BILBO. Asteazken honetako kontzertua Bilboko Euskalduna jauregian izango da; hilaren 9an eta 12an Donostiako Kursaal Auditoriumean izango dira emanaldiak, 10ean Iruñeako Baluarte Auditoriumean eta 11n Gasteizko Principal antzokian, EOSek jakinarazi duenez.
Viviane Hagner biolonista alemanak (Munich, 1977) 13 urterekin egin zuen nazioarteko debuta, Zubin Mehtak zuzenduta, Berlin eta Israelgo orkestra filarmonikoekin batera eskaintako kontzertuan. Ordutik orkestra nabarmenekin eta zuzendari ospetsuenekin aritu da bakarlari gisa mundu osoan zehar.
Orkestrekin bakarlari modura jarduteaz gain, ganbera musika lantzen du eta biolin irakaslea ere bada Mannheimgo Musika eta Arte Eszenikoen Kontserbatorioan. Horrez gain, haur zein erretiratuentzat ere egiten ditu emanaldiak. 1999tik Nippon Foundation erakundeak utzitako "Sasserno" Stradivarius biolina jotzen du. EOSekin lehenbiziko aldiz ariko den honetan, Viviane Hagnerrek Alban Berg konpositorearen "Biolin eta orkestrarako kontzertua" interpretatuko du. Bergek bere lagun Alma Mahlerren alabaren izaera eta hura heriotzera eraman zuen gaixotasunaren bilakaera islatu zituen pieza horretan.
ZOE NICOLAIDOU
Bestalde, Zoe Nicolaidou Zipreko soprano gaztea Parisko Operako Artista Gazteen Programan aritu zen 2009tik 2011ra bitartean. Hor ekin zion bere ibilbideari, Philippe Jordan, Bernharndt Kontarsky edo Dan Ettinger maisuek zuzenduta. 2011n denboraldiko artista gazte nabarmenari Le Prix Lyrique du cercle Carpeaux saria merezi izan zuen.
Opera abeslari gisa Fantzian, AEBetan, Suitzan, Austrian eta abarretan aritu da eta kontzertu abeslari gisa bere errepertorioak oratorioak zein lan sinfonikoak hartzen ditu; horretan jardun du Portoko Orkestra Nazioanalaren denboraldian, La Roque D'Antheron nahiz Echternach jaialdietan eta beste hainbatetan. Halaber, errezitaldiak eskaini ditu Parisko Palais Garnier, Vienako Musikverein, Erromako Villa Medicis, Txipreko Arts Foundation eta abarretan.
Gustav Mahlerrek bere 4. Sinfoniako azken mugimenduan berreskuratutako "Gazteriaren adar magikoa" bildumako kanta bat interpretatuko du Zoe Nicolaidouk.