IMPAko makina zaharren orroa Querandies kaletik entzuten da, Buenos Aireseko Almagro auzoan. Etengabeko harrabotsa istorio epiko baten soinu-banda da. Orain dela 18 urte, langileek berreskuratu eta porrotetik libratutako lehendabiziko lantegia izan zen IMPA (Industrias Metalurgicas y Plasticas de Argentina). Horrela, Argentinako krisia sormen eta berrikun-tzaz irauli zuen mugimenduaren aitzindari bilakatu zen enpresa.
1928an sortutako nabe hartan, hegazkinak fabrikatzen ziren, baita Eva Peronek herriari oparitzen zizkion bizikleta enblematikoak ere. Behin baino ez zen mutu geratu, 1997an. Aluminio galdaketan ziharduten Argentinako enpresa handienetako bat izatera iritsi zen, 500 langile zituelarik, eta 1961ean kooperatiba bilakatu zen. “Bat-bateko lasaitasun hura, zarata falta hura? ikaragarria zen”. Horrela mintzo zaigu langileetako bat. Isiltasuna porrotaren sinonimo zen. Azken kudeatzaileek ihes egin zuten, zazpi milioi euro baino gehiagoko zorra utzita, hartzekodunen lehiaketa bukatu gabe eta makineria osoa suntsi-tzeko mehatxupean. Langileek hilabeteak zeramatzaten egunean bost peso irabazten (50 zentimo), Buenos Airesen kanpoaldean zituzten etxeetara busez itzultzeko ere ematen ez zielarik. Asko gazteegiak ziren erretiroa hartzeko, zaharregiak beste zenbait lan berri bat topatzeko; hortaz, kalkuluak egin zituzten eta, urtebete beranduago, zorrari aurre egin eta lanean jarraitzeko erabakia hartu zuten, nagusi eta akziodunik gabe.
IMPAren kasua ez zen iraultza proletarioa izan (ez zegoen ezker-ukabilik jasota), langile saiatuen taldea baino ez zen izan, ondoen egiten zekitena egiteko prest: lanean jarraitzeko prest, alegia. “Ez genuen beste aukerarik, tinko eustea besterik”, gogoratu du 63 urteko Julio Monzonek. Eduardo Vasco Murua Argentinako Lantegi Berreskuratuen Mugimendu Nazionalaren presidenteak eta egun bere gerente denak zuzendu zituen IMPAren okupazioa eta diskurtso hura, iraultza edo protestatik ezer ez zuena. “Kideak testuinguru politiko eta sozial ezberdinetatik zetozen, guztia galdu eta ilusio-beharra zuten pertsona askotarikoak ziren”. Ez zen iraultzaile bilakatzeko unea, arazoak konpondu eta enplegu zein duintasuna mantentzea zen helburua, lantegia berriro ekoizpen-bidean jartzeko unea”, azaldu du. Hala, 1998ko maiatzean, 40 langilek zenbait itxialdi-saiori ekin zioten; epailearekin lau hilabeteko negoziazioen ondoren, hartzekodunekin adostasuna lortu zuten eta 10 urteko epea eman zieten zorra kitatzeko. “Zoramena izan zen, pozarren begiratu genion elkarri eta orain zer? galdetu genion geure buruari”, adierazi du kooperatibaren presidente ohi zen Oracio Camposek une hura, gaur egun erretiroa hartuta. Ez zegoen nagusirik, baina ezta argi, gas edo lehengairik ere. Hala ere, Oracioren hitzetan, etorkizuna argi zegoen: “Che, saiatu egingo gara”.
Langileek lortu egin zuten Edesur konpainia elektrikoak euren txeke pertsonalak onartzea eta hornidurari berrekitea. Hala, pintura eta hortzetako pasta hodiak fabrikatzen hasi ziren. “Gogorra eta ederra izan zen”, aitortu du 52 urteko Santos Tapiak, bizirauteko okindegi batean bigarren enplegua zuenak. “Goizeko 5etan hasten nintzen eta gaueko 10etan bukatu, oso nekagarria zen”. Langileen adinak euren alde egiten zuen, esperientzian gehitu egiten baitzuen. 60 urtez salmenta-buru izandako Jose Cortina jauna, lau diktadura militar eta faktoriaren hiru porrot bizi izandakoa, fabrikan berriro hastea gakoa izan zen prozesu hartan. Egun, 83 urterekin, egunero IMPAra joan eta eskariak kudeatzen jarraitzen du.
IMPA berriro funtzionamenduan sartu zenean, fabrika hutsa izateari utzi zion. 20.000 metro karratu horietan kultura jarduerak eskaintzen hasi ziren (antzerkia, dantza edo argazki zein pintura tailerrak), auzoaren mesederako. Gaur egun, Langileen Unibertsitatea, museo bat, irrati bat, online telebista, osasun zerbitzua, adinekoentzako zentro bat eta bigarren hezkuntzako institutu bat dituzte, azken hau gizarte bazterkeria arriskuen dauden baliabide gutxiko gazteei bideratua.
Institutua 2003an inauguratu zen 20 ikasle eta irakaslez osaturiko boluntario talde batekin. 2015ean, 200 gazte eta 65 irakaslerekin, Argentinako Hezkuntza Ministerioaren aitortza ofiziala duen lehendabiziko institutua da, ikasgelak fabrika barruan dituelarik. Gizarte ekonomiaren aldeko apustuaren bitartez, konpainiak iskin egin zion Argentinaren historiako krisirik krudelenari, zazpi milioi euroko zorraren %70 kitatuta. Gaur egun, behin betiko emakidaren zain, muntaketa-katearen distira errepikakorrak bere horretan jarraitzen du lantegian. Zarata langileen barre-algarekin nahasten da, azal higatuekin, ile grisekin eta esku zimurrekin; baita ikasleen eskola-bukaerako iskanbilarekin eta irratiko abestiekin ere. Melodia anitza da, bai; patroi eta zuzendaritzarik gabe ere, oso soinu ona dauka.