Donostia. Besarkada opari bat da, triste dagoenarentzat edo besarkada bat behar duen pertsona ororentzat. Uxue Alberdi idazleak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak album ilustratu bat sortu dute elkarlanean eta orain kaleratu dute Elkar argitaletxearekin. Alberdik idatzitako kopla batzuetatik abiatu eta Gurrutxagaren ilustrazioekin istorio bat sortu dute, "interpretazio asko" onartu ditzakeena, besarkaden inguruko gogoeta librea baita. Bertan, besarkada bat eskatzen duen haur baten istorioa jarraitu daiteke, eta amaieran bera da beste bati besarkada bat eskaintzen diona.

"Helduentzat pentsatutako lana da, baina haurrek ere gustuko izango dute", azpimarratu zuen Gurrutxagak, eta Alberdi ados agertu zen berarekin. "Zuzenean haurrentzat egina balitz, hizkun-tza egokituta egongo zen; hala ere, kantatzen bazaie, gozatuko dute, eta ilustrazio eder hauek ikusten ere bai", gaineratu zuen idazle elgoibartarrak. "Helduak beste hainbat geruzatara iritsiko dira".

Proiektua Alberdik jarri zuen martxan, kopla hauek idatzita baitzituen, baina gordeta. Ilustratzeko moduko lan bat zela uste zuen, eta horregatik jarri zen Gurrutxagarekin kontaktuan. "Lehengo urtean bere proposamenak bidali zizkidan eta koplek hunkitu egin ninduten, beraz, ez nuen dudarik izan lanean hasteko", adierazi zuen ilustratzaile amezketarrak. Behin eta berriz irakurri ostean, irakurketa posible asko sumatu zituen Gurrutxagak, baina horietako bat aukeratu zuen. "Istorioa bakarrik sortzen joan zen, segituan marrazten hasi bainintzen, eta zerbait intuitiboa izan zen, pixkanaka garatzen joan nintzena", azaldu zuen. Bi artistek batera lan egin duten lehenengo aldia izan da, baina jada ezagutzen zuten elkar, hainbat lekutan topo egin baitzuten lehenago.

Zabaltzeko oparia Album ilustratua proiektu honetako zutabe nagusia bada ere, bideo bat ere ezagutzera eman dute. Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak kantatutako koplei musika jarri die Ruben Caballerok, eta Maite Gurrutxagaren irudiek bizia hartu dute BityMina taldeko Arkaitz Barriola ilustratzaileari esker. Grabazioa eta nahasketa Victor Sánchezek egin du. "Besarkada bat oparitzeko modua iruditu zitzaigun, zerbait partekatzeko modu bat", azaldu zuen Gurrutxagak.

Alberdik koplak erabili zituen lehenago gertuko jendeari besarkada bidaltzeko, eta ideia hori eskala handiago batera ematea bururatu zitzaien. "Polita iruditzen zitzaigun jendeak besarkada hori zabaltzeko aukera izan zezan, eta horregatik, Interneten zintzilika-tzea iruditu zitzaigun ideirik aproposena", azaldu zuen Alberdik, horrela, "irisgarria" izan zitekeen eta.

Bestalde, promozio modura ere funtzionatu dezake bideoa, "albumera gerturatu daitezen". "Gaur egun, oraindik kostatzen da helduek album ilustratuetara jotzea, badirudi haurrentzako materialak direla", esan zuen kazetariak, idazleak eta bertsolariak. Hala ere, argi utzi nahi izan zuen lan hau ez dutela ikuspuntu horretatik egin. Liburua jada salgai dago eta 12.50 euro balio du.