DONOSTIA. Koldo Almandozen "Narciso" grabatuko dute lehenengo: Gipuzkoako hiriburuko hainbat txokotan filmatuko da eta Alfonso Torregrosa aktore bilbotarrak parte hartuko du. Paseo Berria edo portua dira zinemagile donostiarrak hautatutako lekuetako batzuk, eta filmatze lanak horietan hasiko dira.
Donostia 2016k jakinarazi duenez, "Kalebegiak" proiektuaren xedea da 12 film laburren bidez Gipuzkoako hiriburuaren erretratua egitea. Ikus-entzunezko proiektu hau Donostia 2016 ekimenaren kultur programaren parte da.
Larrotxene Kultur Etxean jaiotako eta Michel Gaztanbidek eta Jorge Gilek sustatutako proiektu honen bitartez, oraingo eta etorkizuneko talentuen arteko topagune bat sortu nahi da; zehazki, ideiak trukatzeko eta film kolektibo bat sortzeko.
Horrela, Julio Medem, Daniel Calparsoro, Imanol Uribe, Gracia Querejeta, Luisa Berdejo, Borja Cobeaga, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Asier Altuna, Telmo Esnal eta Koldo Almandoz izango dira autore hasiberriekin batera Kalebegiak filman ariko diren ibilbide luzeko zuzendariak.
Uztail hasieran aurkeztu ziren proiektuaren parte izango diren egile gazteen hiru gidoiak. Gidoi horietan oinarritutako film laburretako bat, "El Punto Ciego", ez du bere egileak zuzenduko eta Iñaki Camacho donostiarra izango da lanaren arduradun. Horrela, Camachoren aukeraketarekin itxita gelditu da "Kalebegiak" filman ariko diren 15 zuzendarien zerrenda.
Camacho Ikus-entzunezko Komunikazioan (Nafarroako Unibertsitatea) lizentziaduna da eta Madrilgo TAI eskolan Zine Zuzendaritza diplomatura eskuratu zuen. Azken urteetan errealizatzaile lanak marketin proiektuen zuzendaritzarekin tartekatu ditu. Gainera, lau film laburren grabaketatan parte hartu du, azkena, Larrotxene eta Donostia 2016ren kolaborazioaren ondorio den "Belarra" lana.