Kanpamentua Donostian duen nomada dugu Ander Izagirre (Donostia, 1976). Kazetaria eta bidaiaria edo bidaiaria eta kazetaria. Han-hemenka ibiltzen da, munduan zehar istorioen bila. Besteen bizimoduarekiko jakin-mina du. Horretarako "tresna" oso egokitzat du bidaia; kazetaritza aldiz, "istorio horien berri emateko". Txernobil txiki bat etxe bakoitzean liburua argitaratu berri du Gaumin argitaletxearekin. Ez da edonolako liburua, irakurketa errazekoa baita hau. Formatu honetan euskaraz argitaratzen den lehen aldia dugu.
Zergatik zu Irakurketa Errazeko liburu bat idazten lehena (Fernando Morillorekin batera, noski)? Nola suertatu zen aukera?
Argitaletxearen eskaera bat izan zen. Xedea irakurketa errazeko liburuak euskaraz argitaratzen hastea zen, formatu horretan ez baitzegoen ezer. Katalanez zeuden bi liburu itzuli zituzten horretarako eta Fernando Morillok bat idatzi zuen, bera Gaumineko zuzendaria da. Beste idazle baten bila zeuden eta niri deitu zidaten. Oso lanpetuta nengoen, baina asmoa zein zen kontatu eta irakurketaren plazer hori normalean irakurtzen ez duen horri zabaltzea oso polita iruditu zitzaidan. Baiezkoa eman nien orduan eta aurretik landuta neukan gai bat hartu genuen, horrela idatzi nuen Txernobili buruzko liburu hau.
Nola moldatu zara hain 'mugatuta' idazteko?
Niretzat esperientzia zaila eta polita izan da aldi berean, egia da normalean idazterakoan erabiltzen ditugun baliabide edo teknika ba-tzuk ezin dituzula erabili edo aldatu egin behar dituzula. Irizpide ba-tzuk daude hor, adibidez, esaldi sinpleak izan behar dira, lexikoak ezin du zaila izan, ezin da denboran salto handiegirik eman? Batzuetan kostatu egiten zitzaidan baina, editoreen iritzia ere baneukan nola egin markatzeko. Azkenean konturatu nintzen erraz irakurtzeko testuak izan behar dutela baina, horrek ez duela esan nahi idazteko errazak direnik. Niretzat gimnasia moduko bat izan da, esperientzia polita.
Erronka antzeko bat?
Bai, eta atsegina. Nik Txernobili buruzko istorioak gaztelaniaz ida-tzita neuzkan, inolako muga formalik gabe. Gero konturatu nintzen gai bera modu xumean kontatuta ere oso indartsua dela. Mamia ona denean modu sinplean kontatuta ere istorioa erakargarria izan daiteke.
Zergatik hautatu duzu Txernobil?
Azaroan bidaia bat egin nuen Ukrainara eta liburua idaztea proposatu zidatenean, denon artean hitz egin eta Txernobilena aukeratu genuen gai erakargarria iruditu zitzaigulako. Gainera, Euskal Herriarekin lotura txiki bat ere badauka; Txernobil elkarteak haurrak ekartzen baititu hona udan eta kuriosoa da baina, gu han geundenean, konturatu ginen badaudela haur eta gazte asko euskaraz hitz egiten dutenak. Oso polita zen hango elkarrizketak ukraineraz eta euskaraz izaten zirelako eta horri esker bertakoen istorioak ezagutu genituen.
Julia eta Igorren bitartez Txernobileko katastrofea kontatu duzu, fikziozko pertsonaiak, suposatzen dut, baina hori baino ez du fiktiziotik liburuak, ezta?
Berez, bi pertsonaia horiek ehuneko laurogeita hamarrean errealitatezko pertsonetan oinarritutakoak direla esan daiteke. Gaztelaniaz idatzita nituen erreportajeetan pertsonaia gehiago azaltzen ziren; historialari bat, fisikoa, zentraleko langilea? idazkera sinplifikatzeko asmoz, pertsona guzti horiek bi pertsonaia prototipikoetan biltzea erabaki genuen. Baina, esan bezala, Julia eta Igorren istorioak bertan ezagutu genuen jendearen istorio errealak dira. Bertan, likidatzaile bat zegoen minbizia izan zuena eta osasun arazo handiak dituena oraindik ere, gizon hori Vasili Kovaltxuk da baina, izena aldatu genion beste kontu batzuk gehitu genizkiolako eta liburuan Igor bera da. Svieta Volotxai dugu bertako beste emakume bat, zentrala lehertu zenean hamahiru urte zituen eta gaur egun irakaslea da Txernobiletik oso gertu dagoen herri batean. Bera da Julia, liburuan.
Erreportaje antzekoa dela esan daiteke orduan?
Bai. Oinarria, berez, hori da. Uste dut erreportajeak ere narrazioak direla eta kasu honetan formatuak eska-tzen zituen aldaketak egin genituen kontakizuna sinplifikatzeko.
Aurrerantzean zer duzu buruan? Abentura berriren bat akaso?
Boliviari buruzko liburu bat idazten hasi nintzen iaz eta nahiko aurreratuta daukadan arren, bukatzeke daukat. Nire proiektu pertsonaletan sartzeko gogoa ere badaukat, bidaiatzekoa ere?