Diziplina ezberdinen hibridazioen zale, ibilbide artistiko sendoa garatu duen Mabi Revueltak (Bilbo, 1967) Artiumeko mostran azken zazpi urteetan garatu duen produkzioa laburbiltzen du: arte-hezkuntza, hizkuntza eta jolasa dira bere ikerketa lanaren ildo nagusiak, proposamen plastiko ludiko bezain sendoei bide emanez.

Bilduman ez dira falta karta jokoak, alfabetoak, poesia eta irudiak. Vítezslav Nezval idazleak, Karel Teige artista eta disenatzaileak eta Milca Mayerová dantzari eta koreografoak 1926ko Pragan publikaturiko Abeceda liburua abiapuntu hartuta -non poesia, diseinua eta dantzaren bidez bizitza modernorako alfabeto berri bat proposa-tzen zen-, Mabi Revueltaren proiektuek semantikaren, poetikaren eta pedagogiaren oinarrien inguruan galdegiten dute, instalazio desberdinetan gauzatzen den atmosfera jostalari eta erakargarrian.

Azken urteetan gauzaturiko eta espaziora eta beraien artean modu bikainean moldatzen diren lanak bildu dituzu Gasteizen. Nola ekin diozu pieza desberdinak erakusketa gune berean elkartzeko lanari?

Erakusketa honetarako (arte) liburua erraminta edukatibo legez ulertzen duen ideia kontuan izanik egin dut lanen hautaketa. Hauek sorkuntza prozesuetan eta kulturaren eraikuntzan jolasaren kontzeptuak duen garrantziaren arabera artikulatu ditut. Hala, Jostailu hautsiezinak erakusketaren bukaeran agertuz doazen erlazioen korapilo gisa osatzen diren obren konstelazioa da nire ustez: batetik, alfabetuen zeinuak eremu plastikoetarantz, hitz-jokoetarantz eta arte-pedagogiarantz hedatzen dira; bestetik, konstrukzio jolas eta jostailuen mundua irudikatzen da izaki ludikoa proiektatu guran, jolasa lehia hutsetik urrunduz.

Zure lan askok I. Mundu Gerraren aurrean mundu berri baten oinarriak ezarriko zituen hizkuntza berri bat sortu nahi zuen txekoslovakiar abangoardian dute abiapuntua. Zer gaurkotasun du ia ehun urte beranduago jarrera utopiko eta positibo hark?

Galdera hori erantzutea da, hain justu, Abeceda liburua gaurkotasunera ekartzeko arrazoietako bat. Alfabetoa abiapuntu izatea esentziala denaren gainean kontziente izatea da, komunikazioan ikasi eta desikasi egin behar izan ditugun zeinu multzoez ari baikara. Ikasitakoa ahaztearen jarrera utopikoak ondo adierazten du gure oraina, hau da, mundua aldatzeko desioak hoberen mikroutopietatik definitzen diren garaia. Ekintza txiki ugariren bidez posible da komunitatea eraldatzea, pertsonen garapenean arreta jartzen duen eta guztiontzat bizigarria den gizartea lortzea. Kentzeko baino gehitzeko leku bat.

‘Cuaderno de notas para Geómetra’ (2015) laneko irudi eta testuek ezagutza forma zaharrei egiten diete erreferentzia, mundua uler-tzeko modu narratibo eta analitikoen arteko konexioak iradokiz. Humanitateen eta zien-tziaren arteko diferentziak gero eta handiagoak direnean, nola ulertzen dituzu poetikaren eta lengoaia analitikoaren arteko erlazioak?

Cuaderno de notas para Geómetra lanean Geómetra izeneko naipe gaztelua sortzeko lan prozesuak agertu gura izan ditut. Karta gazteluan itxura batean irudiak modu aleatorioan kokatuak diruditen arren, ohar koadernoa ezagutza, desio eta irakaskuntza espazio batera garamatzan narrazio-multzoa da. Geometrialaria izatea -genero bako hitza, nahiz zientziak beti alderdi maskulinoa azpimarratu- naipe etxeak eta munduak eskaintzen dizkidan geletarako arkitektura emozional bat garatzeko gai izatea da nire ustez.

Forma -diseinua, egitura, irudiak, poseak- eta esanahia -hizkuntzaren eduki semantikoa- zuzenean daude erlazionatuta zure lanean. Nola ulertzen duzu harreman hori? Esango zenuke badela hierarkiarik bataren eta bestearen artean?

Divertimentos tipográficos (2010) lanean oso argi ikusten da sintaxiaren eta semantikaren arteko erlazio sinbiotikoa. Helburua edukiekin, letra bakoitza esangura edo leku batekin, erlazionatzen duen tipografia bat (zeinu diferenteak antolatzeko prozesu matematikoa eta arrazionala) konposatzea da. Niretzat ideiaren formalizazioa edukia bezain garrantzitsua da, beraz biak maila berean leudeke.

Jolas eta jostailu-hezigarriek eremu pedagogikoan duten garrantzia azpimarratzen duzu, zure lanari hertsiki loturiko ideia delarik honakoa. Mintzaira ludikoa erabiltzeaz batera, horien eraginkortasunaz gogoeta egitean publiko jakinen bat duzu buruan?

