donostia - Lehenengo Mundu Gerra historian gertatu den gatazkarik gogorrenetarikoa izan zen, Iparralden 6.000 hildako eta 4.000 zauritu utzi zituelarik. “Hori ez errepikatzeko, aurretik jazotakoa ikertzea beharrezkoa da”, adierazi zuen Patri Urkizuk (Lezo, 1946) 1914-1918 Lekukoak liburuaren aurkezpenean. Ia 300 orrialdetan zehar, gerra garaian bizitakoen testigantzak bildu ditu. Egiazko testuak dira, etxeko euskaran idatziak eta Urkizuren ustetan, XX. mendeko idazle hoberenetarikoek eginak, esaterako, Jean Etxeparek, Kirikiñok, Txirritak eta Etxahun-Irurik.

Kronikak, gutunak, hilen omenezkoak, eleberriak, poesia, koplak eta bertsoak, antzerkiak eta bestelakoak aurki daitezke Maiatz elkartearekin batera argitaratutako lanean. Modu honetan, orduko euskaldunek gerrari buruz eskainitako hitzak ezagutzera eman ditu idazle gipuzkoarrak. “Modu xume batean, dibulgazio lan bat egin nahi izan dut”, adierazi zuen, agian irakasleentzat baliagarri izan daitekeela gaineratuz.

edukiak Sarrera nahiko luze baten ostean, kronikak agertzen dira lehendabizi. “Benetan testu hunkigarriak dira hauetako asko”, adierazi zuen Urkizuk. Adibidez, zuberotar baten hitzak nabarmendu zituen: “A.I.-k sinatzen ditu, ezin izan dut aurkitu nor den, baina dozena bat kronika lortu ditut, Serbiatik bidalitakoak”, esan zuen. Bestalde, emakume bakarra ageri da liburuan, anonimo bat. “Asko kosta zitzaidan topatzea; testu bakar bat aurkitu nuen eta urte horretan pasatako guztia arakatu ondoren ere ez nuen beste ezerrekin topo egin”, penatu zen. “Kronika hauetan ez da beldurra nabaritzen, baina ondoren lekukoek ez dute gertatutakoaz hitz egin nahi”, azpimarratu zuen egileak. Gutunei dagokienez, soldaduek etxera bidalitako eskutitz eta postal ba-tzuk bildu ditu, “gehienbat, bizirik zeudela adierazten zutenak”.

Gerra horretan girotutako bi eleberriren zatiak ere aukeratu ditu 1914-1918 Lekukoak liburuaren egileak, Jean Barbieren Verdunen (1929) eta Xabier Montoiaren Hezur gabeko hilak (1999), hain zuzen ere.

Poesia eta bertsoez ere mintzatu zen Urkizu. “Guztira 24 idazle aukeratu ditut sail honetan, askoz ere gehiago bazeuden ere”, esan zuen, eta Kepa Enbeita, Juan Jose Sarasola eta Jose Ramon Taberna aipatu zituen, besteak beste. “Asko interesatu zait nahiko ezezaguna den autore bat, Julien Laplace -jarraitu zuen-. Europari buruz ari da bere olerkian eta hitz horiek idazteko, adimen handiko pertsona izan behar da”.

Antzerkiari dagokionez, hiru pastoralen zatiak bildu ditu: “Alemanak eta frantsesak batera kantatzen agertzen dira”. Etienne Decreptek idatzitako opera ere nabarmendu zuen, Semetxia izenekoa. “Gerra honen ondorioz, jende asko umezurtz edo alargun gelditu zen, eta horretaz hitz egiten du testuak”, azaldu zuen. Bestalde, Pierres Lafitteren Egiazko argia antzerkia aipatu zuen. Bi soldaduren arteko solasaldia ageri da, 1916. urtean kokatua. Bestelakoak biltzen dituen sailean testu ugari ikus daitezke: pinturak, tesiak eta hildakoei eginiko monumentuak, adibidez.

Hau guztia biltzeko, Urkizuk eginiko lana ez da makala izan. “Gerraren urteurrena dela eta, horren inguruko informazioa bilatzea erabaki nuen”, azaldu zuen. Abiapuntua beste idazle batzuk egindako liburuak izan ziren, eta horien lanak zabaltzen saiatu zen, bilaketa osatzen. “Gaur egun, Interneten informazio izugarri aurki daiteke, eta iturri garrantzitsua izan da hau egiterakoan”, gaineratu zuen.

Autore batek idatzitako zerbait aurkitutakoan, berari buruzko informazio gehiago bilatzen zuen, eta azkenik, bakoitzari buruzko biografia txiki bat idatzi, argazkiekin osatua. “Euskalduna astekaria ere iturri handi bat izan zen, eta jendeak gordeta zituen beren arbasoen postalak eta gutunak ikusteko ateak zabalik izatea oso lagungarria izan zen”, adierazi zuen.