Donostia - Jasone Osororen nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. 26 lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Osororen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria bihar arratsaldean emango zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan. Sick du behin-behineko izena Osororen proiektuak. Berta deritzan emakume baten 24 ordu kontatzen dizkigu, ohean datzala Edith Piaf-en Non, je ne regrette rien entzuten, barrutik hautsia, bere bizitzaren errepaso bat eginez eta berekin harreman estua izan duten pertsonaiekin barne-bakarrizketan: ama, aita, senarra, alaba? Urtebete du Osorok proiektua ontzeko eta amaitzeko. - N.G.