Publikoa, ezinbestean, 0 eta 100 urteen artean egon beharko litzateke, batez ere ludikoarekiko gure jarrera bizitzan zehar aldatu egiten baita. Jolasa funtsezko funtzioa da gizakiarentzako, umetan ez baldin badugu jolasten ikasten nekez sozializatuko baikara nagusitan. Arazoa da gure izaera ludikoa desagertu egiten dela adinarekin, eta haurtzaroan jolas librea dena berreskuratu beharreko helburu bihurtzen dela urteekin, batez ere helduaroan.

Musika, kartak, irudiak, letrak eta poesia elkarrekin nahasten dira zure jokoetan. Badira lengoaiak lan pedagogikoa errazten dutenak, ala dena da jolaserako baliagarria?

Aurkezten ditudan jolasen prototipoek XXI. mendean hezkuntza eremuan artearen funtzioak zein izan beharko lukeenhausnartzeko balio didate. Uste dut garrantzitsua dela artearekin eta kultura bisualarekin lan egitean garatzen diren gaitasunak, ezagutzak eta jarrerak azpimarratzea, eta jolas horiek eskaintzen dituzten aukera anitzen adibide bat baino ez dira nire piezak. Artearen eta hezkuntzaren arteko espazio soziala eta bitala oso aberatsa da, eta asmoa artistek beraien lanekin transmititzen dizkiguten ideiak banako gisa geure burua eraikitzeko zein baliagarri zaizkigun ager-tzea da.

Zure lan batean hurrengo esaldia irakurri daiteke: ‘Nire bihotzarekin jostailu bat bailitzan jokatzen duzu’. Era berean, mostrak ‘Jostailu hautsiezinak’ du izenburua. Nola abordatzen duzu jostailu apurtuaren metafora?

Denboraren iragatea eta existentziaren hauskortasuna nire lanean errepikatzen diren bi gai dira, kasu honetan hautsitako jostailuaren metaforaren bidez landuak. Nire biho-tzarekin jostailu bat bailitzan jokatzen duzu obra noizbait apurtuko den zeramikazko lana da, iraganetik heltzen zaizkigun zeramikazko pieza gehienak bezala. Benetan hautsiezina gertaera katastrofiko baten ostean gizaki edo gizarte bezala berreraikitzeko dugun gaitasuna da, artea katalizatzaile gisa erabiliz. Metaforekin jarraituz, hausten diren portzelanazko piezak zaharberritzeko kintsugi izeneko teknika harrigarria erabiltzen dute japoniarrek, istripuaren kontra baino honen alde eginez, erakusketako pieza batean egin bezala.

‘Playtime’ (2008-2015) -ariketa ugari ahalbide-tzen dituen idatzitako araurik gabeko jolasa- artista, hezitzaile eta sorkuntzarekin erlazionaturiko kolektiboen laguntzarekin gauzatu duzu. Nolakoa izan da taldeko lana eta nola eragin du azken emaitzan?

Proiektu hau erronka pertsonal bat izan da niretzako, batez ere denboran zehar luzatu den ideia bati ekiteko esfortzuagatik. Hasieratik argi neukan erraminta hezitzaile honek praktika artistikoan interesa duenari prozesu ezberdinak eskaini behar zizkiola, izan irakaskuntza formaletik edo ez formaletik (bakoitzak bere etxean, kasu). Proiektua ondo definitzeko graduondo bat egin nuen Valladolideko Unibertsitatean eta ondoren sorkuntzaren munduko 30 profesional gonbidatu nituen gidoi baten arabera proposamen pedagogiko bat gauzatzeko. Emaitza zinez da aberatsa, sortzaileak legez, arte garaikidera modu errazean hurbiltzeko errekurtso ugari biltzen baititu. Orain hurrengo faseak proiektatzen ari naiz, uste baitut ez dagoela espazio pedagokiko hain singularra eskaintzen duen ikerketarik.

Pedagogiaren eta artearen arteko erlazioak zure ikerketaren gai nagusietakoa izanik, nola baloratzen duzu, batetik, artearen egoera hezkun-tza sistema garaikidean eta, bestetik, hezkun-tza artistikoaren eta pedagogiaren egoera artearen munduan?

Hezkuntza sistemaren erronka handiena egun jakintza-boterea binomioak funtziona-tzen ez duen munduan nola ikasten den sakonki hausnartzea da. Desiragarria litzateke materia guztiak plano berean erlazionatzea, ezagutza maila eta ebaluazio hierarkia barik. Horren adibide izan daiteke ikasleek Picassoren Avinongo andereñoak eta Einsteinen Erlatibitatearen Teoria espazioari eta denborari buruzko ohar koaderno bat osatu bitartean erlazionatzea. Bigarren Hezkuntzan lanean aritu nintzenean diziplinartekotasunaren beharraz ohartu nintzen. Eskulanak egitea baino, ikasleei errekurtsoak ematea da Hezkuntza, eta horretarako ezinbestekoa da erabiltzen ditugun paradigma zaharkituak gainditzea, Maria Acaso adituaren ildotik.

Hezkuntza artistikoari dagokionean, egun bada kolektibo frankotiratzaileen edo ikerketa unibertsitarioaren baitan ekintza eremu interesgarririk, Pedagogías Invisibles taldea edo Mediación Artística, esaterako. Horiek guztiek izatearen eraikuntzan eta gizarte eraldaketan artearen papera zein den birpentsatzen dihardute.