BILBO - Irakurleak ezuste galanta hartuko du Elorriagaren nobelarekin. Batetik, ez da ohiko eleberri bat. Bestetik, gaitzena egin du oraingoan algortarrak: estiloz aldatu. Horretarako, kronika, historia eta ipuingintza nahastu ditu maisuki, biolentziaren mapa izugarri bat osatuz, Algortan abiatu eta mundu osoan zehar hedatzen den odolezko erreka bat.
Behin esan zenuen liburu bat idatzi ostean beti prestatu behar izaten dituzula ‘kazetarientzako pilulak’, hau da, lana deskribatzeko esaldi jakin batzuk. Prestatu dituzu?
-Gutxi gora-behera bai (barreak). Irene Arrias izeneko neskaren bizitza deskribatzen du liburuak, eta zelan bere inguruan sortzen den espiral moduko bat, biolentziaz jositako espirala, hurbiletik hasi eta urrunera joaten dena. Biolentzia mota bi hartu ditut ardatz: bata, euskal herrietakoa, eta gero beste batzuk, batez ere Ruandakoa. Oso diferenteak baina nahiko hurbilekoak era berean.
Laster aterako zaizu baten bat esaten ez direla konparagarriak.
-Nola ezetz? Nik alderantziz esango nuke. Hain zuzen, diferenteak direlako konparatu daitezke. Baina ez ditut konparatu, ez. Begien aurrean jarri ditut bi errealitate. Ikusteko biolentzia zein hedatuta dagoen eta batzuetan zein antzekoa izan daitekeen. Baina ez naiz heldu ondorioetara, horra irakurlea helduko da, baldin eta heltzen bada. Askotan, biolen-tziaren oinarrietan beti daudelako antzerako kontuak. Orain dela gutxi entzun nion Santiago Roncagliolo idazleari esaten idazle bat ez dagoela eztabaidak ixteko, zabaltzeko baizik. Ados nago. Horretan nabil.
Aurrekoak ikusi (batez ere lehenengoko hirurak), eta esan daiteke haserretuta ida-tzi duzula ‘Iazko hezurrak’. Modu konpultsiboan ia-ia, batez ere lehen zatia.
-Ahalagintzen naiz idazten niretzat esentzialak diren gauzetaz. SPrako Tranbia lanean esentzialak ziren zahartzaroa eta familia, eta familiako zaharrak, memoria, gaixotasuna...; bigarren liburuan jolasa, familiako hartu-emana; diktadura ere esentziala izan da niretzat; bizi ez dut bizi, baina nire herentzia guztia diktaduratik dator, hizkuntza aldetik, esate baterako. Eta azken lan honetan biolentzia da ardatza, gure belaunaldiak hurbiletik bizi izan duelako: atentatuak, jendea kartzelan, hurkoaren ezin ikusia... Gogoan dut nola 9-10 urterekin ikastolatik etxerako bidean politikaz hitz egiten genuela. Hamar urterekin horrela genbiltzan. Politika oso present zegoen gizartean. Eta horrek egin gaitu; gure egitura mental ba-tzuk hortik datoz. Eta mala letxe apur bat badago, jakina, astakeri itzelak entzuten direlako, eta iritzi merkeak hain konplikatua den kontu batez. Hemen erraz jartzen dira estereotipoak, zein den txarra, zein gaiztoa, zein ona, eta nik manikeismo horretatik urrundu nahi izan dut liburuan.
Gizartea lasaiago dago pertsona definitu edo markatuz.
-Jakina. Eta komunikabideetan beste horrenbeste. Egunero erabiltzen den manikeismo horrek ez nau konbentzitzen: Eje del Bien, Eje del Mal, hau da txarra, hau da ona, nirekin zaude edo nire kontra. Eta joko horretan nahaspilatuta geratzen gara, atzean zer dagoen jakin gabe.
Espainiako Sari Nazionala irabazi zenuenean ere ahalegindu ziren zu ‘kokatzen’? Gaitza da ‘ekidistantea’ izatea.
-Uf, berba horrek? Hasteko, ekidistantziarena akusazio bat da, baina afirmazioa balitz ere perbertsoa izango litzateke. Hau da, termino hori erabilita, honakoa ari dira esaten: “Koldarra zara, ez duzu bataren alde edo bestearen alde egiten”. Edo, bestela esanda, ez duzu bata edo bestearen kontra egiten. Zure egoera gozoan gelditzen zara busti gabe. Baina, zer dago sakonean? Niri (kazetari, politikari...) interesatzen zait non zauden jakitea, etiketatu nahi zaitut, lan intelektuala errazteko, nire bizitza erosotzeko eta nire ekina minimiza-tzeko. Nire alde bazaude, zu mimatzeko; nire kontra bazaude, deusezteko. Akusazio hori betiko manikeismo inozoan geratzen da, Estatu Batuetako presidente hark esaten zuen bezala: gaizkiaren ardatza da bestea, nire kontra dagoena. Manikeismo horretara bultzatu nahi gaituzte, infantila ia, mundu ikuskera murriztu horretara. Ekidistantziaz hitz egiten duena bera da murritza eta, aldi berean, dena murriztu nahi duena, urritu, sikatu eta usteldu (gatazka bizitu baino ez du egin nahi). Eta zaku horretan sartu nahi du pentsatzeko ahalegina egiten duena ere. Baina, Julio Cortázarrek esan zuen moduan, “bizitza pentsatzen duen pertsonak”, hain zuzen ere, kontrakoa egin behar duela ematen du: alde biak (edo hirurak edo laurak edo hamaikak), aztertu, analizatu azken xehetasuneraino, eta mundu ikuskera guztien elementuak adierazten ahalegindu. Kontrakoa eskatzea, aurretik esan dugun guztiagatik, perbertsoa da eta ekidistantzia terminoa jaurtigai moduan erabiltzen dutenen maila (intelektuala eta etikoa) uzten du agerian.
