DONOSTIA. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Mikel Laboa Katedrak Mikel Laboari buruzko webgune berria aurkeztuko dute datorren astelehenean, maiatzaren 23an, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

EHUk jakinarazi duenez, Laboaren biografia eta diskografiaren eta kanten informazioa bilduko du web orri berriak, bai musikari dagokionez, bai erabili zituen testuei dagokionez. Gainera, hemeroteka zabal bat ere gehitu da, Laboari buruzko iritzi, kritika eta beste zenbait gorabeherarekin.

Bestalde, aurkezpen ekitaldian Mikel Labora Katedraren aurtengo diru laguntzen deialdia ere egingo da: tesiak egiteko kontratu bat, ikerketa monografikoak egiteko hiru beka eta sormen lanerako bi diru laguntza.

Ekitaldia 11.00etan hasiko da eta Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusiak, Juan Cruz Igerabide Mikel Laboa Katedrako zuzendariak eta Itziar Zubizarreta web orriaren koordinatzaile eta edukien egileak (Marisol Bastida Laboa alargunarekin elkarlanean) parte hartuko dute.