BILBO. Bilboko Arriaga Antzokiak Andeka Gorrotxategi tenorea eta Carmen Solís sopranoa elkartuko ditu astearte honetan, irailaren 22an, Rubén Fdez. Aguirre maisuak lagunduta, Giuseppe Verdi eta Giacomo Pucciniren aria eta abesti ezagunenetako batzuk interpretatzeko. Emanaldia 20:00etan hasiko da, antzoki bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Ikus-entzuleek, beste batzuren artean, "Attila" edo "Otello" bezalako Verdiren goi mailako lanetatik ateratako piezak eta "Tosca" edo Madame Butterfly" bezalako Pucciniren lanak entzun eta ezagutuko ditu. "Beraz, goi mailako programa lirikoaz ari gara hitz egiten, Andeka Gorrotxategiren eta Carmen Solísen ahots bikainetan", nabarmendu dute.

Andeka Gorrotxategi ibilbide bikaina egiten ari da eta, azken bi urteetan, mundu osoko antzoki garrantzitsuenetako batzuetan aritu da, XX. mendeko opera interpretazioa markatu zuten gizonezkoen ahots handiak gogora ekartzen dituen ahots ederrari esker. Carmen Solís sopranoak, bere aldetik, nazioarteko sari ugari ditu, herrialde askotako eszenatoki handietan egindako lan bikainari esker. Leku horietan, Plácido Domingo, Pedro Halfter edo Daniel Lipton bezalako izen handien esanetara aritu da.

Bi abeslariekin batera, Ainhoa Arteta edo Carlos Alvarez bezalako bakarlari handien ohiko pianojolea eta Europa osoko opera panoramako abeslari askoren laguntzailea den Rubén Fdez. Aguirre arituko da.

Emanaldirako sarrerak 9,50 eta 32 euro artean eros daitezke, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan edota Arriaga Antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.