Gutxitan jartzen gara bestearen lekuan.
-Hori da, eta horrek haserretzen nau.
Lehenengoko hiru liburuekin ziklo bat itxi zenuen. Bost urteko isilunea apurtu duzu orain. Zer esateko premiaz bueltatu zara literaturaren plazara?
-Beste ziklo baten segida da liburu hau, Londres kartoizkoa da (Elkar) nobelaren ildotik, baina beste modu batera eginda. Hura sinbolikoagoa zen eta hau errealagoa, errealitatearekin lotuago dago. Indarkeriari buruzko gogoeta bat da, oso gogoeta pertsonala, unibertsalera helduko ez dena inoiz. Azkenean, zuk aukeratzen dituzu biolentziak, mugatu behar duzu zelan edo halan. ETAren ekintzak agertzen dira, Algorta eta herri horren inguruan izandakoak, ez denak.
Sufrikarioaren mapa lako bat osatu duzu, bide berria gure Golgota mendira.
-Mapez egindako liburu bat da, bai. Algortakoa gero Euskal Herrira zabaltzen da, gero mundura... Hasieran, beste titulu bat zeukan: Iazko txakur hilak. Berez, hori dator esaera zahar batetik: Iazko asto hilak, aurten lurruna. Titulu gozoago bat ipintzekotan ibili nin-tzen, eta horietako bat zen Zortzi mapa.
Zurearen lehenengoko orrialdeak tentuz irakurri eta Harkaitz Canoren ‘Twist’ etorri zitzaidan gogora, prosaren erritmoagatik.
-Bitxikeria bat: Twist atera zenean, lehen kapituloa irakurtzen hasi eta harrituta geratu nin-tzen: nirearen oso antzekoa zen, baina nik baneramatzan bizpahiru urte nirearekin, 2009an hasi bainintzen nobela hau idazten. Orduan, nirea berari bidaltzea otu zitzaidan, Harkaitzi erakusteko nirea ez zela berearen kopia edo plagio bat. Eta bere erantzunean zera gehitu zidan: begitandu zitzaiola hiltzaile bat dagoela mapa bat destolesten, eta destolestu ahala odol-orbanak uzten dituela munduko parte desberdinetan. Irudi ederra begitandu zitzaidan.
2010ean entzun nizun esaten bazenuela amets bat, errepikakorra: ikusten zenuela emakumezko bat ihes egiten, zaurituta, ospitalerako bidean... Eta 2014an amets hori paperean islatu duzu, liburu honetan.
-Bai, aspaldikoa da liburu honen ideia, eta Londres kartoizkoa da idazten nenbilela ere buruan neukan hori. Liburu bat egiten zabiltzanean, prestatzen duzu dena, egina duzu eskema mentala... Eta heltzen da momentu bat, erditik aurrera edo, non ez duzun beste ezer pentsatu behar: bakarrik idaztea geratzen zaizu. Eta liburuan ez duzu sormena erabili beharrik, eta hurrengokoa irudikatzen hasten zara. Hori gertatu zitzaidan amets horrekin. Ideia hori, emakumezkoarena, 2007 edo 2008koa.
Ez da lan berrian sartu duzun amets bakarra?
-Ez. Ihesaldia idazten nenbilela, momento oniriko bat deskribatzen nenbilela, justu gau horretan beste amets bat izan nuen. Gorrondatxe edo Azkorri inguruan lagun batzuekin nengoela, errugbian jokatzen edo? Eta baloiaren ordez untxi baten buru bat geneukan eskuetan, eta untxi hori ere sartu nuen liburuan.
Eskailera horri jarraituz, hurrengokoa zer izango den agian badakizu.
-(Barreak) Bai, ipuin-liburua izango da.
Ipuingiletzat daukazu zeure burua baina oraindik ez daukazu ipuin-libururik, ez behintzat modu ‘ortodoxoan’ ipuin-liburu bezala har daitekeenik.
-Tira, orain arte egin ditudanak ez dira nobelak niretzako, bost liburu dira. Nire lanak dira nahaste bat, non ipuinak pisu handia duen beti. Eta oraingo honetan ere hiru ipuin sartu ditut. Muga barik eta lotura barik idatzi ditut, eta hor eroso sentitu izan naiz. Esfor-tzua ere ez da berdina, ipuina askozaz gozoagoa baita idazteko. Eta nik uste liburu honetan onenetakoa ipuinak direla. Denborak esango du, baina ez dakit askozaz gehiago idatziko dudan; hori bai, nire idazle ibilbidea amaitu aurretik ipuin-liburu bat idatzi nahiko nuke.