Donostia - Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, Sustrai Colina eta Xumai Murua arituko dira bihar nor baino nor Baionako Lauga Gelan jokatuko den Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroako Bertsulari Txapelketeren finalean. Urriaren 4an Muskildin hasi zen lehiaren azken hitzordua arratsaldeko 17.00etan hasiko da.

Bertsozale Elkarteak gogoratu zuenez, sei finalistetik bost dira aurretik finalean arituak. Ramuntxo Christy da aurtengo berritasun nagusia. Maddalen Arzallusek ez zuen parte hartu orain dela bi urteko txapelketan, baina lehendik finalean aritua da.

Aurtengoan, txapeldunari Txomin Ezponda bertsolari baxenafartarrak jantziko dio txapela. 50 urteko ibilbidea egin du Ezpondak plazetan, eta berari buruz orain urte batzuk Hitzetik Hortzera saioak egindako erreportajea ikusgai dago Bertsoa.com webgunean. Horrez gain, sari berezi bat ere emango dute: finaleko bertsolarien artean kantaera aberatsena darabilenari Txato saria.

Bertsoak zuzenean eskainiko du finala eta ETB1ek laburpena emitituko du gauean. Sarrerak aurrez eskuratu daitezke bertsosarrerak.eu atarian edo Iparraldeko zenbait puntutan. Laugako leihatilak eguerdian zabalduko dira. - N.G.