donostia - Bere izena gazte literaturarekin lotuta badugu ere, oraingoan helduentzako eleberria dakar John Andueza (Burns, Oregon, 1966) idazle eta kazetariak. Prime-time (Elkar) da irakurle helduei begira idatzitako lehen liburua, eta telebistaren munduan girotuta dago, Bilbon. “Askotan uste dugu horrelako istorioak Estatu Batuetan bakarrik gertatzen direla”, azaldu zuen idazleak atzo liburuaren aurkezpenean. Hori egia ez dela frogatzeko, telebistaren “glamourra” eta komunikabide honek gizartean duen eragina aprobetxatuz, eskandaluz betetako thrillerra osatu du.
Nobelako protagonistak Bala eta Klemente dira, Ertzaintzatik bota dituzten bi langile. Detektibe pribatu bihurtu dira, eta beren bizitzako kasurik garrantzitsuenarekin topatu dira: telebistako jauntxo baten gorpua agertu da haitzetan txikituta. Trama korapilatsu baten hasiera izango da, eta liburuko azken orrialderaino idazlea erne mantenduko du. Idazkerari dagokionez, Anduezaren estilo pertsonala nabari da. “Gainera, era bitxian ida-tzita dago, saltoka aritu bainaiz, plano desberdinetan idaztea gustatzen zait”, adierazi zuen. Bere ustetan, liburuak nobela beltzaren konbentzio ba-tzuk mantentzen ditu, baina bere estilo “negoziaezina” du. “Berezi xamarra da liburua, nortasun berezia duela esango nuke”, gaineratu zuen.
Nobela beltzera saltoa natural atera zaio. “Gehien atsegin dudan generoa da, eta azkenean animatu egin naiz”, onartu zuen. “Idatzitakoaren mamiarekin asetu naiz, trama potentea iruditzen zait”, gaineratu zuen. Hala ere, oraingoz ez dauka Bala eta Klementeren istorioekin jarraitzeko planik, “denborak erakutsiko digu” .