mojak bota zion hamar urteko neskatila isilari:

-Eta zuk, zer izan nahi duzu handitan?

Neskatoak, galdera inondik inora espero ez zuela, hitzik ezin ahoskatu eman zituen ondoko segundoak, zer demonio esan jakin gabe, otu zitzaion lehen ogibidearen izena eman zion arte, amaren azokako lana gogoan:

-Saltzailea?

-Eta hori erantzuteko hainbeste pentsatu behar izan duzu?

Neskatoa bere buruari halakorik galdetu gabea zegoen oraindik; etxean ikusi eta ikasitakoa etorri zitzaion gogora, besterik ez. Baina 60. hamarkadako moja-maistra hari ez zi-tzaion, nonbait, prestigiozko ofizio iruditzen saltzailearena, ez eta deliberatuki norbaitek etorkizun polita izateko aukera zezakeen lanbidea ere.

Prestigioetatik haratago, egungo egoeraren ziurgabetasunarekin lan-etorkizuna irudika-tzeko burukomin ederra ekartzen ari da garaia. Ikastea hautatutakoak etorkizunik izanen duen zalantza betez bizi da estudiantea; bokazioa edo gustuko dena versus komenientzia edo apustu segurua talka bizian daude (ahaztu gabe zer ikasi, zer izan jakin ez dakienaren egoera, kasik bekatari baita).

Etorkizuneko ofizioak zeintzuk izanen diren esaten hasiak dira merkatuaren behatzaile eta aztertzaileak; ingeniaritza, genetika, psikologia eta osasun mentala, abeltzaintza ekologikoa, elikagaien zientzia, segurtasun eta ingeniaritza informatikoa, medikuntza, nano-teknika, itzulpengintza, mundu digitalaren irakasleak, entrenatzaile pertsonalak, amets diseinatzaileak? eta uholde hauei begira ari da, desesperoan, urte gutxian lan munduan hasi nahiko lukeena.

Internetek eta teknologia berriek iraultza handia eragin diote sektore askori, eta ia ezinezko gertatzen da, zentzu horretan, etorkizuneko lanbideak zehaztea; esaten baita, izatez, etorriko diren ofizio gehienak ezagutzerik ez dagoela.

Naturala den gisaz, ofizio asko desagertu da, beste asko eraldatu eta egokitu, ez da fenomeno berria. Egokitzapen gaitasuna ezinbesteko baldintza da betiko. Lanbideen behin-betikotasuna, gainera, utopia samarra izanen omen da, proiektuei lotutako lanaldi jakineko postuak izanen baitira, sarri, nagusi.

“Gero eta konplexuagoa den mundu batean, bere existentzian zehar hainbat lanbide izaten behartua izan baitaiteke gizabanako oro, bizitza osoan ikasten segitzea ezinbestekoa da” (Peter Drucker). Ikasteari ezin zaio, beraz, utzi (baina talentu eta lehiakortasun senik gabe, sortu eta eraberritzeko gaitasunik gabe, jai dugula dirudi; kasu!).

Mojak itaundutako haur hura, gerora, feniziarrak eurak baino merkatari hobea izan da, beharrak ekarritako ogibide hartatik dohaina etorri baitzitzaion, eta ondotik, zaletasuna. Kontuan hartu beharko dugu, bada, Aristotelesek aspaldixko iragarritakoa: “zure talentuak eta munduaren beharrak gurutza-tzen diren horretan dago zure bokazioa”. Agian gauzak ez dira hainbeste aldatu.