Zergatik idazten du Iban Zalduak? "Nik uste dut galdera horri ezin zaiola erantzun berdina eman beti, idaztera bultzatzen zaituena ez delako beti kontu berbera. Ez diakronikoki (bizitzaren etapa ezberdinetan bulkada bat egon ohi da besteen gainetik), ezta sinkronikoki ere (idatzi jakin bati ekiteko gogoa, pizgarria edo beharra ez da beti bera izaten). Beraz, motiboen zerrenda bat egitea beste irtenbiderik ez dago; nik hauek aipatuko nituzke, inolako hierarkizaziorik egin gabe: 1) Irakurketaren plazerra luzatzea. 2) Ligatzea (ideal platoniko bezala, noski: emaitzak ez du inoiz bat egin asmoarekin, nire kasuan behintzat; utz dezagun, beraz, "komunikatzeko nahian"...). 3) Inbidia. 4) Memoriaren alternatiba bat bilatzea (edo, nahiago baldin bada, norberaren memoria osatzea). 5) Inbidia ematea (Augusto Monterrosok zioen bezala, "idazteko nire pizgarririk handiena nire izena egunkarian ikusi ahal izatea da, eta lagunen bat, ikustean, minberatzea"). 6) Gauzen egoerarekiko nire desadostasuna islatzea. 5) Kapritxoa (eta jolasteko gogoa). 6) Letraz gaixo egotea. 7) Testigantza pertsonal eta transferiezin bat transferigarri bihurtzen saiatzea. 8) Mundua eta bizitza (une batzuez) alde batera utzi ahal izatea, eta (fama txarra duen arren). 9) Ohitura (urteen poderioz horixe bihurtzen baita, askotan, idaztea: ohitura bat, ez halabeharrez txarrenetakoa). Baina motibo horietako gehienek, guztiak ez badira, ez dute azaltzen zergatik arte-adierazpen guztietatik idaztea hautatu nuen. Eta horrek, halabeharrez, irakurketaren gaira itzularaziko ninduke. Beraz, erantzun sintetikoa hauxe litzateke, ziurrenik: irakurtzen dudalako idazten dut".
Idazle hasiberrientzako aholkuak eskatzerakoan, honako hau bota digu donostiarrak: "Leiendak dioenez, Raymond Carverrek, idazketa tailer bat zuzendu zuelarik, ez zien ikasleei irakasten nola idatzi behar zuten: antza, irakurgaiak baino ez zizkien agintzen (ikasle haietako batzuen haserrerako). Ni, funtsean, ados nago Carverrekin: irakurketa da idazketaren eta idazletzaren oinarria, eta, beraz, asko, etengabe irakurtzea aholkatuko nioke. Denetik, omniboroki, konpultsiboki, baina literatura garaia zer den sekula bistatik galdu gabe; horretan, jakina, ez dago iritzi bateraturik, baina, zorionez, esango nuke ardatz batzuen inguruko kontsentsua behintzat badagoela (literatura ona zer ez den jakiteko, bederen). Eta emango niokeen bigarren aholkua, dena den, hauxe da: sekula ez egiteko jaramonik idazle zaharrago baten aholkuei".