BILBO. Alex Sarduik (ahotsa), Gaizka Salazarrek (bateria), Mikel Caballerok (baxua) eta Haimar Arejitak (gitarrak) osatzen dute Gatibu talde gernikarra. 2002an sortu zen eta gaur arte sei disko eta zuzeneko bat argitaratu ditu. Hamarkada pasatxo bateko bizitzan bere lanen joera "soinu naturalago, gozoago eta irekiago baten bilaketan" bideratu du taldeak, "estudioko emaitzak nabarmen hobetuz eta edozein jarrera abangoardistetatik urruti mantenduz".
"Euritan Dantzan" Gatiburen seigarren lana da, Haimar Arejitak eta Iñigo Etxebarrieta 'Pitu'-k elkarlanean ekoitzia Mungiako Muxikon estudioan. Poparen eta rockaren artean dantzan dabiltzan bost abesti berrik, Nashville estiloan egindako Benito Lertxundiren "Loretxoa" klasikoaren bertsio batek eta Nancy Sinatraren "Bang bang (My baby shot me down)" abestiaren estilora gerturatzen den bertso musikatu batek osatzen dute diskoa.
Doinu "irekiagoa, girotuagoa, garbiagoa eta klasikoagoa" bilatu du talde gernikarrak lan honetan, eta bere diskoetatik "naturalena eta bernizadura gutxien daukana da, freskoena". "Erraz harrapatzen gaituzten doinu zuzenez hornitua, pop eta rock klasikoan iradokitutako gitarra zoli eta orekatuek gorputza astintzen laguntzen duten baxu eta bateria borobilekin sinbiosia eratuz", adierazi dute.