku desberdinetako errealitate musikala ezagutzeko parada eskaintzen dizu. Desberdintasun handiak antzematen dituzu gure mugetatik kanpo? Musikari profesionalen inguruan, kalitatean, publikoarengan?

Akordeoiaren esparruari dagokionez, adibidez, oso momentu onean gaude Euskal Herrian. Orain dela 20-30 urte inguru, sekulako akordeoi-jotzaile olatua egon zen Euskal Herrian. Orain, kopurua jaitsi arren, kalitatea oso altua da, oso jende ona dago. Iñaki Alberdi bezalako akordeoi-jotzaileak erreferentzia dira, bai hemen eta baita hemendik kanpo ere. Zentzu horretan, nire belaunaldiak zortea izan du, ate asko ireki dizkigulako gure aurreko belaunaldiak. Beraiei esker, orain gauza normala da akordeoi-jo-tzaile batek Espainiako Orkestra Nazionalarekin jotzea, adibidez.

Musikarien maila ez dago zalantzan jartzerik, beraz. Publikoaren aldetik, ordea, askotan esaten da gurean ez direla antzokiak betetzen, batez ere gazte gutxi gerturatzen dela antzokietara? Errealitate berdintsua ikusten duzu Europan?

Desberdintasunak badira, noski. Alemanian, adibidez, kultura musikala itzela da, antzokiak bete egiten dira, baina ulertzekoa da: azken 200 urteetako musikaren historia errepasatzen badugu, konpositore garrantzitsuenak alemaniarrak direla ohartuko gara. Horrek eragin handia du gizartean; musika elementu propio moduan daukate. Heziketari ere garrantzia handiagoa ematen zaio Alemanian, eskola gehiago daude, diru-laguntza eta beka gehiago, eta hobeak. Dena den, Euskal Herrian bide onetik goaz azken urte hauetan. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzengatik ez balitz, musikari askok ez luke formatzen jarraitzeko aukerarik izango. Ni neu horren adibide. Laguntza horiek oinarrizkoak dira.

Talde eta orkestra desberdinekin jotzeaz gain, bakarlari moduan ere bidea egiten ari zara. Nolakoa da bizimodua zu bezalako bakarlari gazte batentzat?

Lan honek, batez ere, asko bidatzea eska-tzen du, kontzertuak ez direlako etxe ondoan izaten normalean. Baina bizimodu honetara ohitu naiz, eta gustatzen zait. Besteak beste, kulturen arteko harremanak bizitzeko aukera ematen dizu, hori da politena. Adibidez, iaz Japonian egon nintzen kontzertu batzuk ematen. Horietako batean, Antonio Lauzirika gasteiztarraren pieza bat jo nuen eta publiko japoniarrari asko gustatu zi-tzaion, partiturak eskatu zizkidaten bukaeran. Benetan polita da, ditugun desberdintasunez harago, musikak gizakiok elkartzeko duen boterea ikustea. Orain, gainera, musikari jarduna irakaskuntzarekin uztartzen dut, Aragoiko Goi Mailako Kontserbatorioko irakasle moduan ari naizelako. Alde hori ere oso aberasgarria da musikari bezala.

Akordeoia eta gitarra uztartzen dituen Hausoka proiektua ere martxan duzu.

Azken aldian ez dugu asko jo, baina proiektu interesgarria da. Askoren arreta deitzen duen formazioa da. Akordeoiak daukan gauzarik interesgarriena da, bere erregistroak aldatuta, soinua asko aldatzen dela. Ondorioz, bestelako instrumentuekin ezkontzeko perfektua da. Proiektu honek erakusten du gitarrarekin bikain uztartu daitekeela, baina baita klarinetearekin edo saxofoiarekin ere. Publikoarentzat sorpresa puntu bat duen intrumentua da akordeoia, eta hori asko gustatzen zait, aukera asko ematen dituelako. Esan bezala, funtsezkoa da publikoarengana heltzea, komunikatzea, baina gainera jendea harritzen baduzu, betirako gogoan izango duen esperientzia bat eskainiko diozu. Hori da artista batek lortu dezakeen gauzarik handiena.